Gaur eta igandera arte 'online' egingo dute Gipuzkoa Encounter 16

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 18a, 14:21

COVID-19aren aurkako neurri soziosanitarioak direla medio, antolatzaileek formatu birtuala mantentzea erabaki dute Tolosako Usabal kiroldegira itzuli beharrean.

Gaur hasiko da Gipuzkoa Encounter 16 online. Parte hartzaileak arratsaldeko lehenengo orduetatik hasiko dira beren etxeetatik ekitaldira konektatzen eta programatuta dauden teknologia-munduko gaurkotasunarekin lotutako dozenaka lehiaketa, jolas eta hitzalditan parte hartzen. Antolatzaileek aipatu dutenez, gaur hasiko den ekitaldia heziketa-apustu erakargarria izango da eta jardueraz betetako egitarauaz gozatu ahal izango dute parte hartzaileek.

Topaketa igandera arte luzatuko da eta online egingo da, aurreko bi urteetan bezala. COVID-19aren aurkako neurri soziosanitarioak direla medio, antolatzaileek formatu birtuala mantentzea erabaki dute Tolosako Usabal kiroldegira itzuli beharrean. Gipuzkoa Encounterrak 400 plaza birtual izango ditu, topaketa presentzialak Usabal kiroldegian izango lukeen kopuru bera, eta doakoa da parte hartu nahi duten guztientzat.  

Gipuzkoa Encounterrek formakuntzaren alde apustu egingo du aurten ere, besteak beste, 3D inprimaketa, segurtasun informatikoa, bideo-jokoen industria, programazioa edo NFTak (aktibo digitalak) jorratzen dituzten 20 hitzaldi eta prestakuntza tailerrekin. Interesa dutenek, parte hartzaile izan edo ez, bilkuraren YouTubeko kanalaren bidez emango diren hitzaldiak ikusi ahal izango dituzte doan. Programazio osoa webgunean kontsulta daiteke: https://ge16.gipuzkoaencounter.org/conferencias-y-talleres.html. Era berean, nahi duenak topaketa jarrai dezake Euskal Encounterreko Twitch kanaletik igorriko den programaren bidez: https://www.twitch.tv/euskalencounter/

Parte hartzaileek partyaren hainbat arlotara sartzeko aukera izango dute Discord tresna digitalean sortutako ‘areto birtualen’ bidez. Horrela, gainerako parte hartzaileekin hitz egin eta programak eskaintzen dizkien dozenaka proposamenetan parte hartu ahal izango dute. Zehazki, asteburu honetan, arte digitaleko 17 lehiaketa egingo dira, gai askoren inguruan: musika digitala, argazki ukituak, film laburrak edo 3D grafikoak, hamar bideo-joko txapelketa, software libreko erronkak eta hardware tailerrak, besteak beste.

Bilkura Euskaltel Fundazioak antolatu du, Euskaltelen, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune departamentuaren eta Eusko Jaurlaritzako Garapen eta Azpiegitura sailaren (SPRI-ren bitartez) laguntzarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!