Itxurari begiratuz gero, trufak ematen dute baina barrutik mochiak dira. Mochia postre japoniarra da, arto irin finarekin egindakoa; biguna da. Trufa eta mochiaren arteko nahasketa izanik, etxean trufochiak bezala izendatu ditugu.
Lehenik eta behin itsasten ez den zartagin bat beharko dugu, orea egiteko. Osagai guztiak zartaginean botako ditugu. Lehenik, esnea; ondoren, maizena, azukrea eta txokolatea gehituko ditugu. Bexamela izango balitz bezala, su oso baxuan berotzen joango gara. Espatula baten laguntzarekin osagai guztiak berotzen joango gara. Su baxuan lanean ari bagara, ez zaigu erreko. Baina bestalde, solido bihurtzen joango zaigu. Nahasten joanez gero, orea solido bihurtzen joango da. Azken batean, plastilina moduko bat sortuko zaigu. Bost minuturen buruan prest izan beharko genuke.
Behin plastilina itxura lortzen dugunean, orea bol batera pasako dugu. Hozten utziko dugu gure orea. Behin hoztuta dagoela, eskuak erabiliz trufa itxura emango diegu, bolatxoak osatuko ditugu. Oso itsaskorra denez, eskuetan txokolate hautsa botako dugu. Bolatxo horiek euren artean ez itsasteko ere, txokolate hautsetan pasako ditugu. Azkenik, behin gure bolatxoak osatuta ditugula, hozkailuan gordeko ditugu. Denbora luzerako bada, izozkailuan ere gorde daitezke. Honela, izozki itxura ere hartuko dute.
Dagoeneko beraz jateko moduan izango da gure gaurko azkenburukoa. Zaporeari dagokionez, gure ohiko trufak gogora ekarriko dizkigute, baina testurari erreparatuz gero, xelebrea da, txikle testura du eta, biguna, gominola baten modukoa. Azken batean, hori da mochien berezitasuna. Kutxatxo polit batean bilduz gero, opari polit bat izan daiteke edonora eramateko.