Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuetan izena emateko epea, zabalik

Ataria 2022ko ots. 1a, 14:02

Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak ekainaren 27tik uztailaren 3ra izango dira aurten. Martxoaren 31 arte eman daiteke izena. 

Aurten ere ibiltaria izango da Uemak antolatutako ekimena. 50 laguneko bi zutabe abiatuko direla esan du mankomunitateak; bat Tolosatik, eta bestea Etxarri Aranaztik, eta laugarren egunean Leitzan elkartuko dira bi zutabeak. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da udalekuen helburua. Iaz gazte askok eman zuten izena, eta asko kanpoan geratu zirenez, aurten parte-hartzaileen kopurua bikoiztea erabaki du.

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira Uemaren ildo nagusietako bat azken urteotan, eta hainbat proiektu ditu abian gazteen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaldu eta arnasguneen garrantzia nabarmentzeko. Bide horretan, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu Uemak azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa hauekin.

Izena emateko epea gaur zabaldu du eta martxoaren 31 arte egongo da zabalik. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!