Koronabirusa

Positiboen kopurua igo da eskualdean, bereziki Tolosan

Ataria 2022ko martxoaren 7a

Azken astean 257 positibo izan dira Tolosaldean, eta atzo 42 atzeman zituzten; Tolosako intzidentzia tasa 917koa da, duela astebetekoaren bikoitza.

Osasun Sailak emandako datuen arabera, otsailaren 28tik martxoaren 6ra 257 positibo atzeman dituzte Tolosaldean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 4.785 positibo izan dira. 417koa da azken hamalau eguneko intzidentzia tasa. Une honetan, 157 pertsona daude ospitaleetan, horietatik, 35 pertsona ZIUetan. Azken astean 40 pertsona hil direla COVID-aren ondorioz adierazi du Osasun Sailak. Atzokoan, 3.197 test egin zituzten, eta 408 positibo izan ziren.

Tolosaldeari begiratuta, Abaltzisketa, Baliarrain, Larraul eta Orendain daude eremu berdean, eta horiekin batera, Gaztelun eta Hernialden ez dute azken astean positiborik atzeman. 

Osasun eremuei begiratuta, guztiak daude gorrian, eta Tolosaldekoak 591ko intzidentzia tasa du. 5.000 biztanle baino gehiagoko eskualdeko herrien kasuan, Amasa-Villabonak 473ko intzidentzia tasa du, eta Tolosak 917koa.

Positiboen nahiz intzidentzia tasaren igoera nabari da Tolosaldean, eta bereziki Tolosan, azken astean bikoiztu egin baitu tasa. Otsailaren 21etik 27ra 438ko tasa zuen Tolosak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!