Joseba Regillagak brontzea lortu du Euskadikoan

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 9a, 10:55
Joseba Regillaga, eskuinean, junior mailako Euskadiko Txapelketako podiumean.

Duela hilabete inguru hasi ziren junior mailako judokak euren txapelketekin, eta Judo Klub Tolosaren kasuan Gipuzkoako txapelketatik hasi eta Euskadikora bi kiderekin iritsi dira: Zuriñe Tardio txaramarra eta Joseba Regillaga amezketarra.

Regillagak Euskadiko Txapelketan brontzezko domina lortu zuen, eta Tardiok gutxigatik ez zuen lortu.

Iaz senior mailan Espainiako txapelketara iritsi ostean, Tardiok ez du atseden denbora nahikorik izan sasoi onenean junior denboraldiari aurre egiteko. Gipuzkoako Txapelketan ezin izan zuen bere onena eman, «txinparta faltarekin» ibili zen, eta hala ere «barruan duen kasta» atera eta sufritzen bada ere zilarrezko domina eskuratu zuen. Aste batzuk beranduago Euskadiko Txapelketan lehiatu zen, finalerdietara iritsi eta bertan Arabako aurkaria izan zuen lehiakide. Borroka gogorra izan zuten baina Tardioren arerioak gehiago asmatu zuen eta berak lortu zuen finalerako pasea eta gerora urrezko domina. Hori eta gero, bigarren aukerako borrokaldia egin behar izan zuen brontzezko domina eskuratzeko; azken hau ere ez zen espero moduan joan eta Bilbo aldera joan zen domina.

Joseba Regillaga gazteak lehen urtea du junior mailan. Iazko denboraldian lesio bat izan zuen eta horren ondorioz txapelketa handietatik kanpo geratu ostean pixkana konfiantza hartuz joan da, horretarako entrenamenduetako eta txapelketetako erritmoa hartuz. Gipuzkoako txapelketan Regillagak zilarrezko domina eskuratu zuen, baina hala ere, oraindik sentsazioak ez ziren guztiz onak.

Aste batzuk beranduago Euskadiko Txapelketarako sentsazio onekin iritsi zen, baina ez zen ondo hasi eta lehen borroka galdu zuen. Irabazi zion judokak aurrera egin ahala, Regillagari bigarren aukera iritsi zitzaion eta ez zuen galdu. Barruan zuen guztia atera zuen, nahiz eta une jakin batzuetan ez zuen bukatzen asmatu, eta horrek borrokak luzatzea eragin zuen. Bigarren aukerako hiru borrokak irabazi zituen, azkenekoan brontzezko domina jokoan izanda, eta horrekin meritu handia duen hirugarren postua eskuratu zuen amezketar gazteak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!