Plan funtzionalaren balizko emaitzarekin kezkatuta dago TOPA

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 26a, 11:59

Plataformaren ustez, Tolosaldeko Erresoluzio Handiko Zentro batek ez luke ordezkatuko erreferentziazko eskualde mailako ospitale publiko batek beteko lukeen funtzioa

Tolosalderako ospitale berriaren inguruan osatzen ari diren plan funtzionalaren emaitzaren inguruko pronostikoa egin du TOPAk Tolosako Abastosen egin duen agerraldian: «Plan horren emaitza erresoluzio handiko zentroa izango dela esatera ausartzen gara, eta ez eskualde ospitale bat, gainerako eskualdeek daukatena bezala». Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak, beste behin, eskualde ospitalea exijitu du. «Erresoluzio handiko zentro bat egiten da erreferentziazko ospitale osatu bat badago, hari laguntzeko, baina ez hura ordezkatzeko».

Azken aldi honetan izan diren mugimenduak aztertu ondoren, osasun alorreko arduradun politikoek izan ditzaketen asmoen inguruko zalantza agertu du TOPAk: «Ez dugu ahazten zer jarrera izan duen EAJk udal hauteskundeak ospatu aurreko bi astera arte, behin eta berriz ukatu baitzuen Tolosaldeak eskualde ospitale bat behar zuela». Plataformako kideek ohartarazi dute Gasteizko legebiltzarrerako azken hauteskundeetan ez zela eskualde ospitaleari buruz hitz egin hauteskunde programetan, Tolosaldeko Erresoluzio Handiko Zentroari buruz baizik. Tolosako udal gobernuan dauden EAJ eta PSE-EE alderdiek ere, Erresoluzio Handiko Zentro bat egitea sinatu zutela nabarmendu dute TOPAtik.

Osasun sailaren 2021-2024 Marko Estrategikoa ere ekarri dute hizpide plataformako kideek eta aipatu dute bertan ez dela eskualde ospitalea aipatzen, Tolosaldeko Erresoluzio Handiko Zentro bat baizik. «Bai gure alkateak, bai Sagardui sailburuak koma bat ere ez dute ahazten Erresoluzio Handiko Zentro baten ezaugarriak irakurtzerakoan baina ez dute ezer esaten eskualde ospitaleaz».

Ospitale berriaren plan funtzionalari buruz galdezka jende ugari gerturatu zaiela aipatu dute TOPAko kideek, eta informazio eza dagoela salatzearekin batera, agerraldia baliatu dute planari buruz duten iritzia emateko. «Susmo txarra hartzen diogu informazio ezari, errezelo txarra ospitalearen gai honek hasiera-hasieratik izan duen gardentasun ezari».

Plataformako kideek aitortu dute komeni dela ospitale berriarentzat plan bat egitea, baina plan horrek «ona» izan behar du beraien iritzian. «Plan funtzional bat teknikariek egina izatea ez da plan onaren sinonimo, edo ez du esan nahi gure eskualderako egokiena izango denik. Agintzen zaien hura sinatzen dute teknikariek, Eibarko ospitalearen kasuan argi eta garbi ikusi bezala».

TOPAkoek uste dute plan funtzional bat presio askoren menpe dagoela, «eta presio horiek zerikusia dute interes jakin batzuekin». Horregatik, eta beste autonomia erkidego batzuetako adibideari jarraituz, gisa horretako «desbideraketak eta hola-holako joerak saihesteko», sektore guztien parte hartzea bermatzea da bidea. «Informazioa eta gardentasuna» eskatu dituzte.

«Gure kezka da, etikak eta ekitateak agindu beharrean, arrazoi politiko-ekonomikek agintzea Tolosaldeko ospitalea egiterakoan. Gure iritziz, eskualde honetako ospitaleak eman behar duen arreta espezializatu eta ospitale arretak izan behar du gainerako eskualdeetako herritarrak XXI. mendearen lehen laurden honetan jasotzen ari direnaren antzekoa».

KLINIKAREKIN KEZKA

Gaur egun Tolosaldean osasun arreta emateko klinika pribatu kontzertatu bat dagoela aipatu dute TOPAko kideek, eta ez eskualde mailako ospitale publiko bat. Galdera ere bota dute horren inguruan: «Zein betekizun izango du klinika horrek Tolosako osasun mapa berrian eta zer etorkizun izango dute bertako langileek?».

Kezka plazaratuz amaitu du agerraldia Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak. «Kezkatzen gaitu agintarien aldetik dagoen informazio eta gardentasun faltak», esan dute. Zeregin hori dutenek egin ezean, eurek informatzen jarraituko dutela hitz eman dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!