Iaz Amezketan eginiko elkarretaratzeko irudia.

Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da bihar, eta emakumeak batuz, eskualdeko kaleak aldarrikapen ekitaldiz beteko dira. Zapaltzen gaituen sistemari sua edo Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki lelopean aterako dira kalera emakumeak. Izango dira bertsoak, solasaldiak, erakusketak edota otorduak ere, baina zaintza izango da erdigunea eta zaintza jarriko dute lehen lerroan.

Emakumeen Nazioarteko Eguna da martxoaren 8a, eta biharko egunak ospakizunetik bezain beste izan ohi du aldarrikapenetik ere. Zapi morea janzteak soilik ez duela balio, eta ekimenekin bat egiteko deiak luzatu dituzte eskualdeko eragile, talde edota erakundeek.

Aurtengo Tolosako inauterietan gertatuko talde erasoaren aurrean, «nahikoa da» oihukatuz kaleratuko da Tolosako Asanblada Feminista. «Egun gutxi dira azkenekoz kalera irten eta protesta egin behar izan genuenetik. Ez dugu ukatuko, ezinegonez eta haserre gaude oraindik eta, bai, onartzen dugu, gaurko aldarri eta festa giroa ozpindu digu». Emakumeenganako indarkeriarekin, «gertatzen ari den normalizazioa» ez dela posible, azpimarratu dute.

Euskal Herriko Bilgune Feminista «zapaltzen gaituen sistemari» su ematera aterako da kalera, eta horretarako, adierazi dutenez, «antolakuntza feminista da gure garra». «Zaintzen paradisu artifizialak» erre nahi dituzte, eta «euskal sistema publiko eta komunitarioa orain» aldarrikatzera aterako dira.

Eskualdeko hainbat herritan deitu dituzte elkarretaratzeak, eta Tolosan eta Zizurkilen, 19:00etan egingo dituzte mobilizazioak. Aurretik ere izango dira ekimen ezberdinak. Zaintza ekarri nahi dute lehen lerrora: «Zaintza lanak funtsezkoak dira bizitza sostengatzeko. Etxeko-andretik hasi eta familia medikura, aitonaren zaintzailetik zahar etxeetako garbitzailera. Gaur- gaurkoz, sektore feminizatuak dira eta emakumeon gain-esplotazioa du oinarri-oinarrian, emakume migratuena, bereziki», dio Tolosako Asanblada Feministak.

Zaintzarekin erabat lotuta doan osasungintza publikoaren desmantelazioa bizitzen ari dela eskualdea ekarri dute gogora feministek, eta «zaintza sistema publikoa, doakoa eta integrala» exijitzen dute.

Tolosaldeko Itaiatik azaldu dutenez, berriz, «emakume langileon zapalkuntza gainditzeko beharrezkoa da sistema bera gainditzea». Itaiak mobilizazioak antolatu ditu biharko, Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki lelopean. Ibarrako plazan argazki jendetsua aterako dute 18:00etan. Ondoren, 18:30ean hasita, Tolosako Trianguloa plazan elkartuko dira eta manifestazioa egingo dute.

EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA

Bihar, martxoak 8
Albiztur. Irakurketa dialogikoak lantzen hausnarketa saioa egingo dute eskolan.

Alegia. Eztanda talde feministak deituta, eta Alegiako Udalak bat eginda, Emakumeen Nazioarteko Eguneko elkarretaratzea plazan, 19:00etan.

Alkiza. Emakume anitzen eguneroko borroka, erakusketa Fagus Alkizan. Beraien eskubideen alde borroka egiten duten emakumeen aurpegia erakusten dute argazkiek, nahiz eta euren gorputz, komunitate eta lurraldeak arriskuan egon eta aldi berean indarkeria, arrazakeria eta kolonialismoa jasan behar izan dituzten euren egunerokotasunean. Cristina Chiquin Rodriguez, argazkilari-kazetari guatemalarra da. Emakume ekintzailea eta giza eskubideen defendatzailea.

Altzo. Zapaltzen gaituen sistemari sua! lelopean elkarretaratzea egingo dute, 19:00etan, plazan. Udalak eta Mariren Alabak Talde Feministak deituta.

Amezketa. 18:30ean, bertso saio goxoa egingo dute Oihana Iguaran eta Amaia Agirrerekin, kultur etxean. Kanturako, egun honen inguruko gaiak izango dituzte bertsolariek, elkarrekin meriendatzen duten bitartean. Herriko umeek eskolan Martxoaren 8aren inguruan landutakoa ere erakutsiko dute. 19:30ean, elkarretaratzea egingo dute herriko plazan.

Anoeta. Zapaltzen gaituen sistemari sua! lelopean elkarretaratzea deitu dute, 18:00etan, Anoetako plazan. Ondoren, mobilizazioa egingo dute Anoeta eta Irura arteko zubira.

Asteasu. Martxoaren 8ko ekitaldia egingo dute, plazan, 17:45ean. Horrez gain, 17:00etatik 19:00etara, Nekane Txapartegik kartzelan egindako margolanen erakusketa egongo da.

Berastegi. Martxoaren 8aren harira deituriko elkarretaratzea egingo dute, 19:00etan, plazan.

Berrobi. Emakumearen Nazioarteko Egunean, 13:30ean, emakumeek bazkaria egingo dute Iriarte jatetxean.

Bidania-Goiatz. Txinkorta eskolan, Emakumea eta itxura fisikoaren presioa hausnartzen solasaldia izango da. 19:00etan, kalejira musikatua egingo dute, eta jarraian pintxo jatea izango da.

Lizartza. Bizikleta martxa egingo dute herriko plazatik hasita 16:15ean, eta 19:00etan Tolosako Trianguloko mobilizaziora joateko deia luzatu dute.

Ibarra. Zapaltzen gaituen sistemari sua lelopean, Deabruak kalera taldeak antolatuta, 17:30ean, dantza entsegua egingo dute. 18:00etan, Erretzen gaituenari sua ekintza izango da, Euskal Herria Eguna plazan. 18:45ean, Euskal Herria Eguna plazatik Tolosako mobilizazioari atxikimendu adieraziko diote. Aldiz, Itaiak deituta, herriko plazan, 18:00etan, argazki jendetsua aterako dute, Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki! leloarekin.

Ikaztegieta. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiarekin bat eginez, elkarretaratzea egingo dute, 18:00etan, herriko plazan. Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure gerra lelopean. Ostean, Tolosako manifestaziorako joateko deia egin dute.

Irura. Irura Moretuz emakume taldearen ekitaldia izango da, San Migel plazan, 18:00etan.

Zizurkil. Irradaka dantza egingo dute Joxe Arregi plazan, 18:45ean, Bernarda Usabiaga oroituz. 19:00etan, Aiztondoko mobilizazioa egingo dute Zizurkilgo Joxe Arregi plazan.

Tolosa. Emakumeak eta pandemia erakusketaren inaugurazioa izango da Aranburu jauregian, 12:00etan.

18:30ean, Itaiak deituta, mobilizazioa egingo dute: Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki! leloarekin.

Eta Tolosako Asanblada Feministak deituta, 18:30ean, Zapaltzen gaituen sistemari sua. Antolakuntza feminista gure garra lelopean ekimen artistikoa egingo dute, eta 19:00etan, manifestazioa izango da, Trianguloa plazatik abiatuta.

Martxoak 9, asteazkena
Tolosa. Erre: aldarri bat bertsoz ikuskizuna izango da, Lankuren eskutik. Haizea Arana, Leire Vargas, Aner Euskitze eta Oihana Aranak eskainiko dute ikuskizuna, Topic aretoan.

Martxoak 10, osteguna
Alegia. Pintxopote morea egingo dute, 19:00etatik aurrera. Zerbait morea jantzita poteatzera gonbidatuta daude Alegiako emakumeak, Eztanda Talde Feministaren eskutik.

Martxoak 11, ostirala
Amasa-Villabona. Txoko Morean, Villabona emakumeon* zikloa. Konpresak egiteko tailer informatiboa izango da.

Albiztur. Herriko emakumeen afaria egingo dute, 21:00etan, herriko ostatuan. Izena emateko azken eguna hilaren 9an da, udaletxean.

Alkiza. Emakumeen afaria, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko, Alkizako Herri Ostatuan. Txartelak salgai daude Ostatuan bertan.

Ikaztegieta. Luze edo motz binakako elkarrizketa izango da. Generoa hartuko dute umore gai, gure gizartea zertan luze eta zertan geratzen den motz galdetzeko. MIrari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileen eskutik izango da, 19:00etan, udaletxeko areto nagusian. 21:00etan, emakumeen afaria egingo dute Ostatuan, eta afaltzera joan nahi dutenek izena eman beharko dute hilaren 9a baino lehen Ostatuan bertan.

Tolosa. Gure hots dokumentala ikusteko aukera izango da. Azken 40 urteko emakumeen ikuspegiari erradiografia egiten zaio, eta 19:30ean Topic aretoan eskainiko dute. Jarraian, solasaldia ere izango da.

Martxoak 12, larunbata
Altzo. Horiek barre algarak umore tailerra izango dute Beatriz Egizabalen eskutik, Batzarremuñon. Umorea eta ikuspegi feminista landuko dituzte tailerrean. Jarraian, 21:00etan, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko, herriko emakumeek afaria egingo dute, Ostatuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!