Tolosa kanporaketan izango da, eta Altuna zuzenean finalerdietara

Tolosaldeko Ataria 2022ko ots. 22a, 09:59
Altuna III.a, atzo Beotibarren, Bengoetxea VI.aren agurrean.

Ezkurdiarekin batera Tolosak bere partida irabazi eta txapelketan jarraitzen du. Altuna III.ak Martijarekin batera ere partida irabazi eta finalerdietako ligaxkara sailkatu da.

Binakako Pilota Txapelketaren sailkapen fasearen azken jardunaldia jokatu da asteburuan, eta Xabier Tolosak aurrera egin du, Ezkurdiarekin batera bere partida irabaziz. Honenbestez, seigarren geratu dira sailkapenean eta kanporaketa jokatuko dute asteburuan. Bere aldetik, Jokin Altunak, Martijarekin batera, bere partida irabazi eta zuzenean finalerdietara sailkatu dira. Erik Jakak zuen aukera zailena txapelketan jarraitzeko. Horretarako ezinbestean bere partida irabazi behar zuen, baina Mariezkurrena II.arekin batera Elezkano II-Zabaletaren aurka galdu eta txapelketatik kanpo geratu dira.

Txapelketa osoan estu eta larri aritu dira Tolosa eta Ezkurdia. Sailkapen faseko bigarren zatian pixkana partidak irabazten joan dira eta azken jardunaldian bere esku zegoen txapelketan jarraitzea. Emaitza estuarekin, 22-20, baina irabazi egin zuten aurkari zuzenak ziren Urrutikoetxea-Aranguren bikoaren aurka, eta orain finalerdietara ere igaro daitezke. Horretarako kanporaketa irabazi behar dute ostiral honetan, Atano III.a frontoian, Irribarria-Rezustaren aurka.

Kanporaketa ere jokatuko duena Jon Ander Peña izango da. Asteburuan Albisurekin batera Irribarria eta Rezustari irabazi ondoren, bosgarren geratu dira, eta igandean Laso-Imazen aurka jokatuko dute, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Finalerdietako postua dute jokoan.

Altuna III-Martijak asteburuko helburua bete zuten Laso-Imaz bikoteari irabazita, eta hurrengo asteburua lasaiagoa izango dute, finalerdietarako txartela lortuta. Martxoaren 5 eta 6an jokatuko da finalerdietako lehen jardunaldia.

ELIZEGI, FINALERDIETAN

Promozio mailan ere azken jardunaldia jokatu dute, eta Iker Elizegi eta bere aurrelari Bakaikoak 22-19 galdu zuten Dario-Erostarbe bikotearen aurka. Bigarren egin dute eta zuzenean finalerdietako partida jokatuko dute. Promozio mailan finalerdiak partida bakarrera jokatuko dira, eta ez ligaxka moduan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!