Dislexia On proiektua legebiltzarrera iritsi da

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ots. 23a, 11:59

Dislegi elkarteak eta Ner Group taldeak sustatutako proiektua ezagutarazi eta finantziazioa lortzeko helburuarekin izan dira Eusko Jaurlaritzan

Berezko ikaskuntzan zailtasunak dituzten ikasleei laguntzea helburu duen Dislexia On proiektua Dislegi elkarteak eta Ner Group taldeak sustatzen dute, eta Royde, Kutxabank, BCBL —Basque Center On Cognition, Brain and Language— eta Tolosaldeko logopeden laguntzarekin gauzatzen dute. Proiektu pilotuan eskualdeko hamaika ikastetxe ari dira parte hartzen, eta lehen fasea amaituta, bigarrenerako bidean zirela, diru laguntzarik gabe geratu dira. Proiektua ezagutzera eman eta finantziazioa lortu ahal izateko Eusko Legebiltzarrean izan dira proiektuko kideak.

Lehen faseak bezala, bigarren faseak formakuntza izango du, eta bere jarduerak izango ditu, baina batetik besterako pausoan hainbat diru laguntza galdu dituztela azaldu du Libe Oñederra Dislegi elkarteko orientatzaileak. «Pausoz pauso eta poliki-poliki proiektu txikia, proiektu handi bilakatu da, baina laguntzarik gabe hanka motz geratu gara». «Ikastetxeei laguntza asko eskaintzen ari ginela ikusten genuen, eta baita ikastetxeek behar gintuztela ere», esan du Oñederrak. Orain, jende gutxi, eta behar eta lan askorekin topatu dira.

«Proiektua %100ean lan boluntarioan geratu da, hau da, bertako partaideen boluntariotzarekin doa aurrera», dio. «Poliki-poliki goaz, baina ez dugu bertan behera utzi nahi».

Eusko Jaurlaritzan izan dira beraien egoeraren berri ematen, proiektuak bere bermeak bazituela erakutsi nahi izan diete, eta bere fruituak ere ematen dituela, baina, era berean, beharrezkoa dutela laguntza: «Hasia dugu jada proiektua, eta konpromisoa dago ikastetxeekin, gurasoekin, familiekin eta gizartearekin». Proiektua hasieratik bukaerara eginda ikusi nahi dute: «Nahiz eta proiektu pilotua izan, zein indargune dituen, eta ikastetxeetan zein laguntza erreal eskaintzen dituen ikusi nahi dugu».

Agerraldiarekin argi utzi nahi izan zieten politikoei garrantzitsua dela proiektua amaitzeko baliabideak eskaintzea. Hiru fase ditu proiektuak, gorria, laranja eta berdea, egun bigarrenean daude. Azken fasean praktika guzti horiek ikastetxeetan nola ematen diren ikusi nahiko lukete. «Ikastetxeetan berde horiek bermatu ote diren, sendotu diren praktika laranjak eta aktibatu ote diren gorri horiek». Behin azkeneko fasearekin zigilu berdea lortuko lukete ikastetxeek.

Eusko Jaurlaritzako atea jo dute, eta Dislegi elkartea eta proiektua osatzen duten eragile guztiak, orokorrean, «oso gustura» geratu zirela esan du Oñederrak. «Hasieran ez genuen geure burua parlamentuan ikusten gure proiektua defendatzen, baina ezetza badaukagu eta proiektuari adarretatik heltzea erabaki genuen».

«Alderdi politiko guztien aurrean proiektua interesgarri suertatu zela uste dugu. Atentzioz jarraitu zuten, galderak egin zizkiguten, eta hori garrantzitsua izan zen guretzat». Momentuz ez dute erantzunik jaso eta zain jarraitzen dute.

Legebiltzarrera joatearen arrazoietako bat finantziazioa lortzea izan dute, baina «gustura» dira adierazteko aukera ere izan zutelako: «Ikastetxeetan gure kolektiboak edo berezko ikaskuntzan zailtasunak dituzten ikasleen artean zein egoera dagoen erakutsi genien. Ulertzen dugu ikasle hauen ikaskuntza prozesua, arrakasta akademikoa eta zoriontasuna guztion esku dagoela. Ez dugu inoiz hezkuntza kritikatu. Guztion arteko lan kooperatibista bat izan beharko du, eta ulertzen dugu ikasle hauen bueltan beraiek ere badaudela», azpimarratu du Oñederrak.

FAMILIAKO BEHARRAK

Tolosaldeko Nekane Lazkano izan zen familiako gertaera batengatik Dislegi elkartearekin harremanetan jarri zena. Orientazio saio baten ostean, buruak klik egin eta bere enpresak gizartearen konpromiso sozialari eskaintzen dion proiektuetako bat izan zitekeela pentsatu zuen.



«Bere galdera Dislegiri laguntzeko zer egin zezakeen izan zen», azaldu du Oñederrak. Harreman horretatik sortu zuten proiektua. Lazkanoren nahiak eta elkartearenak bat egin zuten, eta Dislexia On sortu zuten.

«Familien beharretik sortu zen proiektua», dio Oñederrak. «Dislegik, egunerokotasunean, gure kolektiboa laguntzeko diseinatzen edo pentsatzen ditugun proiektu bat bezala txertatu genuen», azaldu du. «Helburu bakar bat dugu, baina behar ezberdinak dituzten taldetxo bat elkartu zelako sortu zen Dislexia On», argitu du orientatzaileak.

Behin proiektua Dislegi elkartean barneratuta forma eman zioten. «Gutxinaka ikastetxeetan txertatzeko moduko proiektua zela pentsatu genuen».

Esperientzia pilotua Tolosaldean martxan jartzea erabaki zuten: «Proiektuaren asmo nagusia ikastetxeak dislexiarekin lagunkoiak izan zitezela zen. Hori zen gure helburu nagusia, hau da, ikasle guztiek aukera berdinak izatea beren garapen akademikoa eta emozionala bide onetik joan daitezen».

«Baliabide egokiak eskainita, ikasle hauen ezaugarriak zeintzuk diren klaustroan elkarbanatuta, formakuntza jakin batekin, irizpide zehatz batzuekin,... Eta Tolosaldeko hainbat ikastetxetan dislexiarekin lagunkoiak izateko proiektua hastea izan zen helburua», argitu du Oñederrak.

Hamaika ikastetxe batu ziren proiektura: Samaniego ikastetxea, Laskorain Ikastola, Herrikide ikastetxea, Orixe Institutua, Irurako Ikastola, Anoetako Ikastola, Alkizako eskola, Uzturpe Ikastola, Zubimusu Ikastola, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua eta Inmakulada Lanbide Ikastola.

LAGUNTZA PROFESIONALA

Lehenengo fasea «zailena eta mardulena» izan zela esan du. «Ikastetxez ikastetxe joan behar izan genuen ikastetxearen eguneratutako erradiografia bat egiteko, ez baikenekien zein zen praktika erreala. Ez bakarrik zuzendaritzan, baita irakasleen indibidualtasun horretan ere, eta talde lanean ere zein erabaki hartzen ziren eta zein baliabide erabiltzen ziren, zein metodologia...», kontatu du Oñederrak.

Lehen fasea zigilu gorriz hasi zuten. Autoebaluazio horren ondoren, formakuntza jaso zuten, jarduera ezberdinak diseinatu zituzten, adituen hitzaldiak... Ikasketan zailtasunak izan ditzaketen kasu posibleak detektatzeko ikastetxe guztien baheketa egin zuten, «detekzio goiztiarra ahalbidetu ahal izateko», zehaztu du orientatzaileak.

Horri esker, eta BCBLen kolaborazioarekin eta Itziar Portabales eta Mertxe Arregiri esker, ikasle kopuru batzuk hartu zituzten diagnosi profesional bat bideratu ahal izateko BCBLen eskutik. Ez zituzten diagnostikoan bakarrik utzi nahi izan, eta laguntza profesionala eskaini zieten. Hori horrela, Portabales eta Agirreren laguntzarekin, berreziketa logopediko baterako laguntza eskaini ahal izan diete.

Honela, lehen fasea amaitutzat eman zuten zigilu gorritik laranjara pasaz. «Orain bigarren fase hau hasi dugu, lehenengo fasean identifikatu ziren ahulguneak eta indarguneak nolabait sendotzen edo bideratzen hasteko helburuarekin», azaldu du Oñederrak.

Azpimarra jarri dute dislexiaren detekzio goiztiarrean, eta dituzten laguntzekin proiektuarekin aurrera nola jarraituko duten ziur ez dakiten arren, Dislexia On proiektutik argi utzi dute finantzazioa ez bada ere, aukera ezberdinak aztertzeko prest daudela.

Horrez gain, esperientzia pilotu hau behin Tolosaldeko ikastetxeetan amaitutzat emanda, gainerako eskualdeetako herrietako ikastetxeetara zabaltzeko aukerak ikusten dituztela azaldu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!