Duela 3.000 urte inguruko brontzezko aizkora bat aurkitu dute

Ataria 2022ko otsailaren 22a

Argazkia: G. Studer (Gordailua)

Iturriotzen aurkitu dute Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek Saseta Defentsa Sistemaren ikerketa proiektuaren testuinguruan egindako prospekzio arkeologikoetan.

Aranzadi Zientzia Elkarteko Joxe Luis Iraola, Jexux Bidaola eta Karlos Almorzak historiaurreko aizkora bat aurkitu zuten Iturriozen 2018ko uztailaren 3an. Ustekabean egin zuten aurkikuntza, metal-detektagailu baten laguntzarekin. Momentu hartan 36ko gerrako munizioa bilatzen ari ziren, Saseta Defentsa Sistema deritzonaren ikerketa proiektua dela eta egindako prospekzio arkeologikoetan.

Iturriotzeko bentatik gertu, Errezilgo lurretan kokatutako pinudi batean egin zuten aurkikuntza. Iturriotz historikoki topaleku garrantzitsua izan dela aipatu dute zientzia elkarteko kideek, bidegurutze naturala. "Badirudi historiaurretik duela garrantzia, inguru horretan dauden aztarna megalitikoek adierazten duten bezala", esan dute Aranzadiko kideek. 

Hain zuzen aurkikuntza egin zuten elkarteko kideek aizkora Angel Armendarizen esku utzi zuten, Kantabriako Unibertsitateko irakasle titular erretiratuaren esku. Hark baieztatu duenez, brontzezko aizkora bat da, Brontze Aroaren amaierako eta Burdin Aroaren hasierako tresna tipikoa, jatorriz mediterraneoa eta K.a. X eta VIII. mendeen artean datatutakoa. "Brontzezko aizkora mota hori Iberiar Penintsula osoan dago banatuta, guztira ehun ale inguru daude, eta 'alboko apendizeetakoa' deitzen zaio heldulekuko protuberantziak direla eta, baina oso arraroa da kantauriar eskualdean". Asturiasen ale gutxi batzuk baino ez daude, eta Gipuzkoan beste bat Aralar mendilerroan. Euskal Herriko isurialde mediterraneoan antzeko beste bi ale daude, Araban eta Nafarroan.

Aizkora aurkitutako lekuan, Joxe Luis Iraola eta Jexux Bidaola. Argazkia: Karlos Almorza

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!