Makilak eta ahotsak prest, etxez etxe eskean ateratzeko

Ataria 2022ko ots. 2a, 11:59

Badator Santa Ageda bezpera, eta hainbat herritan kanturako deia egin dute; Altzon lehen aldiz aterako dira bertso eskolako kideak koplak abestera.

Otsaila hastearekin batera etorri ohi da Santa Ageda eguna. Eta kopla zaharrak dioen moduan, Santa Ageda bezpera da Euskal Herriko eguna. Ohiturari jarraituz, herri bat baino gehiagotan aterako dira santa eskean ostiral arratsaldean. Besteak beste, Alegian, Altzon, Ibarran eta Zizurkilen zabaldu dituzte deialdiak.

Usadioz, etxez etxe ateratzen dira eskean herritarrak, taldean, koplak kantatuz. Eta erritmoa markatzeko lagun izaten dute makila bat ere. Hala ere, esan izan da, lurrari dei egiteko, lurra esnatzeko jotzen dela makilarekin lurra, neguko solstizioarekin amaitu eta udaberriari ekiteko.

Ia beti, bertsolariak izaten dituzte lagun, trikitilariekin batera, koplak abesten. Hiruzpalau urte atzera eginda, Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkarguneak hartu zuen eskualdeko herrietan usadioa berreskuratzeko ardura. Berastegin egin zuten lehen ahalegina, eta pandemia iritsi arte lortu dute urtez urte kantuan ateratzea. Aurten, berriz, Haritz Mujika koordinatzaileak esan duenez, Baliarrainen ziren ohitura berrartzekoak, baina "egoera hala nolakoa izanik, eta baserrietan bizi den jende gehiena heldua izanik", nahiago izan dute beste urte baterako uztea.

Hala ere, Altzon egingo du aurtengo ekarpena Harituzek. Bertso eskola du bertan, eta bertako kideak aterako dira estreinakoz kantuan, herriko koruarekin batera. Mujikaren arabera, aukera aproposa da santa eskea lehen aldiz bertsotan aritzeko: "Nire lehen plaza ere santa eske egun batez egin nuen; lehen pausoak emateko leku polita da. Kopla mordoa kantatu behar izaten dira, ez du denbora ematen zehatz mehatz pentsatu eta ezin hobeto kantatzeko, baina asko kantatzen da eta jendea esker onekoa izaten da".

Altzoko bertso eskolakoen kasuan lehen aldiz ariko dira kantuan gehienak. "Ofizialki, aurten izango dute lehen plazatxoa eta ilusioz sumatzen ditut, beldur pixka batekin ere bai, baina lehen plaza beti izaten da mugarria, eta seguru datorren astetik aurrera beste modu batera ikusiko dutela esperientzia".

Mujika bera, Ane Zubia bertso eskolako kidearekin batera, Ibarrako santa eskean ariko da kantuan. Hauspoa elkarteak antolatu ohi du, eta herriko plazan 18:30ean geratu badira ere, 19:00etan Izaskundik abiatuta osatuko dute ibilbidea.

Modu berriak

Ikaztegietan ere, ohituraz, urtero atera ohi dira kantari, eskean. Pandemia tarteko, ordea, iaz ez ziren atera eta aurtengorako ere bertan behera utzi dute hitzordua. Aurten, ordea, beste modu batera keinu bat egin diote egunari. Bederatzi kopla idatzi dituzte eta Whatsapp bidez iritsi zaizkie herritarrei. Honela dio kopletan bigarrenak: Modan jarri da telebilera/ telelana ta bestea/ ta hortaz aurten egingo degu/ guk 'telesantaeskea'.

San Blasik ez

Bihar da San Blas eguna, eta Tolosan, berez, izen bereko auzoan festa izaten dute. Emendek elkartea arduratzen da erromeria, taberna nahiz jokoak antolatzeaz, eta meza ere izaten dute Tolosako baselizarik zaharrenean. Baina iaz bezala, aurten ere eguna ez ospatzeko erabakia hartu dute. Beraz, beste urte batez, erroskilla goxorik eta eztarriko minaren aurkako lokarria erosteko aukerarik ez da izango.

EGITARAUA

  • Alegia. 18:30. Txintxarri abesbatza kantari aterako da herrian barrena.
  • Altzo.17:00. Altzo Azpitik abiatuta, baserriz baserri, herrigunera. Koruko eta bertso eskolako kideak kantari aterako dira.
  • Ibarra. 18:30. Ibarrako plazan elkartuko dira, eta 19:00etan Izaskun jatetxeko aparkalekutik abiatuko dira. Koplatan Haritz Mujika eta Ane Zubia bertsolariak ariko dira.
  • Zizurkil. 12:00. Otaño ikastetxeko ikasleak aterako dira herrian barrena kantatzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!