Tolosaldeko pentsiodunak Bilbon izan dira, pentsioen erreformaren aurka

Ataria 2022ko otsailaren 12a

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako Bilboko manifestazioan hartu dute parte Tolosaldeko pentsiodunek.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta manifestazioak egin dituzte gaur goizean, Bilbon, Iruñean eta Lizarran, pentsioen erreformaren aurka. Tolosaldeko pentsiodunak Bilboko manifestazioan hartu dute parte. Salatu dutenez, erreforma horrek erosteko ahalmenean "murrizketa larria" dakar.

Bilboko Udalaren aurrean, ohar bat irakurri dute antolatzaileek, eta bertan salatu dute joan den abenduko pentsioen erreformak "egindako promesak ez dituela betetzen»"eta beren aldarrikapenen "zati handiena" baztertzen duela.

Konpromisoa "pentsio publikoen erosteko ahalmena KPI errealaren arabera mantentzea" zela adierazi dute, eta gaineratu dute "2021an soilik kotizaziopeko pentsioak % 3 pobretu direla, eta gutxienekoak eta kotizazio gabekoak % 2,5", eta "gutxieneko pentsioak miserableak direla eta oso urrun daudela eskatzen dituzten 1.080 euroetatik".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!