Zerbitzurik gabe, dirurik ez eskuan

Irati Saizar Artola 2022ko ots. 10a, 07:58

Kutxazain automatikoekin gertatzen ari denak kezka sortu du Tolosaldean; Kutxabankek zerbitzua kendu du, besteak beste, Berrobin eta Bidania-Goiatzen, eta kexu dira herritarrak.

Herri txikietan, eta ez hain txikietan, zerbitzu bat da kutxazain automatikoek eskaintzen dutena. Bada, azken boladan, Kutxabankek eskualdeko bi herritan behintzat, zerbitzua kendu egin du. Bidania-Goiatzen eta Berrobin gertatu da, ez aspaldi: lapurretak egin dituzte kutxazainetan, eta Kutxabankek udalei eskatu die konponketako gastuak bere gain har ditzatela eta mantenuko gastuak ere udalek ordaintzea; Bidania-Goiazko kasuan 900 euro hilean, eta Berrobiko kasuan 1.000 euro hilean. Bi udalek ez dute proposamena onartu eta zerbitzua kendu diete.

Berrobin iazko udatik ez dago erabilgarri herrian zuten kutxazain bakarra. Eta orain gutxi, David de Miguel Berrobiko alkateak gutun bat bidali dio Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapen, Turismo, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatuari, Kutxabanken aurrean esku hartzeko eskatuz. Izan ere, alkatearen ustez, Kutxabanken eskaera eta gastu hori "onartezina" da udalarentzat, eta horrelako herri batean eskubide hori ez izatea "tamalgarria" dela esan du.

Iritzi berekoa da Agurtzane Zelaia Bidania-Goiazko alkatea ere. Lapurreta bat medio, urte amaieran, herri horretako kutxazaina kendu zuen Kutxabankek, eta "salduta" daudela esan du: "Zerbitzu bat zen herriarentzat, eta orain, gutxienez, Tolosara edo Errezilera joan behar izaten dugu, Albizturren ere ez dagoelako".

Hori horrela, Zugasti harategian, esaterako, datafonoa jarri behar izan dutela kontatu du Garikoitz Lasa dendariak: "Jendea ohituta zegoen herrian bertan dirua atera eta eskudirutan ordaintzera; eta pandemia tarteko, eta kutxazaina kentzearekin batera, datafonoa jarri behar izan dugu".

Gehienbat adinekoentzat sortzen du arazo gehien. Herrian bertan dirua ateratzerik ez, eta beste herri batera mugitu behar izaten dute. Horixe da Nikasio Armendariz berrobitarrari gertatu zaiona: "Lehen kutxazaina martxan zenean, kotxean Tolosara jaisten nintzen, baina orain, adinagatik ez daukat gidabaimenik eta faltan botatzen dut zerbitzua". Kutxazaina kendu zutenean dirua ateratzera Tolosara taxian joaten zela kontatu du, eta gaur egun, herri langilearen laguntza duela, dirua ateratzeko.

Bestalde, herri txikietan dauden zerbitzuek, besteak beste dendek, harategiek edota ile apaindegiek ez dute guztiek datafonorik. Berrobiko Iturriza janari dendaren kasua da. Dirutan ordaindu behar da, eta Kandi Iturriza dendariak faltan sumatzen du zerbitzua: "Horrelako zerbitzu baten behar handia dugu herrian; herriko jendea bertan geratzea nahi izaten dugu, bertan kontsumitzea, baina horrelako zerbitzuak kentzen badizkigute, ez goaz inora".

Herrian bertan zerbitzu hori izatea "erosoa" ere badela esan du Begoña Olamusu berrobitarrak. "Bidanian egiten dut lan eta bietan falta zaigu kutxazaina; egia da lanetik etxerakoan Tolosa eta Ibarratik pasa beharra daukadala, baina bertatik bertara izatearen erosotasuna ederra da".

IKAZTEGIETAN ERE KOMERIAK

Urte asko dira kutxazain zerbitzua dutela Ikaztegietan, baina Bakarne Otegi alkateak esan du urte asko daramala "zerbitzu kaxkarra" eskainiz. "Kutxazaina nahiko zaharkituta dago, eta askotan izorratuta egoten da; dirua ematen duen eguna ia festa eguna izaten da herrian".

Herritarren kexa ugari jaso dituztela esan du Otegik, eta arrazoi ematen die, esanez, zerbitzu hori herritarren "eskubide bat" dela. Kutxabankeko gestorearekin izandako bilera batean gaia mahai gainean jarri berri dute, eta erantzunaren zain daude orain. "Aste pare bat emango dizkiegu ea zerbait erantzuten duten, eta beraien erantzunaren arabera ikusiko dugu mobilizatu edo ez", esan du. "Momentuz, gure esku dagoena eskubide hori aldarrikatzea da, eta ematen ari diren zerbitzua garantia batzuekin eman dezatela exijitzea".

Lapurretagatik ez bada, kutxazainak duen mugimenduari begira jartzen direla dio Otegik. "Herri txiki askotan, mugimendu gutxi izaten dela arrazoitzen dute, eta azken boladan, Ikaztegietan, behintzat, ez da mugimendu askorik egon, jendea joan denetan, behar duena egin gabe geratu delako".

Altzon ere lapurreta egin zuten herriko kutxazain bakarrean, duela denbora bat. Kutxabankek konpondu zuen ordea, eta normaltasunez martxan dagoela kontatu du Txomin Rezola alkateak. Hala ere, gainerako herriei begira, esan du zerbitzu hori Kutxabankek ezin badu eman, aldundiak sartu beharko lukeela tartean, eta irtenbide bat eman, herritarren "eskubide bat" delako.

BANKUEN BULEGOAK HERRIZ HERRI

Eustat Euskal Estatatistika Erakundeak emandako datuen arabera, eskualdeko 28 herritatik 9 herritan daude sukurtsalak. Besteak beste, Alegia, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Ibarra, Lizartza, Tolosa eta Amasa-Villabonan. Herri horietan kutxazain automatikoak ere badituzte, eta ez dago zehaztuta eskualdeko zein beste herritan dauden, baita ere, kutxazain automatikoak.

Datuetan azken hamabost urteetako gorabeherak agertzen dira, Berastegiren kasuan, 2010etik 2013ra zerbitzu hori ez zen eskaini, eta berriro zabaldu zuten bulegoa 2014an. Egun, zabalik dago. Eta Bidania-Goiatzen kasuan, berriz, 2009ra bitarte Kutxabanken bulego bat izan zuten, eta gero ixteko erabakia hartu zuten.

Hori bai, herri bakoitzeko bulego bakoitzak du bere ordutegia. Herri txiki askotan astean behin zabaltzen dute, ordutegi jakin batean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!