Guztiek dute zerbait jokoan

Imanol Garcia Landa 2022ko ots. 17a, 07:58
Altuna III.a sake bat atertazen, binakako txapelketaren partida batean, abenduan Beotibarren.

Asteburuan jokatuko da Binakako Pilota Txapelketako sailkapen ligaxkako azken jardunaldia. Txapelketatik kanpo geratzeko arriskuan daude Jaka eta Tolosa.

Binakako Pilota Txapelketaren sailkapen liga bere azken jardunaldira iritsi da, eta kontu asko daude erabakitzeko, bai goiko postuei dagokionez eta baita txapelketatik kanpo zein geratuko den jakiteko ere. Bikote guztiek dute zerbait jokoan, sailkapena nola geratuko den jakiteko lau partiden emaitzak erabakigarriak izango baitira.

Txapelketatik kanpo geratzeko arriskuan hiru bikote daude, eta horietako bitan eskualdeko pilotariak daude: Jaka-Mariezkurrena II eta Ezkurdia-Tolosa. Bestea, Urrutikoetxea-Aranguren da. Zailena Jakak eta bere atzelariak dute. Elezkano II-Zabaletaren aurka irabazi behar dute, eta beste bi emaitza gertatzea: Peña II-Albisuk Irribarria-Rezustari irabaztea, eta Urrutikoetxea-Arangurenek Ezkurdia-Tolosari irabaztea. Jakak azaldu duenez, ez dira txapelketaren bukaerara nahi zuten lekuan iritsi. Bihar jokatuko dute partida: «Gu gure lana egitera aterako gara; ea garaipena lortzen dugun, eta karanbola polit batekin kanporaketako partida jokatzeko aukera dugun. Polita izango litzateke».

Tolosak eta bere aurrelariak bere esku dute aurrera egitea. Larunbatean Urrutikoetxea-Arangurenen aurkako partida irabaziz gero, kanporaketarako sailkatuko dira. «Ilusio handiz gaude», esan du pilotari anoetarrak. «Orain dela jardunaldi batzuk egoera honetan egongo ginela ez genuen sinistuko. Hil ala biziko partida batzuk jokatu ditugu dagoeneko, baina larunbatekoa oso garrantzitsua izango da». Sailkapeneko azken postuan egon dira ia txapelketa osoan zehar, lehen zatian garaipen bakarra lortuz. «Bigarren itzulian gure joko mailak gora egin du eta uste dut bai Ezkurdiak eta bai nik maila hobea eman dugula kantxan. Bikote bezala gehiago izan gara».

Peña II.ak eta Albisuk ziurra dute kanporaketako partida jokatzea, baina larunbateko partida irabaziz gero, bosgarren postua bereganatuko dute. «Guri komeni zaigu ahal dela bosgarren pasatzea. Txapelketa oso estua dago, aukera asko daude besteen esku daudenak, eta ea zer moduz doan asteburua», esan du Peña II.ak. Aurreko urtean finalera iritsi ziren, baina oraingoz ez dute erakutsi iazkoan lortutako maila. «Urte guztiak ezberdinak dira, eta aurreko urteko maila ematea oso zaila da», azaldu du tolosarrak.

Goiko postuei begiratuta, Altuna III.ak eta Martijak bere esku dute lehen bi postuetan geratzea eta finalerdietara zuzenean pasatzea. Horretarako Laso-Imazi irabazi behar diote igandean. «Beste partida polit bat dugu, eta helburu oso garrantzitsua lortu ahal dugu. Jardunaldi baten faltan, ez gara ari buruari buelta gehiago ematen. Gure entrenamenduak egiten ari gara, eta ilusioz gaude partidarako», esan du amezketarrak. «Ederra litzateke finalerdietarako zuzeneko txartela lortzea, baina irabaziz gero, ez dugu zertan gehiegi emozionatu, eta deskuiduan galdu arren, kontziente izan behar dugu txapelketa latza egiten ari garela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!