Gerra Ukrainan

Ukrainarekiko elkartasuna adierazi du eskualdeak

Jon Miranda Labaien 2022ko mar. 8a, 07:59

Elkarretaratzeak egin dira asteburuan Alkizan eta Tolosan; produktu bilketak abiatu eta errefuxiatuei harrera egiteko bizitokiak prestatzen ari dira orain

Otsailaren 24an gerra piztu zenetik, etengabeak izan dira Tolosaldean Ukrainarekiko elkartasun keinuak. Tolosaldea Garatzenek emandako datuen arabera, 2021ean, eskualdean 211 ukrainar zeuden errolda-tuta eta horietako asko batu ziren larunbatean Ana Yurd elkarteak Tolosako Trianguloan egindako elkarretaratzean. «Errusiako armada ospitaleak eta eskolak erasotzen ari da, eta gerra honek sufrimendu handia eragiten die ukrainarrei; hala ere, gure armadan, emakume eta gizon ausartak ditugu, herrialdea defendatzen dutenak», esan zuten bertan bildutako jatorri ukrainarreko herritarrek.

Alkizan ukrainar komunitate handia dago. Bederatzi lagunek dute hango jatorria eta horietako bat da Natalya Bazna, Zaproizhya hirian jaiotako emakumea. Ostiralean Alkizako Udalak deitutako elkarretaratzean izan zen: «Gaizki ari gara bizitzen egoera hau, oso gaizki. Momentu gogorrak dira guretzat». Bi ahizpa ditu Ukrainan, ilobak, osaba-izebak eta lehengusuak ere bai. «Herrialdeko toki ezberdinetan sakabanatuta daude eta gerra toki ezberdinetan zabalduta dagoenez egunero dei asko egiten ditugu zer moduz ote dauden jakiteko. Goizean jaiki eta lehenengo lana hori da, gaua nola pasa duten jakitea, bizirik ote dauden ziurtatzea. Oraingoz komunikazioa erraza da, babestokietara jaisten direnean estaldura gabe geratzen dira, baina gainerakoan ez dugu zailtasunik haiekin hitz egiteko».

HARRERA EGITEKO BIZITOKIAK

Alkizako Udalak jakinarazi duenez, herrian bizi den familia baten senitartekoak Euskal Herrira bidean dira eta bihar dira iristekoak herrira. Ukrainatik datorren familia horri harrera egiteko herritarrei laguntza eskatu die udalak. Errefuxiatuentzat behin-behineko bizitokia egokitzen laguntzeko sukalderako eta gelak atontzeko materiala eskatu diete.

Inaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak nabarmendu du udalak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi duela erretore-etxean kokatuta dagoen barnetegia, etorri daitezkeen errefuxiatuek erabili dezaten. «Abantaila bat badugu herrian. Dagoeneko jatorri ukrainarreko familiak ditugu bertan, eta errefuxiatuak umeekin etorriko balira, eskolan integratzeko errazagoa izango lukete, beren hizkuntza hitz egiten duten bi ume badabiltzalako dagoeneko Alkizako eskolan».

Jaurlaritzak dituen baliabideen artean dago Tolosako Zuloaga Txiki egoitza, Zehar Errefuxiatuak erakundeak kudeatzen duena. Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailak atzo emandako datuaren arabera, Ukrainatik iritsi berri diren bi pertsonei, jada, eman diete ostatu bertan.

Oraingoz, milioi eta erdi lagunek egin dute ihes Ukrainatik, eta Jaurlaritzarekin batera, Eudel eta Espainiako Migrazio, Gizarteratze eta Gizarte Segurantza ministerioak, dei egin diete udalei eskuragarri dituzten harrera espazioen berri eman dezaten. Amasa-Villabonako Udalak Oriamendi auzoan duen udal jabetzako etxebizitza eskaini du gerratik ihesi datozen errefuxiatuek erabiltzeko. «Etxebizitza horretan 4 pertsonako familia batentzat lekua dago eta bizitza duin bat garatzeko baliabide guztiak ditu», aipatu dute udal ordezkariek.

Bide batez, Nergroup enpresa taldeko hamar boluntariok, tartean Tolosako Arretxe enpresako Jose Ignacio Amondarain eta Fernando Furundarenak, lau eguneko bidaia egin dute Eslovakiako mugara. Joanekoan osasun eta higiene produktuz, janariz eta arropaz beteta joan dira eta Ukrainako mugan utzi dituzte, eta bueltakoan 26 iheslari ekarri dituzte Euskal Herrira, horietako zazpi umeak.

KONPONBIDERAKO DEIA

Eskualdeko erakundeek adierazpen instituzionalak onartu dituzte Ukrainiako herriari elkartasuna adierazi eta Errusiaren eraso militarra salatzeko. Amasa-Villabonan, esate baterako, ordezkaritza duten alderdi guztiek testu bat adostu dute eta bertan errusiar indar militarrak Ukrainako lurretatik erretiratzeko eskatu dute, biktimen kopurua biderkatu aurretik. «Estatuen arteko ezberdintasunak edo gatazkak Nazio Batuen Gutunaren esparruan konpondu behar dira».

Alkizako Udalak ere onartu du adierazpena eta «tinko» gaitzetsi du Errusiaren erasoa. «Gatazkak eta desadostasunak ez dira indarraren bidez konpontzen, elkarrizketaren bidetik baizik eta bi parteei eskatzen diegu armak isildu eta elkarrizketa zintzo bati heltzeko, nazioarteko eskubidea eta herrien autodeterminazioa zutoin izango dituena».

Bere iritzia ere eman du Irazabalbeitiak: «Europak lan gehiago egin beharko luke bide diplomatikoan sakontzeko, hartu dituen neurriak hartu baino lehen. Armen salmenta, adibidez, ez zait iruditzen bide egokiena denik». Bere aldetik, Natalya Baznak, ukrainar herritarren izenean laguntza eskatu die gainerako nazioei, egoera honekin lehenbailehen amaitzeko. «Gerra zikina da ematen ari dena, araurik eta printzipiorik gabekoa. Guk genozidio bat balitz bezala bizi dugu eta gezurra dirudi 2022an aspaldikotzat geneuzkan hitz hauek erabili behar izatea. Orain Ukrainan gertatzen ari denak erakusten du inor ez dagoela salbu. Honen ondoren munduaren martxa aldatuko da eta gu guztiak ere bai».

ELIKAGAI ETA ARROPA BILKETA EGITEN ARI DIRA

Tolosan Ana Yurd elkarteak larunbatean kultur etxeko areto nagusian askotariko elikagai eta arropa bilketa egin zuen. Herritarren erantzuna «izugarria» izan dela aitortu dute elkarteko kideek. «Aurreikuspen guztiak gainditu ditugu eta produktuz beteta dugu aretoa». Larunbatean bildu gabe geratu ziren produktuak aste honetan jasoko dituzte Tolosako San Esteban auzoan. Egunotan emango dituzte xehetasunak.

Alegiako herritar talde batek ere, Ana Yurd elkartearekin elkarlanean, oinarrizko produktu bilketa egingo du datorren ostiralean, martxoaren 11n, 17:30etik 19:30era herriko plazan. Premiazko higiene produktuak, arropak, mantak eta jateko prest dauden produktuak jasoko dituzte, iraupen luzekoak. «Alegia elkartasunaren eredu izan dadin nahi genuke», esan dute antolakuntzan ibili diren herritarrek.

Berrobiko Udalak ere materiala bildu du asteburuan Ukraina-Euskadi elkarteari emateko. Elikagaiak, neguko arropa, norberaren garbiketarako materiala, pixoihalak, osasun materiala, linternak, pilak zein kandelak bildu dituzte.

Alkizako Udalak errefuxiatuentzat behin-behineko bizitokia egokitzen laguntzeko, sukalde bat, hozkailu bat, mahai tresna joko oso bat, platerak, edalontziak, mikrouhin labea eta kafe makina eskatu ditu. Oheak, maindireak, lanparak eta toallak ere jasoko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!