Koronabirusa abiapuntu hartuta, jatorria, pandemiaren kudeaketa, hartutako estrategia desberdinak, txertoa, maskara, edota COVID ziurtagiria izango dira, besteak beste, landuko dituzten gaiak, Villabonako Ernaik antolatu duen mahai inguruan. Gaur izango da Gurea zineman, 18:00etan hasita. Koronabirusaren inguruan herritarrek dituzten galderak eta zalantzak argitzeko ardura izango dute EHUko irakasle eta zientzialariak diren Izortze Santin eta Ugo Mayor-ek.
Pandemia hasi zenetik gaur egun arte desinformazioa «ikaragarria» izan dela dio Santinek, eta bere ustez, informazio eza ere kontuan hartu beharrekoa da. «Pandemiaren kudeatzaileak, agintariak, informazio ezaren bitartez aritu dira jendea desinformatzen Euskal Herrian. Beraiek hartzen dituzte erabakiak, baina horien argumentuak zeintzuk diren ez dizkigute sekula azaltzen. Zergatik? Horietako asko ebidentzia zientifikoaren aurkakoak direlako. Zaila da ebidentzia zientifikoan oinarritzen ez diren erabakiak hartzea. Beraz, zer egiten dute? Ez informatu. Askotan zientifikoen iritziak aintzat hartu beharrean, aholkularien iritziak hartzen dituzte kontuan, eta hori da gertatu dena. Ikuspegi politiko batetik kudeatu dute pandemia», azaldu du Santinek.
Desinformazioari dagokionez, ordea, pandemiaren inguruan sortu den eztabaidan sartu diren talde eta elkarte desberdinen aldetik etorri dela aipatu du, «hainbat mugimendu indartuz».
Erabakiak nork hartu dituen eta zergatik hartu dituzten ez dagoela argi gaineratu du Mayorrek: «Argi dagoen gauza bakarra da ez dela erraza izan, eta gainera, ez da ondo kudeatu. Egoera honek kalte asko egin dio gobernantzari eta gizarteari, horregatik, hobe egin zitekeen. Bi urteren ostean hori ikusi dugu».
NEURRI ZIENTIFIKOAK
Azken bi urteetan,COVID-19aren eragina gutxitzeko hainbat neurri hartu dira eta horietako gutxi batzuk soilik izan dute oinarri zientifikoa, EHUko bi kideen hitzetan. Horien artean, konfinamendua eta txertoa aipatu ditu Santinek: «Hasieran, identifikatzen ez ziren kutsatze kasuen kopurua ikaragarriak ziren, eta pertsona asko hiltzen ari ziren. Gaixotasun oso ezezaguna zen eta kudeatzeko zailtasunak genituen, horregatik, uste dut konfinamendua oinarri zientifikoetan erabaki zela. Txertoen erabilerak ere badu bere oinarria eta bere erabilera onuragarria izan dela ikusi dugu, gainera».
Ebidentzia zientifikoaren aurkako neurriak ere indarrean direla adierazi du zientzialariak, eta horren adibideetako bat da maskararen kaleko erabilera: «Jakin badakigu kutsatzeak, batez ere, leku itxi eta gaizki aireztatuetan ematen direla. Beraz, zentzuzkoa da musukoa kalean jende pilaketak daudenean janztea, adibidez, manifestazio batean edota aire librean ematen den kontzertu batean. Bestela, ez du inolako zentzurik, eta ebidentzia zientifikoak hala esaten du». Beste adibide bat ere aipatu du Santinek, eta hori da COVID ziurtagiriari lotutakoa. «Omicron iritsi aurretik bagenekien txertatuok transmititzeko gaitasuna geneukala, baina omicronekin askoz argiago geratu zaigu. Ikerketa pila bat daude esaten digutenak omicronekin txertatuak gaudenak eta txertatu gabekoak berdin transmititzen dugula, beraz, ez du izan inolako zentzurik mota honetako neurri bat jartzeak», esan du.
Mayorrek azken neurri horren alde positiboa aztertu du, milaka gutxi batzuk txertatzeko pausoa ematea lortu baitute. Hala ere, ziur dago komunikazio «garden» batekin eta «gutxieneko kanpaina» batekin, epe berdinean eta kostu baxuago baten truke askoz txertatze gehiago lortuko liratekeela.
GIZARTEAREN PARTE HARTZEA
Birusa geratzeko etorri da, eta, jada, gure bizitzaren parte bihurtu dela diote eta horregatik, informatuta egotea garrantzitsua dela adierazi du Mayorrek. «Azkenean, horrelako egoera batek gizarte guztiari eragiten dio, eta ez dakigu etorkizun hurbilean honek nola eragingo dion gure sistema publikoari. Jendea pribatura jotzen ari da, eta egoera honek izan duen eraginaren ondorioz, gaixotu direnez gain, gizarte osoarentzat inpaktu handia izan da. Beraz, gizartearen parte hartzea ezinbestekoa izango da hemendik aurrera hartzen diren erabakietan, guztioi eragiten digun egoera baita».