Atarikideek onura izango dute aitorpenean

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 16a, 07:57

Atarikideek %30eko hobaria izango dute aurtengo errenta aitorpenean, iaz bezala; ogasunak jakinarazpena igorriko die.

Pasa den urtean bezala, aurten ere hobaria izango dute Atarikideek, errenta aitorpenean. Gipuzkoako Foru Aldundiak interes orokorreko xedeen esparruan lehentasunezkotzat jotzen diren jardueren zerrenda bat egiten du ekitaldi bakoitzeko, entitate onuradunak zein diren eta jarduera horiei zer beharkizun eta baldintza bete behar dituzten zehaztuta. Iaz euskararen esparruko lehentasunezko jardueretan herri eta eskualde mailako euskarazko hedabideak zehaztu zituzten lehen aldiz, eta aurten ildo bera jarraituko du. Horiek horrela, Tolosaldeko Ataria lehentasunezko jarduera izendatu du berriz ere eta ondorioz, lehentasunezko mezenasgo jardueretan jarraitzen du. 

Mezenasgoa
Entitate onuradunak, kasu honetan Ataria-k, 2021eko urtean zehar zenbait jarduera eta programa egin dituela adierazi du,  2021. urterako mezenasgoko lehentasunezko jarduerak aitortuz eta ezarritako betebeharrak betez. Horrela onartu dute diputatu nagusiaren foru dekretu bidez. 
Atarikide guztiek, hau da Tolosaldeko Ataria-ren harpidedunek, 2021. ekitaldian egindako ekarpenaren araberako onura fiskal bat jasoko dute aurtengo errenta aitorpenean. 3/2004 foru arauan araututako lehentasunezko jarduerek %30ko kenkaria dutela zehazten dute. 

Hau da, Atarikide harpide batek 83 euroko kuota ordaindu badu horren %30a bueltatuko dio ogasunak aurtengo errentan. Atarikide Digitalen kasuan ere berdin, 55 euroren %30. Onura hori onartua izan dela dioen gutun bat jasoko dute Atarikideek etxean, jakinarazpena besterik ez da, ogasunak adierazi du zuzenean gurutzatu dituela datuak eta beraz Atarikideek ez dute inongo izapiderik egin beharko. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!