ELKARRIZKETA

«Eskola bezala badu bere ardura praktika horiek euskaraz bilatzeko»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mar. 12a, 07:57

Emun kooperatibako aholkulariek urteak daramatzate euskarak lan munduan duen garrantziaz saioak ematen Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko ikasleei enpresetan praktikaldia hasi aurretik.

Emun kooperatibako aholkularia da Ainhoa Lasa Agirre, eta Tolosaldea Lanbide Institutuan saioa emana du euskarak lan munduan duen garrantziaz. Euskaldunak emozionalki askeak izaten ikastea erronka handitzat du. «Askatasun bide horretan indartzea, askatasun hori erabiltzen ikastea eta besteei askatasuna ahalbidetzea» du helburutzat.

Zer da Emun?

Emun euskara eta berrikuntza soziala da. Guk berrikuntza soziala gizartean dauden erronkei erantzutea dela ulertzen dugu. Modu justuago batean, berdinago batean eta ahal dela erantzun iraunkor bilatuz. Gu nagusiki arlo sozio-ekonomikoan aritzen gara, eta hor erakundeen bidelagun izaten saiatzen gara. Gaur-gaurkoz, nagusiki hizkuntza kudeaketaren gainean, baina beste arlo batzuk ere ukitzen ditugu: berdintasuna, eleaniztasuna edo enpresen gizarte erantzukizuna. Horixe litzateke Emun momentu honetan, aholkularitza bat.

Euskara da zuen arlo nagusietako bat.

Nagusiki arlo sozio-ekonomikoan aritzen gara, baina egia da herrietan, hezkuntzan edo deitzen diguten beste leku batzuetan ere aritzen garela. Normalean erakundeetan izaten da, baina beste batzuetan pertsona jakin batzuekin ere izaten da, talde bat sortzen delako edo. Beti-beti ez, baina nagusiki erakundeetan eragiteko asmoz. Erakundeetan egiten den lan horrek gizartean aztarna utziko duela uste dugu, eta hori bada helburuetako bat.

Lan munduan sartuta euskarak badu garrantzirik?

Emunek justu aurten 25 urte egingo ditu. Hasi hiru lagun hasi ziren, baina gaur egun 90etik gora gara. Eskaerak badira. Hasiera batean gehien bat kooperatibak hasi ziren, eta poliki-poliki hori guztia zabaltzen ari da arlo askotara. Ez dugu lan egiten arlo pribatuan bakarrik, administrazioan ere aholkularitza lana egiten dugu. Baietz esango nuke, orokorrean, ikuspegia aldatu egin da. Enpresek eta lan munduak erantzukizun sozial bat dute, eta horri erantzuteko batzuk ahalegin handiagoa egiten dute eta beste batzuk txikiagoa.

Administrazioa aipatuta, 25 urteetan, jauzi handi bat ikusiko zenuten, ezta?

Bai. Gaur egun jada baditugu euskara hutsean aritzen diren udalak. Hori bada pista handi bat. Garai batean agian pentsaezina zen, eta gaur-gaurkoz, ez dut esango orokorra denik, baina normala ere bada. Hori bakarrik ez da udaletxean dagoen jendea, udal baten lanak, azken batean, arlo publikoa, herri maila,... guzti hori landu beharko luke. Zer esanik ez hezkuntzan egin den bilakaera. Euskalduntzean bakarrik izugarrizko lana egin da, eta esaterako, aisialdia, gaur egun, nagusiki euskaraz ulertzen da. Egia da, ordea, oraindik urrats izugarriak falta direla egiteko, baina bidaia hasita dago eta uste dut ez dela zalantzan jartzen. Hori ere bada beste garaipen bat; hau da, kolokan ez jartzea eta salbuespenak ez jartzea, salbuespenak egon arren. Denok dakigu hizkuntza eskubideak daudela eta zentzu horretan administrazioak betekizun bat dauka; bide luzea egin du, baina bide hori betetzeraino, oraindik, pila bat falta da. Hemen euskaldunak euskara hutsean bizi ezin dugula gaude. Guretzat, helduontzat, bada inportantea lan mundua, administrazioak kudeatzen dituen entitate guzti horiek, eta poliki-poliki gero eta elkarlan handiagoarekin badoa aurrera.

Ikasleak eta euskara hartuta, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuan izanak zarete euskarak lan munduan duen garrantziaz hausnartzen. Nola sortu da ekimen hori?

Orain dela urte mordo bat Buruntzaldeako udalak elkartu ziren, eta Baietz gurean proiektua sortu zuten. Lehenengo urratsa udalek enpresekin hitzarmenak egitea izan zen. Hainbat konpromiso adosten zituzten. Hasieran diagnostiko txiki bat egiten zuten, lantegia nola zegoen ikusteko, eta urrats batzuk emateko konpromisoak hartzen zituzten. Irudia aldatzea, lan hizkuntza euskara izan zedin urratsak ematea,... Bakoitzak bere konpromisoak hartzen zituen, eta puntuazio sistema bat tarteko, laguntza bat edo beste ematen zitzaien.

 

«Denok dakigu hizkuntza eskubideak daudela eta administrazioak betekizun bat du»



Lanbide Heziketan dauden gazteak ere lan mundura hurbiltzeko pronto zeuden, eta enpresekin hitzarmen horiek egiteaz gain, praktikak euskaraz ahalbidetu behar zirela ere adostu zuten. Lantxoak egiten hasi ziren. Batetik, enpresei hizkuntza euskara izatea eskatzen zitzaien. Agian, batzuetan ezin da enpresa oso txikia delako; lantaldea euskalduna izatea edo terrenoan sor zitezkeen arazo praktikoentzako konponbideak bilatzea izaten zen egitekoa. Hori enpresei eskatzen zitzaien, eta orduan, eskoletara ere joaten hasi ginen. Horrela, Buruntzaldeko Lanbide Heziketako zentro guztietara joan ginen justu praktikaldia baino pixka bat lehenago. Lan mundua egiten ari zen ahaleginaren gainean gazteekin gogoeta egiteko, eta hor beraiek ere beraien burua koka zezaten. Gero utzi bezala egin zen, besterik gabe. Proiektua nahikoa integrala zen. Enpresa bai, udalaren inplikazioa ere bai, baina lan mundurako jauzia emango zutenekin ere hitz egin beharra zegoen. Horrela josi zen proiektua.



Buruntzaldean hastean da, baina Tolosaldean ere praktikan jartzen duzue.

Baietz gurean proiektuaren garaian eskola guztietara joan ginen, gainera, udalak diruz lagundutako saioak izan ziren. Bi edo hiru urtez egin genuen guztietan. Alde batera geratu zenean, Tolosaldeak saio horiekin jarraitzea erabaki zuen. Tolosaldeak eskola bezala ere baduelako ardura praktika horiek euskaraz bilatzeko, eta ez da beti erraza izaten, eta gainera ikasleak ere inplikatu egiten ditu enpresen hizkuntza kudeaketaren jarraipena egin dezaten. Tolosaldeak inportantea zela baloratu zuen hitzaldi horiekin jarraitzea. Hitzaldi horietan enpresetan egiten diren prozesu guztiak nola egiten diren azaltzen diegu.



Behin ikastetxera joanda zein da zuen egitekoa?

Mezu nagusia lan mundua ahalegina egiten ari dela da. Beraiek joango diren enpresa guztietan ez daude Euskara Planak, baina askotan egongo dira, eta plana eduki gabe ere, euskaraz egiteko aukera eduki dezakete, baina bilatu egin behar dute. Guzti hori nola ematen den azaltzen diegu. Baliabideak nork jartzen dituen, ahalegina zeinek egiten duen. Prozesuan kokatu daitezen eta prozesua bera uler dezaten. Horretarako bidaia txiki bat egiten dugu.

Zein motatako bidaia da?

Batetik hizkuntzen berri ematen zaie. Munduko hizkuntzak non dauden, hizkuntza komunitate horiek nola dauden, kultur ondasun horrekin zer ari den gertatzen eta hizkuntza komunitateak ere nola ari garen aldatzen. Hori hizkuntzen aldetik kokapena izango litzateke. Gero, jada eskualdera eta Tolosara joaten gara. Zenbat euskaldun dauden, euskaraz zenbatean aritzen garen, eta erabileran eragiten duten faktoreen berri ematen diegu. Hor, poliki-poliki pertsonak garen heinean, eta lan munduan ere bagaudenez, lan munduak ere badu erantzukizuna gure ohituretan. Erantzukizuna duen bezala, palanka ere izan daiteke aldaketarako. Eta orduan Euskara Plan batek zer biltzen duen edo zer hartzen duen azaltzen hasten gara. Bilerez, lan tresnez,... hitz egiten zaie, eta hor zein onura izan dezakeen pertsonarentzat eta ze onura enpresarentzat ikusten dute. Zein fase dituen azaltzen diegu. Eta palanka lagungarri horretan praktikek eduki dezakete eragina. Enpresa batean praktikak aldatuko balira, horrek herri horretan ondorio txiki edo handi batzuk utzi ditzakeela ulertaraztea da. Dena lotuta dagoela ulertzea nahi dugu.

 

«Euskara jakin egin behar dugu erabili ahal izateko, erabiltzeko guneak sortu behar ditugu, eta motibazioa ere landu egin behar da»



Zein da ikasleen papera guzti horretan?

Enpresa batera sartzen direnean nola jabetu daitezkeen Euskara Plana duen edo ez; euskaraz aritzen diren; zer den iruditeri guztia; lan tresnak eta zertan jarri behar duten arreta erakusten diegu. Betaurreko horiek janzten laguntzen diegu, eta nola planifikatzen den eta zein arlo lantzen diren. Batetik, euskara jakin egin behar dugu erabili ahal izateko, erabiltzeko guneak sortu behar ditugu, eta gainera motibazioa ere landu egin behar da. Era berean, lan mahaiak eta batzordeak daudela kontatzen diegu eta sareak ere sortzen direla. Ez dezatela pentsa nahi gabe sortzen den zerbait dela. Hizkuntza kudeatu behar den zerbait dela ulertu behar dute. Egitasmo batzuei buruz ere hitz egiten diegu; tailerrak, eusleak edo bestelako praktikak.

Zer den Bai Euskarari eta zer den Bikain ziurtagiria ere azaltzen diegu, neurketarako eta errekonozimendurako tresnak ere badirelako. Azkenean, aukeratu duten diziplinaren arabera, askotan taldeak bere etorkizuna enpresa batean irudikatzen du, eta beste askok enpresa propioa sortuko dutela imajinatzen dute. Beraz, batetik iruditzen zaigu praktiketara doazenean bai, baina etorkizunera begira beharko balute, beste guztia hau dena ere badagoela kudeaketan kontuan hartzeko. Eta hori gainera diruz nola laguntzen den, online dauden baliabideak, itzulpen edo tresnak esaterako. Eta bukatzeko, guk dakigula, eskualdean zein enpresek duten Euskara Plana esaten diegu.

Zein sentsazio izaten duzue ikasleekin hausnarketa konpartitzen duzuenean?

Denetarik izaten da. Nik uste dut saioa bera ondo hartzen dutela, harritu egiten direlako kudeaketak eskatzen duen guztiarekin. Gainera, bidaia hori gustatu egiten zaiela esango nuke bidaian enpresa bera irudikatu egiten dutelako. Makinan zaudenean hau, batzordean honela, langilearengana joandakoan hau jartzen da martxan... Irudikatzen joaten dira ordura bitarte makinatik harago irudikatzeko zailtasuna izan duten hori.

Hizkuntzaren portaerarekiko batzuetan interpelatuak sentitzen dira. Euskaraz bizi direnez, askok, lan munduan ere etorkizuna euskaraz imajinatzen dute. Hor batzuk harritu egiten dira, beste batzuk ez dute larritasun horrekin bizi, edo hein batean gaztelaniaz bizi direlako edo hizkuntzaren gaiari ez dielako arretarik jarri. Nik uste dut zaila egiten zaiela imajinatzea enpresatan beraiek palanka hori izango direnik, baina beste alde batetik ikasi ere euskaraz egin dute gehienek eta euskaraz lan egitea ere normala egiten zaie.

Ikasleek euskarari garrantzia ematen diotela uste duzu?

Bai. Denetarik dago, eta garrantzia gutxiago ematen dionik bada, baina orokorrean Tolosaldeko ikasleak euskaldunak dira, eta eskolan ere euskara asko entzuten da. Ingurune euskaldunetako jendea izaten da nagusiki. Gogo onez hartzen dute, eta udalak eta lan mundua ahalegina egiten ari direla ikustea begionez hartzen dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!