Saharar ordezkariek bilera egin dute Aiztondoko udal ordezkariekin

SEADko Kooperazio ministro Fatma Mehdik eta Euskadin Fronte Polisarioak duen ordezkari Mohamed Limam Mohamedek bisita ofiziala egin dute Amasa-Villabonara. Aiztondoko alkateekin, Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideekin eta Euskal Fondoko arduradunekin bildu dira.

Fatma Mehdi SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Kooperazio ministroa Amasa-Villabonan izan da gaur eta bertako udal ordezkariekin bildu da, baita Alkiza, Anoeta, Zizurkil eta Asteasuko alkateekin ere. Bisita ofizial honetan parte hartu dute Tolosaldea Sahararekin elkarteko kide Gregorio Eizagirrek eta Euskal Fondoko Saharar koordinazio unitateko arduradun Itsaso Anduezak. Mehdi eskertuta agertu da Aiztondoko udalerriekin: "Orain arte gure herriarekiko agertu duzuen elkartasunagatik esker ofiziala emateko modu bat da nire presentzia gaur hemen".

Gaur egun, Mendebaldeko Sahara, Maroko eta Mauritaniaren mugetatik gertu, Aljeriako Tindufen kokatutako kanpamentuak 5 wilayata edo barrutitan antolatuta daude. Wilaya bakoitza Mendebaldeko Saharako hiri garrantzitsuenetako baten izena jaso du: Aaiun, Smara, Dajla, Auserd eta Bojador. Azken honetan dauden hiru dairetako ba da Agti eta herri horrekin senidetuta dago Amasa-Villabona 2014. urtetik. Bertakoa da SEADko Kooperazio ministroa. "Niretzat ohore bat da hemen egotea, jakin badakidalako Amasa-Villabonak lankidetza ibilbide luzea duela ez bakarrik Saharako herriarekin, baita El Salvador, Palestina eta munduko beste hainbat herrirekin ere".

Elkartasun ekimenak hartu ditu aintzat Mehdik eta Oporrak Bakean programarekin batera, martxan jartzen diren emergentzia planak eta elkartasun ekimenak azpimarratu ditu. Amasa-Villabonan egon da Mohamed Liman Mohamed Euskadin Frente Polisarioak duen ordezkaria. Bereziki gogoan hartu du abendua hasieran Euskal Herritik abiatu zen 4x4 karabana. "Adunak eta Asteasuk, esate baterako, ibilgailu bana eman zuten dohaintzan eta Leyre Carrasco eta Irati Saizar kazetariek ikaragarrizko lana egin zuten karabanaren berri emanez. Tolosaldea Sahararekin elkartearen eskutik joan ziren bertara, eta besteak beste, TOLOSALDEKO ATARIAn eman zuten horren berri. Oso baliotsuak dira egin zituzten erreportaje grafikoak gatazka honi ikusgaitasuna emateko".

Gerra egoeraz

Euskal Herritik iristen zaien laguntza eskertu du SEADren ministroak, "bereziki une honetan". Pandemiaz gain gerra egoeran daudela gogoratu du Mehdik eta gaineratu du errefuxiatuen egoera "konplikatua" dela. Horregatik emergentziazko laguntza humanitarioaz harago, estrategikoak diren proiektuak gauzatzeko eskaera luzatu du. "Ez badago plan garbi bat, agenda zehaztu bat eta ekarpen berriak egiteko borondaterik, gu ez gara negoziazioetara itzuliko. Bermerik gabe ez goaz pausoa ematera. Badakigu luze joko duela eta gerra ez da inorentzat desiragarria, baina ejerzitoen arteko desoreka handia izan arren, gure herriaren prestakuntza militarra garrantzitsua da".

Gerra egoera honek dakartzan ondorioei buruz hitz egin du Itsaso Andueza Euskal Fondoko Saharar koordinazio unitateko arduradunak. "Guretzat erronka da hango informazioa hona helaraztea. Azkeneko urtebetean bakarrik, Euskal Fondoak finantzatu duen proiektu batean parte hartzen ari zen kamioi bat bonbardatu dute eta Oporrak Bakean programarekin Bermeon izan den ume bat hil dute. 4.000 pertsona gehiago daude kanpamenduetan eta horren berri ez daki hemengo jendeak. Erronka bat da guretzat informazio hori zabaltzea, baina baita obligazioa ere". Euskal Fondoko kide izan eta Saharako hainbat proiektu finantzatzen dute Tolosaldeko herriek. "Konplexutasun handiko lana da Sahararekiko lankidetza lana, COVID-19agatik ez bada gerragatik, azken hilabeteetan soilik karabanen bitartez helarazi ahal izan dugu laguntza kanpamenduetara eta horrek egoera zaildu egiten du".

Elkartasun ekimenak Tolosaldean

Tolosaldea Sahararekin elkarteko Gregorio Eizagirrek ongi etorria eman die SEADko eta Fronte Polisarioko ordezkariei. Eskualdeak orain arte egin dituen ekarpenekin kontentu agertu da Eizagirre. "Abenduko karabanan joan ziren ibilgailuetatik bi eskualdetik atera ziren eta parte hartu genuen 50 lagunetatik 11 Tolosaldekoak ginen. Sahararekiko elkartasuna oso errotuta dago hemen". Proiektuekin jarraitzeko konpromisoa agertu du Tolosaldea Sahararekin elkarteko ordezkariak. "Etengabeko borroka da bi herriona eta Mendebaldeko Sahara eta Euskal Herriaren askatasuna lortu arte jarraituko dugu ahalegina egiten".

Aiztondoko alkateek elkartasuna adierazi diete Saharar herriko ordezkariei eta konpromisoa hartu dute, besteak beste, Oporrak Bakean programarako familiak lortzeko. Pili Legarra Asteasuko alkateak askapen prozesuetan emakumeen parte hartzea jarri nahi izan du mahai gainean: "Herrien etorkizunean emakumeen parte hartzea oso garrantzitsua da; emakumeak inplikatzen badira eraldaketak etorri egingo dira eta tantaz tanta itsasoa osatzen joango da. Pozten naiz zuen herrian ere pauso horiek ematen ari zaretela ikusita". Mehdi SEADko ministro izan aurretik Emakume Saharauiarren Batasuneko idazkari nagusia izan zen eta harremana izan zuen Euskal Herriko hainbat erakunderekin. Azken urteetan Mendebaldeko Saharan emakumeen ikusgaitasuna handitu egin dela esan du. "Hainbat proiekturen gidaritzan ari dira gaur egun emakumeak".

Xabat Laborde Amasa-Villabonako alkateordeak aipatu du  ohore bat dela Saharako ordezkaritza herrian jasotzea. "Gure egitekoa da Saharar herriarekiko elkartasuna adieraztea eta elkartasun horrek politikoa ere behar du izan. Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidea defendatzea dagokigu ordezkari politikooi. Aldi berean, zuen herria zein egoeretara eraman duten ikusita, ezinbestekoa iruditzen zaigu laguntza humanitarioa bideratzea eta alde horretatik lankidetzan jarraituko dugu Euskal Fondoa eta Tolosaldea Sahararekin elkarteekin. Akuilu lana egiten dute eta eskertzen diegu beti hor egotea".

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!