Korri egitea baino askoz gehiago

Irati Saizar Artola 2022ko ots. 15a, 11:59

Agustin Agote tolosarra Saharako Maratoian, eskuinetik hasita hirugarrena.

Tolosaldea Sahararekin elkartea botika bilketa egiten ari da egunotan; otsailaren 28an Sahara Maratoia ospatuko da Tindufen eta hara eraman nahi dituzte bildutako sendagaiak.

Otsailaren 28an egun handia izango dute saharar errefuxiatuen kanpamentuetan, Tindufen. Sahara Maratoia ospatuko da, eta Tolosaldeko ordezkaritza bertan izango denez, botika bilketa egiten ari da Tolosaldea Sahararekin elkartea, bidaia aprobetxatuz, sendagaiak kanpamentuetara eramateko.

Bihar eta ostiralean, Larramendi kaleko 7. zenbakian duten egoitzan egongo dira bilketa egiten, 17:00etatik 19:00etara bitarte. Besteak beste, honako sendagaiak jaso nahi dituzte: paracetamol, ibuprofeno, omeoprazol, fortasec, gasak eta bendak, betadine, konpresak, eskularruak, kondoiak, haurdunaldi testak, betaurrekoak, ampicilline, ciproflaxicinas, glucometro tirak eta orrazak, enalopril, insulina edota metoformina.

Sendagarri guztiak jaso eta otsailaren 25ean abiatuko dira kanpamentuetara. Madrildik hegaldia hartuko dute Tindufera eta han, autobusez iritsiko dira kanpamentuetara. Tartean izango da Gregorio Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko kidea. Eizagirre 2006an joan zen lehen aldiz Sahara Maratoia ekimenera, Jon Diaz Azkolain tolosarrarekin batera, eta ordutik, 10 kilometroko lasterketan hartu izan du parte. Izan ere, Sahara Maratoian, maratoia egiteaz gain, beste hiru neurritako lasterketak ere egokitzen dituzte: maratoi erdia, eta 10 eta 5 kilometrokoa.

Elkarte bereko Agustin Agote tolosarrak ere dagoeneko sei aldiz hartu izan du parte maratoian, bere kasuan, 42 kilometroak osatuz, baina esan du korri egitea baino gehiago dela hango egonaldia: "Egun bereziak izaten dira, hango familia berriro ikusteko aukera izaten dugu eta hango egoera nolakoa den ere ikusten dugu egun horietan; lehen aldiz doanarentzat ere benetan betetzen duen esperientzia izan ohi da". Aitortu du hara joan eta ematen duzuna baino askoz ere gehiago jasotzen duzula bueltan.

Oraindik ere izena eman daiteke: gaur amaituko da epea. Saharamarathon.org webgunean aurki daiteke informazio gehiago, eta izena ere bertan eman beharko da.

Esperientzia "zoragarria" dela diote biek, "elkartasun keinu bat" dela. Maratoia hiru kanpalekutatik pasatzen da: Aaiunen hasten da, eta Auserdetik pasata, Smaran amaitzen da. Tartean, hiru kilometroz behin anoa guneak jartzen dituzte, jateko eta hidratatzeko. Agotek badu esperientzia ibilbide horretan eta kontatu du sentipenak bereziak izaten direla, basamortu erdian korrika egitean: "20 gradu ingururekin hasi ohi gara goizean, eta 32-34 gradutara amaitzen dugu lasterketa; maratoiko lehen erdian zorua nahiko gogorra da, eta gero, Auserdetik hamar kilometrora, harea finagoa izaten da, dunak daude tartean eta traketsagoa da korri egiteko, eta azken hamabi kilometroak, berriz, leuntzen doaz, lauagoa da". Amaierarako gordetzen dituzte indarrak, norbaitek bere denbora tarte horretan hobetu nahiko balu ere.

Hori otsailaren 28an izango da, astelehenez, baina bezperan, igandean, saharar herriaren eguna izango dute, aberri eguna. "Egun horretan festa egiten dute, eta guk parte hartuko dugu; beraientzat pozgarria da gu han egotea, badakitelako laguntzera joan garela, eta gainera, handik bueltatzen garenean, hemen, hango berri emango dugula ere badakite, eta hori garrantzitsua da haientzat", esan du Eizagirrek.


Bi helbururekin

Sahararren alde egiten diren ekimen guztiek bi helburu dituztela nabarmendu du Eizagirrek: "Batetik, helburu solidarioa izaten dute, eta bestetik, konpromiso politikoa. Badakigu saharar herria zergatik dagoen kanpamentuetan, bere herria Marokok daukalako okupatuta, baina hara bueltatu nahi dute, mendebaldeko Saharara, eta guk gure elkartetik, lagundu egin nahi diegu bide hori elkarrekin egiten".

Agotek dio aurtengo maratoiko ekimena oso garrantzitsua dela. Bera ez da joango kanpamentuetara, baina hemen geratuagatik laguntzen jarraituko duela argi du: "Hemendik ere lagundu daiteke, botikak emanez edota hango egoera zabalduz". Gogorarazi du pandemiagatik laguntza ekonomikoa asko murriztu zaiela azken bi urteetan, eta egoera militarra ere tartean dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!