Ia 5.000 kilo elikagai, sahararrei bidaltzeko

Tolosaldeko Ataria 2022ko ots. 16a, 07:58

Saharar errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzeko elikagai eta material bilketarekin gustura daude; botikak biltzen ari dira orain.

Urtarrila bukaeran ekin zion Tolosaldea Sahararekin elkarteak saharar errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzeko elikagai, higiene produktu eta eskola materialaren bilketari. Bada, bi aste iraun duen ekimenak bere fruitua eman du, eta ia 5.000 kilo biltzea lortu dute.

Elkarteak oso balantze positiboa egin du, izan ere, elikagai bilketa kanpaina inoiz baino beranduago hasi arren, herritarren erantzuna oso ona izan da. «Denera, 4.788 kilo jaso ditugu, orain bi urte jasotakoa baino gehiago, eta eskerrak ematen dizkiegu aportazioa egin duten guztiei», esan du Eli Eizagirre elkarteko kideak. Duela bi urte 3.500 kilo jaso zituzten.

Eizagirrek esan duenez, «Tolosaldeko biztanleek sahararekiko duten elkartasuna erakutsi dute beste behin». Era berean, bilketan parte hartu duten boluntarioen lana nabarmendu du, eta parte hartu duten erakunde nahiz enpresa pribatuen lana eskertu du.

Bildutakoa Donostiara eraman dute dagoeneko, eta martxoaren erdialdera Alacantera bidali eta handik kanpalekuetara bidean jarriko dute. Eizagirrek adierazi du «inoiz baino gehiago, behar beharrezkoa» dutela jasotako elikagaia eta materiala kanpalekuetan bizi diren errefuxiatu sahararrek.

BOTIKAK BILTZEN

Kanpaina bat amaitu eta bestearekin martxan dira dagoeneko sahararren aldeko elkarteko kideak, izan ere, botikak biltzen ari dira une honetan. «Otsailaren 25ean Saharako Maratoiaren aitzakian taldetxo batek kanpalekuetara bidaiatuko du, eta gure asmoa da bidaia hori botikak emateko baliatzea».

Botikak eta higiene materiala jasotzen ari dira, eta Tolosako Larramendi auzoko zazpigarren zenbakian duten lokalean utzi ahalko dira gaur eta bihar arratsaldez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!