Fernando Tercerok irabazi du XVIII. Aiztondo Klasikoa

Leyre Carrasco 2022ko martxoaren 13a

Mantxako txirrindulariak irabazi du azken kilometroan, helmugatik 35 kilometrora lehen erasoa egin ostean.

Goizeko hamarretan eman diote hasiera 2022ko Espainiako Kopari. 25 talde izan dira aurtengo lasterketan parte hartu dutenak, guztira 175 txirrindulari. Larrauletik abiatuta, parte hartzaileek 140 kilometroko ibilbidea egin behar izan dute Aiztondoko herrien barrena. Ziztu bizian eman diote hasiera lasterketari, eta lau txirrindulariek osatutako erasoaldi bat sortu da lehen kilometroetan. Bertan, Diego Uriarte erratzuarra (Lizarte taldea)  eta Astigarragako Telmo Senperena (Eibar Energia Hiriko taldea) txirrindulariak aurkitzen ziren, Espainiako beste bi txirrindulariekin batera. Azken bi itzulietan, ordea, Fernando Tercerok (Eolo-Kometa Cycling Team) eta Sinuhe Fernandezek (Lizarte taldea) erasoa jo dute, aurre hartuz.

Azkenean, azken kilometroetan Tercerok erasoa jo du Fernandez atzean utziz. Fernandezek atzetik zituen Mikel Retegi eta Pablo Castrillo taldekideak, baita Mikel Mugica (Telco'm - On Clima - Osés) legazpiarra ere,  eta aurrera egitea lortu dute. Hala ere, Tercerok bere postua mantendu du, Alkizako helmuga lehenengo zeharkatuz. Hurrengo bi postuak Nafarroako Lizarte taldeak eskuratu ditu. Hain zuzen, Mikel Retegirentzat izan da bigarren postua, eta hirugarrengoa berriz, Pablo Castrillorentzat.

Txapela jantzi ez ezik, lasterketako irabazlea izan den Tercerok ere mendiko saria jaso du. Baina ez da bi sari eraman dituen bakarra izan. Dinamarkako Christian Gorm (Smartdry Development Team) txirrindulariak sprin berezienaren eta tarteko helmugetako irabazlearen sariak eraman ditu etxera. Podiumera bi ordezkari igotzeaz gain, taldean sekulako erakustaldia eskaini duen taldekako saria jaso du Nafarroako Lizarte taldeak. Azkenik, aurtengo Espainiako Kopako Elite mailako liderrari dagokion elastikoa Angel Coterillok (Gomur-Cantabria Infinita) jantzi du.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!