Elikagai eta produktu bilketa, errefuxiatu sahararren alde

Irati Saizar Artola 2022ko urt. 27a, 19:58

Larunbat honetan Tolosa eta Villabonako supermerkatuetan egingo dute bilketa; gainerako herrietan, otsailaren 4ra bitarte izango da aukera.

Beste urte batez, saharar errefuxiatuen kanpamentuetara bidaltzeko janari, higiene produktu eta eskola materialaren bilketa jarri du martxan Tolosaldea Sahararekin elkarteak. Larunbat honetan, Tolosako eta Villabonako supermerkatuetan ariko dira bilketa egiten, goizez, eta otsailaren 4ra bitarte eskualdeko ikastetxe, udaletxe eta saltokietan ere aukera izango da produktu eta materialak uzteko.

Besteak beste, lekaleak, pasta, arroza, azukrea, olioa, eta atuna eta sardinak oliotan bildu nahi dituzte, eta baita konpresak, haur eta helduentzako pixoihalak eta eskolako materiala ere. Eli Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak esan duenez, produktuak bildu eta ahalik eta lasterren errefuxiatuen kanpamentuetara bidaltzea da helburua.

Horretarako, larunbatean, goizez, Tolosako eta Villabonako supermerkatuetan izango dira elkarteko kideak bilketa egiten. Sarreran esku-orriak banatzen ariko dira, bilketaren inguruko informazioa zabaltzeko, eta erosketak egin ondoren, norbaitek zerbait eman nahiko balu, leku bat egokituko dute produktu guztiak jasotzeko.

Horrez gain, Tolosaldeko herri guztietara ere deialdia zabaldu dute, ikastetxe zein udaletara, bilketa egiteko guneak egokitu ditzaten. "Otsailaren 4ra bitarte aukera izango dute herritarrek beraien alea jartzeko", esan du Eizagirrek. "Biztanle bakoitzak eskatzen dugun produktu horietako bakarra emango balu, izan kilo bat arroz, azukre, edo espageti pakete bat, pentsa zenbat kilo iritsiko liratekeen sahararrentzat". Iaz, esaterako, 3.500 kilo bidali zituzten eta aurtengorako ere horixe dute erronka: iazko kopurura iritsi edota kilo gehiago biltzea.

Behin bilketa eginda, otsailaren 7an eta 8an herriz herri egindako bilketak jasotzen ariko dira elkarteko kideak, eta guztia sailkatzen dutenean, kamioia kargatu eta errefuxiatuen kanpalekuetara bidean jarriko dutela zehaztu du Eizagirrek. "Han, Media Luna Roja Saharaui arduratzen da banaketa egiteaz, hitzartuta daukate familia bakoitzak zenbat pakete behar dituen gauza bakoitzetik eta banaketa egiten du". Kontatu duenez, data hauetan hemendik bidaltzen den karabana horren zain izaten dira sahararrak.

"Egoera kritikoan"

Azken bi urteak "gogorrak" izaten ari direla kontatu du Eizagirrek, saharar errefuxiatuen kanpalekuetan: "nazioarteko laguntza erabat jaitsi da, kooperanteen, harrera familion eta lagunon bisitak ere jaitsi dira, medikuen bisitarik ez dute, eta mundu mailan dauden beste arazoak medio, laguntza ekonomikoak asko jaitsi zaizkie. Egoera kritikoan daude".

Gogorarazi du azken urte eta hiru hilabeteak gerran daramatzatela, eta Mendebaldeko Sahara libreko nomada guztiak erbesteko kanpalekuetara mugitu behar izan zutela eta han jarraitzen dutela. "Aho horiek elikatu egin behar dira, eta geroz eta pertsona gehiago dira behar handiagoak dituztenak, beraz, laguntza ere handitu egin behar dugu".

Urterokoak mantentzen

Saharar herriari laguntzen jarraitzen du Tolosaldea Sahararekin elkarteak. Behin bilketa eginda, Oporrak Bakean programari begira jarriko dira, udan haur sahararrak hemengo familietara etor daitezen. "Azken bi urteetan etortzeko aukerarik ez dute izan, eta haur horiek handik etortzeko beharra daukate, hango udako tenperaturetatik babesteko beharra, ondo elikatzeko beharra, medikuek ikusteko beharra". Aurrerago hasiko dira uda honetarako harrera familiak lotzen.

Eizagirrek gogorarazi du, ordea, Oporrak Bakean ekimena momenturen batean desagertzeko sortutako programa dela, baina errefuxiatuen kanpamentuetan jarraitzen duten bitartean, elkartasunak jarraitu egingo duela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!