Babestutako edukia

Kalitatezko eskaintza, berritzailea eta gertukoa

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 10a, 11:57
IƱaki Paz Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko zuzendaria. TOLOSALDEA LHII

Datorren ikasturterako prestatzen hasi dira Tolosaldea LHII-n; ikasle berriei eskaintza aurkezteko, ate irekien saioak egingo dituzte martxoan eta maiatzean.

2021-2022 ikasturtea duela gutxi hasi genuela dirudien arren, geroz eta gertuago dago iraila, eta Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan jada hasi dira kurtso berrirako prestaketa lanekin. Ate irekien jardunaldiak antolatzea izaten da lehen urratsa; ikastetxea eta eskaintzen dituzten zerbitzuak bertatik bertara ikusi eta ezagutzeko aukera izaten dute Lanbide Heziketan bere ibilbidea hasi nahi duten ikasle berriek.

Tolosaldea LHII-k ate irekien bi saio egingo ditu. Datorren astean izango da lehena, martxoaren 15ean, 16an eta 17an. Bigarrena, berriz, maiatzaren 10ean, 11n eta 12an. «Saio bakoitza hiru egunez luzatu dugu, interesa dutenek ezagutu nahi dituzten ziklo guztiak ikusi ahal izan ditzaten», esan du Iñaki Paz institutuko zuzendariak. Arratsaldez izango dira ate irekien saioak, 16:30ean hasita, ikasleak eta euren gurasoak «erosotasunez» bertaratu daitezen. «Data eta ordu horietan etorri ezin dutenek, goizez etortzeko aukera dute. Horretarako, gurekin harremanetan jarri behar dute, saio berriak antolatu ahal izateko», gaineratu du.

Horrez gain, inguruko eskola nahiz institutuentzako bisitak ere antolatzen dituzte, goizetan. «Gure egiteko modua eta gure gertutasuna ezagutzeko balio dute ate irekiek. Beharrezkoak eta interesgarriak iruditzen zaizkigu horrelako ekintzak, gizarteko eragile garrantzitsu bat izan arren, ez gaituztelako nahi genukeen bezain beste ezagutzen», azaldu du zuzendariak.

Azken urteotan, eraldaketa handi batean murgilduta dago Lanbide Heziketa, eta Pazek aitortu duenez, Tolosaldea LHII-k ere jakin du prozesu hori jarraitzen: «Eskola ezagutzen ez dutenak edo aspaldi etorri gabe daudenak, harrituta geratzen dira metodologia eta instalakuntza berritzaileekin, baita gaur egungo Lanbide Heziketaren mailarekin ere. Horiei konfiantzazko eta gertutasunezko espazio bat eskaintzea da gure asmoa, zer garen, nola lan egiten dugun eta gure helburuak zeintzuk diren helaraziz», nabarmendu du Pazek.

Eskaintza berrietarako ikasle gehiago

Ikasturte berriari begira, erdi mailako sei ziklo eskainiko dituzte: Merkataritza jarduerak, Mekanizazioa, Soldadura eta galdaragintza, Instalazio elektriko eta automatikoak, Mikroinformatika sistemak eta sareak eta Natur inguruneko eta aisialdiko gidaritza. Horiez gain, goi mailako bederatzi ziklo ere izango dira: Instalazio termikoak eta fluidodunen mantentzea, Eraikuntza metalikoak, Administrazioa eta finantzak, Mekatronika industriala, Fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa, Automatizazioa eta robotika industriala, Sare informatika sistemen administrazioa, Egokitzapen fisikoa, eta Gizarte eta kirol irakaskuntza eta animazioa.

Aipatutako ziklo horien artean, kirol arloko bi zikloak izan dira aurtengo ikasturteko berritasunak. Hori dela eta, ikasle gehiago dituzte orain institutuan. «Azken urteetan gorakada nabarmena izan dugu ikasleen kopuruari dagokionez, eta gaur egun, inoiz baino ikasle gehiago ditugu. 600 ikasle baino gehiago aritzen dira goizez, hezkuntza arautuan, eta 250 ikasletik gora arratsaldez, langile eta langabetuentzako ikastaroetan», adierazi du zuzendariak.

Ate irekien saioetan parte hartu nahi duten herritarrek, Tolosaldea.hezkuntza.net webguneko inprimakia betez eman behar dute izena. Aurrematrikularen kasuan, data zehaztu gabe dute oraindik, baina ekaina hasieran izango dela aurreratu du Pazek; zuzendaria itxaropentsu azaldu da izan dezakeen erantzunarekin: «Gure aurreikuspenak baikorrak dira; azken urteetan izan dugun joera ikusita, matrikula arrakastatsua espero dugu».

TOLOSALDEA LHII

Ate irekiak:

  • Lehen saioa. Martxoak 15, 16 eta 17.
  • Bigarren saioa. Maiatzak 10, 11 eta 12.
  • Izen ematea. Tolosaldea.hezkuntza.net/eu/ate-irekiak web-orrian dagoen inprimakia bete behar da.
  • Helbide elektronikoa. idazkaritza@tolosaldealh.eus.
  • Telefonoa. 943 65 11 47.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!