Elkarrizketa

«Haurrentzat udan gurera etortzea arnasa hartzea da»

Asier Imaz 2022ko mar. 16a, 19:58

Udan haur sahararrak harreran hartuko dituzten Tolosaldeko familiak behar dituzte; zortzi urteko neska-mutilak etorriko dira aurten, errefuxiatuen kanpalekuetatik. Ana Trapero tolosarrak koordinatzen du ekimena eskualdean martxan jarri zenetik.

Osasun egoeraren ondorioz izandako bi urteko etenaldia eta gero, haur sahararrak udan harreran hartzeko Oporrak Bakean programa abian da berriro. Zortzi urteko sahararrak dira aurten gurera etorriko direnak, eta harreran hartu nahi dituztenek 645 710 789 zenbakira deitu, tolosaldeasahararekin@gmail.com edo oporrakbakean@gmail.com helbidera idatzi edo Oporrakbakean.eus webgunera jo dezakete. Martxoaren 27ra arte egongo da horretarako aukera. Gainera, martxoaren 18an, 19an eta 20an Oporrak Bakean programari buruzko erakusketa egongo da Tolosako kultur etxean, goizez eta arratsaldez, eta etzi, martxoaren 18an, 18:00etan kultur etxean bertan bilera egingo dute programaren inguruan informazioa eman eta zalantzak argitzeko.

Zer da Oporrak Bakean programa, eta nolakoa izango da aurtengoa?
Tolosaldean 2000. urtean hasi zen udan haur sahararrak harreran hartzeko ekimena. Aljerian kokatuta dauden errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren sahararrak dira gurera etortzen direnak. Aurtengoan, zortzi urteko haurrak etorriko dira, hau da, lehen aldiz kanpalekuetatik irtengo direnak, eta asmoa da, gutxienez, Tolosaldean 15 familiak izena ematea.

Lehen aldiz kanpalekuetatik irteten den gaztetxo batentzat zer suposatzen du ekimenak?
Batetik, osasun azterketak egiten zaizkie, eta hemen egingo duten egonaldian elikadura osoagoa izango dute. Horrekin batera, udan basamortuan izan ohi den muturreko tenperatura ekidin ahal izaten dute. Beraiek sekulako ilusioarekin etortzen dira. Itsasoa, mendiak, ibaiak... lehen aldiz ikusteko aukera izaten dute. Beraz, haur hauentzat une honetan Euskal Herrira etortzea arnasa hartzea da. Haurrei beste aukera bat ematen zaie, bi hilabetez behintzat disfrutatu dezaten. Gainera, sahararrek bizi duten egoera zabaltzen dute gaztetxoek. 

Tolosaldean gutxienez 15 familiak izena ematea jarri duzue erronka moduan.
Bi urteko etenaldia egon da, eta ia zerotik hastea bezala izango da. Erronka handia da, baina, badakigu Tolosaldean saharar herriarekiko elkartasun handia dagoela, beraz, lortuko dugula uste dugu.  


Harrera familiek nolakoak behar dute izan?
Haurrak dituztenak, ez dituztenak, gazteak, jubilatuak, pertsona bakarrekoak... Azken batean behar dena da esperientzia aberats eta berri hau bizitzeko gogoa eta ilusioa.

Nolakoa izan ohi da egonaldia?
Haurrak ekaina bukaeran etorri ohi dira, eta abuztu bukaeran itzultzen dira. Hasierako egunak mediku azterketak egiteko baliatzen ditugu eta igeriketa ikastaroak ere egiten dituzte. Arduradunak babesa ematen die bai familiei bai eta haurrei ere, edozein zalantzaren aurrean, eta saharar begirale bat ere izaten dugu laguntzeko. 

Nolakoa da une honetan bertako egoera?
COVIDagatik egoera gogorra bizitu dute, eta 2020ko azarotik gerran daude, beraz, familietako gizonezko gehienak gudan daude. Pentsa, duela urte asko harreran gurera etorritako haurrak gerran daude une honetan. Hori oso gogorra da. Berezko egoera errefuxiatuentzat gogorra bada, are eta gogorragoa da une honetan, pandemiagatik eta gerragatik. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!