Ama tabernak Repsol Gidaren eguzkia jaso du

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko martxoaren 9a

Javi Rivero eta Gorka Rico, Ama tabernako sukaldariak, sariarekin. Argazkia: REPSOL GIDA

Lortu duten sariari esker, estatuko ostalarien goi mailan kokatu dira Javi Rivero billabonatarra eta Gorka Rico asteasuarra.

Urtero, Repsol Gidak eguzkiak banatzen dizkie estatuko ostalari onenei. 2022an, 97 eguzki banatu ditu; tartean, Tolosako Ama Tabernako Gorka Ricok eta Javi Riverok jaso dute horietako bat. Beste urteren batean, Amasa-Villabonako Hika txakolindegiak, Tolosako Casa Julian erretegiak eta Bidania-Goiazko Bailara jatetxeak jaso zuten eguzkia. Zenbait jatetxeri ere «gomendatutakoa» etiketa ezartzen die Repsolek; Berrobiko Iriarte jatetxea, Berastegiko Arregi jatetxea eta Tolosako Casa Nicolas erretegia gomendatu zituzten lehenago.

Lau urte igaro dira Riverok eta Ricok Ama taberna ireki zutenetik. «Ikasitakoak asko dira, baina bidea ez du norberak bakarrik egiten», esan dute saria jaso berritan. «Bidelagun izan zareten guztiona da eguzki hau, lantaldearena, ekoizleena eta hornitzaile txikiena. Dena erakutsi diguten etxea, sukaldariak, unibertsitatea, lagunak, familia, Tolosaldea... zuen argiak erakutsi digu bidea. Orain eguzkia zuekin partekatzea besterik ez zaigu geratzen. Batera jarraituko dugu bidean», gaineratu dute.

Rico eta Riveroren arabera, «ohiko taberna opako tradizionaletatik urrundu eta gardentasuna ardatz duen taberna» da Ama. «Gauzak nola egiten diren eta nondik datozen erakutsiz, zorion momentu bat eskaintzea da helburu bakarra. Bakoitzaren ohitura eta gustuak errespetatuz, gure onena ematea da asmoa». Horregatik, bertara gonbidatzen dituzte herritarrak, norbera bere etxean egongo balitz bezala egon dadin; «etxean, etxean bezala» da beraien leloetako bat.

Hasieran pintxoentzako taberna bat izan zen, bertako produktu txikiari balioa emateko; gerora, ordea, jatetxe txiki bat bihurtu zuten, inguruko erakusleiho gisa, nekazariek, arrantzaleek eta abeltzainek zenbat mimatzen duten erakusteko. Besteak beste, kroketak, olagarro pintxoak edota gazta tarta dira bertako jaki ezagunenak. Riverok eta Ricok Tolosako eta Tolosaldeko sukaldaritzako paisaia baliatzen dute. «Gertutasunak babesten gaitu, gertutasuna babesten dugu», diote sare sozialetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!