Aiztondon izango dira 23 urtez azpiko txirrindularirik onenak

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 10a, 11:58

XVIII. Aiztondo Klasikoa-Patxi Alkorta memoriala igandean jokatuko da; 10:00etan Larraulen hasi eta Alkizan amaituko da.

Igandean, hilak 13, 10:00etan emango zaio hasiera XVIII. Aiztondo Klasikoa-Patxi Alkorta Memoriala lasterketari. Aurtengoan, Larraulen hasi eta Alkizan izango dute helmuga. Afizionatuen mailako lasterketa da, eta 140 kilometro egin beharko dituzte Aiztondoko herriak zeharkatuz.

Joxe Ramon Aiertza da antolatzaileetako bat, eta Alkizan erabakiko dela lasterketa esan du. Bi aldiz igo beharko dute Alkizara, eta lehen itzulian, 11:30ak inguruan igaroko dira Alkizatik, zehazki, 60. kilometroan. Helmugan, aldiz, 13:30ak aldera esperoko dituzte lehen txirrindulariak. Lehenengo igoera Anoeta aldetik egingo dute txirrindulariek, eta helmugarako igoera Asteasu aldetik izango da.

Aiztondoko Klasikoa 23 urtez azpikoen mailan Espainiar estatuko klasikorik garrantzitsuenetakoa da, izan ere, Koparako puntuagarria da. «Espainiako Koparako baliagarria da, eta Espainiako Kopa hamar lasterketek osatzen dugu», azaldu du Aiertzak. «Estatu mailako talde garrantzitsu guztiak hemen izango dira, eta momentu honetan dauden punta-puntako txirrindulariak ere bai».

«POLITA ETA GOGORRA»

Urtero aldatzen dute ibilbidea, eta lehen itzulia Ordiziatik egin eta gero, Aiztondo bailaran ibiliko dira; Asteasu, Zizurkil Goia, Aduna eta Villabona zeharkatuz, zazpi itzuli eman beharko dituzte. Bailara guztiari eman nahi izaten diote protagonismoa, eta herri guztietan dute puntu garrantzitsuren bat: Asteasun eta Zizurkilen izango dira esprint bereziak, Villabonan tarteko helmuga eta Adunatik pasatzen diren aldi guztiak mendiko sailkapenerako puntuagarriak izango dira.

Lasterketa «polit» moduan dute txirrindulariek, baina Aiertzak azpimarratu du denek aipatzen dutela lasterketa honek duen «gogortasuna».

Adunako Txulobi, Zizurkilgo Urkamendi, Villabonako Irrintzi eta Asteasuko Aitzondo txirrindulari elkarteak dira antolatzaile lanak egiten dituztenak. Aurten, lasterketa zuzenean ikusteko aukera eskainiko dute Youtubeko kanalean, streaming bidez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!