Altuna III.ak bakarrik irabazi du asteburuko binakako jardunaldian

Imanol Garcia Landa 2022ko ots. 7a, 19:59

Peña II.a tolosarrak eta Albisuk Tolosako Beotibar frontoian gaur arratsaldean jokatutako partida galdu dute, 22-9, Elezkano II.a eta Zabaleta bikote indartsu baten aurka.

Binakako Pilota Txapelketaren hamabigarren jardunaldiari Tolosako Beotibar frontoian eman zaio amaiera gaur arratsaldean. Peña II.ak eta Albisuk 22-9 galdu dute Elezkano II.a eta Zabaletaren aurka. Partidaren lehen partean pixka bat eutsi diote tolosarrak eta ataundarrak aurkariei, hiru tantotara gerturatuz, 8-5 eta 9-6 egon dira markagailuan, baina gero Elezkano II-Zabaleta pixkana tartea handitzen joan dira. Lehen atsedenaldira 12-6 iritsi dira gorriak, eta bigarrengora 18-7. Peña II-Albisuk, beraz, bost garaipenekin jarraitzen dute eta une honetan bosgarren postuan daude. Oraingoz, txapelketan jarraitzeko txartela badute, baina bi partidaren faltan, hurrengo jardunaldia erabakigarria izango da.

Sailkapeneko lehen lau bikoteek zortzina garaipen dituzte, eta beraien artean jokatuko dituzte lehen lau postuak. Gogoan izan lehen bi postuak zuzenean finalerdietako ligaxka jokatzeko sailkatzen direla.

Beste emaitzei dagokionez, Altuna III.ak eta Martijak 22-14 irabazi zioten Urrutikoetxea eta Arangureni. Sailkapeneko laugarren postuan daude amezketarra eta bere atzelaria, eta ostiralean Peña II-Albisu izango dituzte aurkari, Idiazabalen. 

Jaka eta Mariezkurrena II.ak bere partida galdu zuten, 10-22, Irribarria eta Rezustaren aurka. Honenbestez lau garaipenekin zazpigarren postuan daude. Datorren larunbatean Iruñean dute partida, Ezkurdia eta Tolosa bikoaren aurka.

Azken hauek ere euren partida galdu zuten jardunaldi honetan, eta hiru garaipenekin azken postuan daude, zortzigarrenean, alegia. Oraindik aukerak dituzte seigarren postua lortzeko, eta larunbateko partida hil ala bizikoa izango da aukera horiekin jarraitzeko. Jaka eta Mariezkurrena II.a antzeko egoeran daude, irabaztea ere ia ezinbestekoa baitute txapelketan jarraitzeko.

Elizegik ezin irabazi
Gaur arratsaldean ere bukatu da hamabigarren jardunaldia promozio mailako txapelketan, eta azken partida horretan Elizegi asteasuarra aritu da. Bakaikoa aurrelariarekin 19-22 galdu du Zabala-O. Etxeberria bikoaren aurka. Partida estua izan da, eta Bakaikoa-Elizegi 18-17 irabazten joan arren, amaieran egindako huts batzuengatik txapelketako hirugarren porrota jaso dute. Hori horrela, sailkapeneko bigarren postuan daude orain, bederatzi garaipenekin. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!