Errigorako produktuak eskatzeko aukera dago

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 15a, 09:59

Hilaren 30era bitarte egin ahalko dira eskaerak, Errigoraren webgunearen bitartez edota herrietako ohiko lekuetan.

Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina martxan da. Hilaren 30era arte bertako oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz, pasta eta lekale-sortak eskatu ahal izango dituzte herritarrek, euskaraz etiketatuta eta, auzolanari esker, ekoizlearen jatorrizko prezioan. Nafarroako Hegoaldeko eta Erdialdeko euskalgintzako proiektuak bultzatzeko erabiltzen da bildutako dirua.

Errigoratik azaldu dutenez, 2014an kanpaina martxan jarri zutenetik, gero eta gehiago dira bat egiten duten herritarrak, eta baita ekoizteko erak aldatzen ari diren nafar ekoizleak ere. «Iazko kanpainan, esaterako, 8.200 etxetara iritsi ginen eta 109.000 litro olio, 245.000 ontzi kontserba eta 30.000 pakete arroz eta pasta banatu genituen».

Aurtengo kanpaina Oinak lurrean lelopean abiarazi dute: «Hazi egin nahi dugu, bai, baina ez edonola. Errigoraren filosofiarekin bat eginez, lurrarekiko eta bertan bizi garenokiko errespetuz hazi nahi dugu». Ekimenaren bidez, lur-eremu berriak bestelako ereduen esku jarri dituzte, eta merkatuaren logikan eta kanpora bidaltzen ziren produktuak Euskal Herrian beste eredu batean kontsumitu daitezen lortu dute.

Bestalde, esan duenez, ekoizleei euskaraz kontsumitu nahi duen komunitate handi bat parez pare agertzean, euskararen posizionamendua aldatu egiten da eta balio praktikoa eransten zaio hizkuntzari. Horrela azaldu daiteke, euren aburuz, Errigorako ekoizle guztiek 2023rako enpresetan euskara-planak abiatzeko hartutako konpromisoa.

Bada, Tolosaldeko herritarrek eskaerak Errigoraren webgunean egi ditzakete, eta baita, hainbat herritan jarri dituzten puntuetan ere.

SASKIEN ZOZKETA ATARIAN

TOLOSALDEKO ATARIA-ren bitartez ere izango da Errigorako produktuak dastatzeko aukera. Izan ere, beste urte batez, eskualdeko hedabideak bat egin du Errigorarekin, Atarikideen artean zozketa berezia egingo du. Hain justu, Nafarroa hegoaldeko kalitatezko produktuekin osatutako bi saskiren zozketa izango da aste honetan, eta baita hurrengoan ere. Aste honetako zozketan parte hartzeko Ataria.eus-en zozketen atalean sartu beharko da, eta Atarikidearen datuak sartu beharko dira, osteguna 11:00ak baino lehen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!