Tolosa CF-ko atletek asteburuan emaitza nabarmenak lortu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 16a, 11:57

Beste klubetan dauden eskualdeko zenbait atleta ere nabarmendu dira azkenaldian jokatu diren pista estaliko Espainiako txapelketetan, tartean dominak jantziz.

Tolosa CF atletismo taldekoek emaitza nabarmenak izan dituzte asteburuan parte hartu duten txapelketetan. 20 urtez azpiko pista estaliko Espainiako Txapelketan, esaterako, bost atletak parte hartu zuten. Iker Esnaolak hirugarren postua lortu zuen pisu jaurtiketan, bere marka ia metro batez onduaz, eta 15,03 metro eginez.

Irati Azpilgain bere aurtengo marketatik ez zen urrun ibili, baina bai 60 metroetan (7,99) zein 200 metroetan (25,87), eta ez zuen nahikoa izan finalerdietan sartzeko. Mikel Irastortzak marka polita egin eta finalerdietara igarotzea lortu zuen 60 metro hesietan 8,49rekin. Finalerdietan ere txukun ibili zen eta finaletik postu bakarrera gelditu zen (8,54). Mikel Ezkerrok, aldiz, ez zuen zorterik izan eta 8,55rekin ezin izan zuen finalerdietara igaro. Ainhoa Murua pista estaliko Espainiako Txapelketa batean estreinakoz lehiatu zen eta indarrak ez zituen ondo neurtu 400 metrotan polikiegi hasiz. Ezin izan zuen bere marka pertsonala ondu eta 1.00,44ko denbora egin zuen.

Bestalde, igandean maila txikietako Espainiako Kros Txapelketa izan zen jokoan. Manex Civicok lasterketa bikaina egin zuen eta aurreko postuetan ibili zen hasieratik bukaeraraino. Helmugan, 15. izan zen atleta tolosarra eta taldeka 4. izan zen euskal selekzioa. Ane Martin 64. eta Naroa Rojo 66. izan ziren, eta taldeka 12. izan zen euskal selekzioa.

Azkenik, Euken Fernandez atleta amezketar gazteak 16 urtez azpiko Euskadiko Txapelketa irabazi zuen asteburuan xabalina jaurtiketan. 600 gramoko xabalina 42,82 metroraino jaurtitzea lortu zuen, bigarrenari 10 metrotik gora ateraz.

ESKUALDEKO BESTE ATLETAK

Tolosa CFko atletez gain eskualdeko beste atleta batzuk ere nabarmendu dira azkenaldian pista estaliko Espainiako txapelketetan. Absolutu mailan Real Sociedad klubeko John Cabang irurarra 60 metro hesietan finalerdietan sartu zen denboraldi bikaina borobilduz, hirugarren izan baitzen 23 urtez azpikoan. Atletico San Sebastian klubeko Maria Lasa irurarrak, hiru urtez min hartuta egon ondoren, 800 metroko bere marka hobetu zuen 23 urtez azpikoan eta 5. gelditu zen, 2.08,34rekin. Absolutu mailan finalerdietara iritsi zen. Real Sociedad klubeko Ander Martinez De Rituerto tolosarra 9. izan zen pertika jauzian, absolutu mailan. 20 urtez azpikoan, berriz, brontzea lortu du, eta 5,12 metroko jauziarekin 20 urtez azpiko Gipuzkoako errekor berria ezarri du. Klub berean dagoen eta pertika jauzian lehiatzen den Mario Estanga tolosarrak 20 urtez azpikoan 10. egin du 4,32 metroko jauziarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!