Aldarrikapen Eguna deitu du LAB-ek biharko

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 26a, 11:58

Beasaingo CAF enpresaren aurrean egingo den elkarretaratzera deitu dute; ziklo mobilizatzaile berria irekitzeko arrazoiak badaudela azaldu dute.

LAB sindikatuak deituta, mobilizazioak izango dira bihar, eskualdez eskualde, enplegu duina, genero arrakala gainditzea eta prekarietatearekin amaitzea eskatzeko. Tolosaldearen kasuan, Goierrirekin batera izango da mobilizazioa. Hain justu, Beasaingo CAF enpresaren aurrean elkarretaratzera deitu du, 11:00etan.

Sindikatuak adierazi duenez, pandemia garaiak «gogor» kolpatu du euskal langileen bizimodua. «Prekarizazio prozesua azkartu du, desberdintasun sozialak areagotu egin dira, eta bi urteko ibilbide malkartsuan, agerian geratu dira sistema honen hutsuneak, osasun sisteman, zaintzan eta oinarrizkoak diren lanetan, esaterako».

Lan munduan ez dela lan erreforma indargabetzeko erabakirik hartu eta sustatutako moldaketak askiezak direla dio LABek, eta berdin gertatzen dela pentsio erreformari buruz. «Ildo beretik, EAEko zein Nafarroako aurrekontuek ez diete erantzunik ematen langileon behar eta aldarrikapenei, ez dituzte politika neoliberalak alboratu eta ageriko hutsuneak dituzte».

Hori dela eta, LABen ustez, nahikoa arrazoi daude Euskal Herrian ziklo mobilizatzaile berria irekitzeko, «indar-harremanak langileon alde jartzeko». «Tamalez, mugarri behar zukeen Greba Orokorraren bidea zapuztu bada ere, geure asmoei eusten diegu: lantokietan borroka sindikalak biderkatzera goaz, kalean dinamika soziala hauspotu eta lan eta bizi baldintzak eraldatzeko euskal bide orria sustatzea dagokigu. Norabide horretan proposamen bi egin ditugu: bata, enpleguaren esparrua arautuko lukeen Euskal Lan Kodea, eta bigarrena, Gizarte Segurantzako Lege Propioa, pertsona guztion zaintza eta osasun-beharrei erantzungo liekeena». Aldi berean, lan munduan aldaketarako «oinarrizkoak» jotzen dituzten aldarrikapenekin LABek patronalari lanbide arteko bost akordio proposamen egin dizkiola esan du.

1.400 euroko gutxieneko soldataren bidean urratsak ematea; gehienez 30 orduko asteko lanaldiaren bidean urratsak ematea; genero arrakala gainditzea; enplegu suntsiketa amaitzea; lanaldi partzialak mugatzea; eta enplegu publikoa egonkortzea dira sindikatuaren aldarrikapenak.

Eta horiek, LABen arabera, «ez dira berez etorriko, langileon aktibaziotik baizik». Horregatik, biharko egunari Aldarrikapen Eguna deitu diote: «Euskal Herriko lantokietan, tokiko borrokak lan mundua eraldatzeko oinarrizko aldarrikapenekin lotzen dugu.Egoera irauli nahi badugu, borroka sindikal eta sozialak biderkatu behar ditugu».

Tolosaldea eta Goierriren kasuan, CAF enpresaren parean biharko elkarretaratzea deitu izana arrazoitu du: «Industrian azken hamarkadetan patronala sakontzen ari den azpikontratazio prozesuen bidez, deslokalizazioekin, errelebo kontratu ezak, ETTak... enplegu duina suntsitzen ari direla salatuko dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!