Altuna III.arentzat izan da puntua

Tolosaldeko Ataria 2022ko ots. 12a, 13:11
Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu, aurreko jardunaldian Beotibar frontoian jokatutako partidan.

Peña II.a eta bere atzelari Albisu ez dira ondo aritu eta 22-8 galdu dute Altuna III.a eta Martijaren aurka, atzo Idiazabalen jokatutako binakako txapelketaren partidan.

Atzoko garaipenarekin, beste pauso bat eman dute Altuna III.ak eta Martijak sailkapeneko lehen bi postuetan egoteko, eta binakako txapelketaren finalerdietara zuzenean sailkatzeko. Aldiz, Peña II.ak eta Albisuk aukera galdu dute txapelketan jarraitzea bermatzeko. Izan ere, irabaziz gero, Baikoko bikoteak sailkapeneko azken bi postuak saihestu eta finalerdietarako txartela lortzeko kanporaketan parte hartzeko lekua lortuko zuen. Atzoko partida oso azkarra izan zen, eta irabazleak aurretik izan ziren 18-1eko markagailuarekin. Azkenean, urdinek pixka bat konpondu zuten bere jarduna, baina azken partidetan ez dira ari ematen aurreikusten zaien maila,

Gaur arratsaldean jokatuko dute eskualdeko beste bi pilotariek hamahirugarren jardunaldiko partida. Ezkurdia-Tolosa eta Jaka-Mariezkurrena II elkarren aurka ariko dira, Iruñeko Labrit pilotalekuan, 17:15ean hasiko den jaialdiaren bigarren partida. Ezkurdia-Tolosa bikoak irabazi beharra du txapelketan jarraitzeko, eta Jaka-Mariezkurrena II bikoari irabaztea komeni zaio txapelketan jarraitzeko aukerak handitzeko.

Promozio mailako binakako txapelketan, Iker Elizegik Alberdi II.arekin jokatuko du gaur, Bilboko Bizkaia frontoian, 17:15ean hasiko den jaialdiaren hirugarren partidan. Egiguren V.a eta Ladis Galarza bikoa izango dute aurkari.

Tolosako inauterietan, pilota partidak

Iazko hutsunearen ondoren, aurtengoan Tolosako inauterietan pilota profesionaleko partidak izango dira Beotibar frontoian. Astelenitan zein Asteartitan jokatuko dira, eta oraindik enpresetatik ez dute zehaztu zein izango diren parte hartuko duten pilotariak. Binakako txapelketako partidarik ez da izango. Inauterietako asteburuan finalerdietarako bi txartel jokoan izango diren kanporaketak jokatuko dira, baina horietako bat Donostiako Atano III.a frontoian izango da eta bestea Gasteizko Ogeta pilotalekuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!