Desagertuz joango dira

Tolosaldeko Ataria 2022ko ots. 2a, 11:58

Herrietako kaleetan oraindik ere mantentzen diren telefono kabinak kenduz joango dira 2022 urtean zehar; Gipuzkoan 250 kabina inguru daude, eta astean dei bat egiten da batez beste.

Gure herri eta hirietako paisaiaren ohiko elementu izan dira ia ehun urtez, baina, laster guztiak kenduko dituzte, eta historiaren zati bilakatuko dira. Telefono kabinek derrigorrezko zerbitzu unibertsal izateari utzi zioten 2021 urteko abenduaren 31n, eta ondorioz, 2022an zehar kentzen joango direla iragarri dute.

Telefonica enpresak izan du orain arte zerbitzu hori mantentzeko ardura, baina, pasa den urteko azken egunean amaitu zen zuen hitzarmena, eta ez da luzatuko. Telekomunikazio enpresak adierazi duenez, pixkana erretiratuko dituzte estatuan dituzten ia 15.000 kabinak. Gipuzkoaren kasuan, 250 kabina inguru daude, tartean, Tolosaldeko herrietako kaleetan mantentzen direnak.

Telefonicak emandako datuen arabera, 2020 urtean, batez beste, 0,17 dei egin ziren estatu osoan, dei bat astean. Urtebete atzera eginda, berriz, 0,37 omen ziren batez beste egunean egiten ziren deiak. Beraz, beherantz etengabe joan dela ikusten da, ia ez erabiltzera iritsiz. Bestalde, biztanleen %88k sekula ez duela kabina bat erabili deiak egiteko ondorioztatzen da, Konpetentziaren eta Merkatuaren Komisio Nazionalaren datuei erreparatuta.

Telefono kabinen gainbehera telefono mugikorren sorrerarekin hasi zen. Gaur egun, mundu osoan bizi diren pertsonak baino gehiago dira mugikorretako lineak, eta esan daiteke salbuespeneko kasuetarako erabiltzen direla soilik kabinak. Ondorioz, lurralde askotan joan dira horiek kentzen euren herrietako kaleetatik.

Hori bai, badira kabina horietako batzuk mantentzeko hautua egin dutenak. Londres da horren adibideetako bat. Esanahi berezia izan dute bertan, bai duten itxuragatik bai eta koloreagatik ere, hiriko ikur izatera iritsi direlarik, eta horregatik oraindik ere hiriko leku esanguratsuenetan kabina gorriak topa ditzakegu.

Gurean, baina, badirudi ez dela horrelakorik gertatuko, eta urteetan formaz eta estiloz aldatuz ikusi ditugun elementu horien hutsunea geratuko da epe laburrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!