Jakak du aukerarik zailena binakakoan jarraitzeko

Tolosaldeko Ataria 2022ko ots. 14a, 17:58
Erik Jaka, Tolosako Beotibar frontoian, 2022ko binakako txapelketan.

Txapelketako azken aurreko jardunaldia jokatu da asteburuan, eta azkenekorako hainbat kontu geratu dira erabakitzeke.

 Binakako Pilota Txapelketaren sailkapen ligaxka oso estu geratu da hurrengo asteburuan jokatuko den azken jardunaldirako, bai goiko aldetik zein behekotik. Eskualdeko pilotariei dagokionez, Jaka lizartzarrak eta bere atzelari Mariezkurrena II.ak dute aukerarik zailena txapelketan aurrera egiteko. Asteburuan Ezkurdia-Tolosa bikoaren aurka 22-12 galdu ondoren, azken postuan daude, eta seigarren postua lortzeko, asteburuan irabazi beharra dute Elezkano II-Zabaletaren aurka eta beste bi partidetan ere emaitza jakin bat behar dute: Peña II-Albisuk Irribarria-Rezustari irabaztea, eta Urrutikoetxea-Arangurenek Ezkurdia-Tolosari irabaztea. 

Peña II.a tolosarrak Albisu atzelariarekin batera galdu egin zuten Altuna III.a amezketarraren eta Martijaren aurka 22-8, eta bost garaipenekin, datorren asteburuan gertatzen dena gertatuta ere, ziurra dute kanporaketako jardunaldian parte hartzea. Irribarria-Rezusta dituzte aurkari azken jardunaldian.

Ezkurdia eta Tolosa anoetarrak, berriz, bere esku dute sailkatzea: azken jardunaldian Urrutikoetxea-Arangureni irabaziz gero sailkatu egiten dira kanporaketarako, eta galtzen badute kanpoan geratuko dira. 

Goiko postuen lehian, Altuna III-Martija bikoa dago. Lehen bi bikoteak zuzenean doaz finalerdietara, eta beste biek kanporaketa jokatuko dute. Aukera gehien lehen bi postuetan geratzeko, hain justu, Altuna III.ak eta bere atzelariek dute. Azken sailkapenean Elezkano II-Zabaleta eta Irribarria-Rezusta bikoteekin berdinduta geratuz gero, Altuna III-Martijak dute abantaila. Hori bai, asteburuan Laso-Imaz bikoaren aurka dute partida, eta hori irabaztea komeni zaie; galduz gero, eta Elezkano II-Zabaletak eta Irribarria-Rezustak euren partidak irabaziz gero, azken hauek geratuko direlako lehen bi postuetan.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!