Tolosaldeko ospitale publikoa

Alkateek utzikeriaz jokatzea egotzi diote Osasun Sailari

Jon Miranda Labaien 2022ko mar. 15a, 17:23

Gipuzkoako Lurralde Ordezkariak uko egin dio oraingoz Alkateen Mugimenduarekin biltzeari eta hauek «deskortesiatzat» hartu dute erantzuna 

Alkateen Mugimenduak uste du Asuncion ospitaleak benetako arazo «larriak» dituela eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatearekin. Ospitaleko zuzendaritzak eta Osasun Sailak egoerari konponbide egokirik ez diotela ematen esan dute mugimenduaren izenean hitz egin duten Amasa-Villabonako, Ibarrako, Alkizako eta Asteasuko alkateek.

Otsailaren 10ean ospitaleko langile batzordearen ordezkariek agerraldia egin zuten barne-medikuntzako unitatearen itxiera eta beste gabezia batzuk salatuz. Hori ikusita Alkateen Mugimenduak bilera eskatu zion Juan Manuel Sanzori, Osasun Saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkariari, «gertatzen ari zenaz informazio zehatza lortzeko eta Osasun Sailak daraman kudeaketaren berri izateko». Aurreko astean jaso zuten bilerarako Gipuzkoako Lurralde Ordezkariaren ezezkoa.

Beatriz Unzuek azaldu duenez, Sanzo jaunak ez omen du beharrezkoa ikusten alkateekin biltzea: «Bidali digun erantzunean argudiatzen duenez, ospitalearekin etengabeko harremanean omen daude langile horniduraren bilakaera jakiteko, eta prozesu horretan ari direnez, goizegi iruditzen omen zaio gurekin biltzea, ospitalearen egoerari eta etorkizunari buruzko ondorioez hitz egiteko».

Alkateen mugimenduak «deskortesia» hitza erabili du Gipuzkoako Lurralde Ordezkariaren erantzuna baloratzeko. Herritarren ordezkariei bilera egitea ukatzea larria iruditzen zaie, baina harago jo dute alkateek eta utzikeriaz jokatu izana egotzi diote Osasun Sailari. «Asuncion ospitaleko mediku taldearen gorabeherak ez dira berriak eta hilabete baino gehiago pasa da langile batzordeak egindako salaketatik. Denbora nahikoa egon da neurriak hartzeko», aipatu du Unzuek mugimenduaren izenean.

Inaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak gaineratu du, ez dela balekoa Sanzoren erantzuna eta eskualdeko alkateek gai honetan zeresana badutela eta informazio zuzena merezi dutela aipatu du: «Mediku zerbitzua etengabe kolokan dago, profesionalen joan-etorriak etengabeak dira eta ez dago ekipo finkorik. Uste dugu egoera honek konponbidea behar duela lehenbailehen».

Zuzendariaren hitzak

Maria Caballero Asuncion ospitaleko mediku zuzendariak komunikabide batean egunotan egin dituen adierazpenak irakurrita, «zur eta lur» geratu direla aipatu dute Alkateen Mugimenduko ordezkariek. «Batetik, kontraesanean daude Sanzo jaunak esandakoarekin, adierazten baitu barne medikuntzako taldea osatzen ari dela, mediku berriak kontratatzen ari direla eta martxoan zerbitzuak osorik egongo dela dio elkarrizketan; bestetik, garrantzia kentzen dio ospitalearen egoera kezkagarriari esanez arrazoi politikoak goraipatzen direla».

Eskualdeko ospitale publikoa da «benetako konponbidea» Alkateen Mugimenduaren iritzian eta ahalik eta azkarren errealitate bihurtu behar dela uste dute.  Ibarrako alkatearen esanetan, bereizmen handiko zentro bat egiteko asmotan dabil Osasun Saila eta esan du alkateek horren inguruko informazio ez dutela jaso azpimarratu du Igor Zapirainek: «Asuncion ospitalearekin zer gertatuko den galdetu dugu eta ez digute erantzun. Gainera, dagoeneko aurreikusten den eraikinaren inguruan hitz egin dute, plan funtzionala jorratzen ari diren bitartean. Uste dugu ordenak alderantzizkoa beharko lukeela, plan funtzional egin beharko litzatekeela lehenik eta ondoren erabaki zein eraikin klase egin».

Alkateen mugimenduak, dena den, Osasun Sailarekin elkarlanean aritzeko prestutasuna agertu du, «Tolosaldean behar duen ospitale publikoa lehenbailehen errealitate izateko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!