Gustura zegoen Altuna III.a finalerdietako lehen partida irabazi eta gero. Ez bakarrik partida txukuna egin zutelako berak eta Martija bikoteak, baita ere lehen partida irabazteak suposatzen zuenagatik: lehen aldiz irabazi du amezketarrak binakako txapelketako finalerdietako lehen partida. Aurretik beste hiru urtetan iritsi da Altuna III.a binakako finalerdietara, horietako bitan Martijarekin eta bestea Mariezkurrena II.arekin, eta hiruretan galdu egin zuen lehen partida. Oraindik ez du finalik jokatu amezketarrak binakakoan.
Ikusirik oraingoan zer-nolako maila erakusten ari diren, eta lehen puntua lortuta, baikor egoteko aukera dute Altuna III.ak eta Martijak. Maila hori orain bigarren partidan erakutsi behar dute. Lehen jardunaldian Elezkano II-Zabaleta bikoteari 22-15 irabazi zioten. Beste partidan, Irribarria-Rezusta bikoteak 22-20 irabazi zion Laso-Imaz bikoteari.
Finalerdiko ligaxkaren bigarren jardunaldian, irabazleek elkarren aurka jokatuko dute. Beraz, larunbatean jokatuko dute Altuna III-Martija eta Irribarria-Rezusta bikoek finalerdia, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Igandean, Eibarko Astelena pilotalekuan, jokatuko dute, berriz, Elezkano II-Zabaleta eta Laso-Imaz bikoteek. Altunak eta Martijak euren partida irabazten badute, eta Elezkano II-Zabaleta bikoak beraiena, amezketarra eta Martija zuzenean finalean izango dira.
Elizegik ostiralean du finalerdia
Promozio mailako binakako txapelketan, Iker Elizegik ostiral honetan izango du finalerdiko partida, Mallabian. Bakaikoa aurrelari duela, Victor-Gaskue bikotea izango dute aurkari, hauek asteburuan Alberdi-Uriondori 22-15 irabazi eta gero. Finalerdiak partida bakarrera jokatuko dira, eta irabazten duenak zuzenean jokatuko du finala. Beste finalerdia Salaberria-Erostarbe eta Zabala-O. Etxeberria bikoteek jokatuko dute.