Elkarrizketa

«Zaintzailea askotan bihurtzen da ezkutuko gaixo batean»

Jon Miranda Labaien 2022ko urt. 26a, 07:59

Saioa Garmendia ongizate emozionalean aditua denak, gaixo edo ezinduta daudenen zaintzan dabiltzan lagunentzat tailerrak eskaini nahi ditu Aiztondon; norberaren autozainketan arreta jartzeko saioak izango dira

Aurreko urtarrilaren 18an hitzaldia eskaini zuen Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean. Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak gaixorik edo ezinduta dauden pertsonen zaintzan dabiltzanei zuzendutako tailerrak eskaini nahi ditu eta horiek gidatzen ariko da Saioa Garmendia (Astigarraga, 1979). Zaintzaileekin auto-zaintza eta autoestimua landuko du tailerretan.

Jende asko gerturatu al zen aurreko astearteko hitzaldira?

Bai. Oso ondo joan zen. Gerturatu zen jendea pozik atera zen. , Dena den, Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak lanean jarraituko du, aurreko asteko hitzaldira gerturatu ahal izan ez zuten guztiei tailerren informazioa helarazteko.

Asko kostatzen al zaie zaintzaileei eguneroko errutina horretatik ateratzea?

Zailena eta arazorik handiena zaintzaileak errutinatik ateratzea da. Azken batean eginkizun asko dituzte eta ez dute denborarik izaten. Eurentzako denbora hartzea zaila egiten zaie. Kontuan hartu behar dugu estres handiko egoeran daudela zaintzaileak eta bizi duten situazioak beraien osasun psikologikoan eragin handia duela. Emozionalki arazo dezente izaten dituzte. Garrantzitsua da, beraz, zaintzaileek euren emozioak identifikatzen ikastea gero egoki kudeatu ahal izan ditzaten. Erreminta egokiak behar dituzte beren burua zaintzeko, eta niretzako garrantzitsuena, autozainketa da. Horretarako tresnak eskaintzea da gure lana.

Aldamenekoa zaintzeko norbera ondo egotea garrantzitsua da.

Noski. Gu ez bagaude ondo, ezingo dugu ondoan daukaguna zaindu. Nire tailerretan autozainketa hori da garrantzitsuena. Gu ondo gaudenean alboan duguna ondo zainduko dugu.

Zein profiletako zaintzaileak gerturatu izan dira zuk antolatutako tailerretara?

Nire tailerretara profil ezberdinetako pertsonak etortzen dira. Batzuk badira menpekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten familiartekoak. Badira adineko pertsonak zaintzen dituztenak, menpekotasuna duten umeen amak... Etxeetan langile bezala aritzen diren atzerriko zaintzaileak ere gerturatu izan zaizkit. Eta nahiz eta gaur egun inor zaintzen ibili ez, beren burua zaintzeko beharra duen jendeak ere izena ematen du nire tailerretan. Azken batean, autozainketa saioak dira eta interesa badu edozeinek parte hartu dezake. Denok behar dugu ondo egotea eta gure burua zaintzea.

Parte hartzaile gehienak emakumeak izaten dira?

Esango nuke nire tailerretara gerturatzen den %80 inguru emakumeak izaten direla. Egia da geroz eta gizonezko gehiago aritzen direla zainketa lanetan baina oraindik emakumea da rol hau betetzen duena. Emazteak, errainak, alabak... horrelakoak gerturatzen dira. Oraindik, nagusiki, zainketa emakumeen kontua da.

Zer nolako arazo fisiko edo psikologiko izan ditzake zaintzan aritzen denak?

Arazo ezberdinak izaten dituzte. Azken batean, menpekotasuna duen pertsona bat zaintzeak estres handia eta arazo psikologikoa dakar. Askotan inpotentzia sentitzen dute, bakarrik sentitzen dira, tristura dute, kezka... Beste batzuetan haserre daude beren senitartekoa horrela ikusteagatik. Arazo emozionalak asko dira. Beste gauza batean ere jartzen dut nik azpimarra, esperientzia faltan, hain zuzen. Horrelako egoera batean egotea tokatu ez zaigunez, maiz egiten ditugu akatsak eta horrek frustrazioa eragiten digu. Ez dakigu nola joango den gure senitartekoaren gaixoaldia eta horrek ere kezka dakarkigu. Sintoma fisikoak ere ugariak dira: neke handia, arazo muskularrak, buruko minak, kontzentrazio zailtasunak, loaren nahasmenduak...

Garrantzitsua al da beren buruarentzat denbora hartzea?

Bere burua alde batera uzten du askotan zaintzaileak. Beren bizitza geratuta geratzen da: lehen egiten zituzten gauzak ez dituzte egiten, ez dira lagunekin ateratzen, ez dira familiarekin egoten... Horrek denak autozainketa alde batera uztea dakar. Zaintzailea askotan bihurtzen da ezkutuko gaixo batean. Isilean egoten diren gaixoak dira. Horregatik ikasi egin behar du norberak bere burua zaintzen. Ez da egun batetik bestera egiten, prozesu bat da eta denbora eskatzen du. Egunak 24 ordu ditu eta gure burua zaintzeko ahalegin hori egin behar dugu behintzat eguneko tarte batean.

Zenbateko iraupena dute tailerrek?

Nire tailerrak normalean hamar hilabetekoak izaten dira. Ikasturte oso batekoak, uztaila eta abuztua aparte utzita. Tailerretan lantzen ditugun dinamikek bere prozesua dute eta taldekideek denbora behar dute dinamika horiek barneratzeko. Gehienetan hamabostean behin egiten ditugu saioak, arazo handiena denbora delako eta asteroko maiztasuna zailagoa delako haientzat. Ez du hainbesteko ahalegina eskatzen 15 eguneko maiztasunak. Hilean bi tailer izaten dira eta saio bakoitzak ordu pare bateko iraupena izaten du.

Jende kopuru mugatuko taldeak osatzen dituzu zure tailerretan?

Niretzat oso garrantzitsua da, gehienez ere, hamabi pertsonako taldea izatea. Taldeak txikia behar du, giro goxo eta intimo bat sortu dadin, konfiantzazkoa. Talde handian gehiago kostatzen da jendeak lasai hitz egitea. Herri txikietara joatea tokatzen zait eta askotan elkar ezagutzen dute parte hartzaileek. Horrelakoetan kosta egiten zaie ireki eta pasatzen zaienaz lasai hitz egitea. Horregatik guretzat oso garrantzitsua da intimitatea. Tailerretan gertatzen dena eta esaten dena hor geratzen da. Ez da bertatik ateratzen.

Elkarren konpainia eta elkarren esperientzien berri jakiteak mesede egiten dio zaintzaileari?

Bai. Tailerrak partekatzeko gune bat ere badira. Azkenean beren egoera bertsuan dauden pertsonekin elkartu eta kezkak konpartitzeak mesede egiten die. Emozioak eta sentimenduak adierazi eta kezkak eta zalantzak partekatzen dituzte eta horrek asko laguntzen die. Motxilatik pisua kentzen laguntzen die.

Doakoak beharko dute zure ustez gisa honetako tailerrek?

Niretzako garrantzitsua da tailer hauek doakoak izatea. Iruditzen zait zaintzaileek izugarrizko lana egiten dutela. Beren bizitza alde batera uzten dute, bizimodu guztia aldatzen dute zaintza lana egiteko. Lan isil eta bakarkakoa da. Iruditzen zait zerbitzu publikoa izan behar duela, eta beraz, doakoa. Nahikoa lan egiten dute bestela ere. Zaintzailearen figura ikusarazi egin behar da.

Zer egin behar dute Aiztondon tailer hauetan parte hartu nahi dutenek?

Parte hartu nahi dutenek Aiztondoko Zerbitzuen Mankomunitatera hots egin dezakete eta saioagarmendia@hotmail.com helbidera idatzi. Tolosatzen eskola irekiaren barruan aurkezpen hitzaldia eskainiko dut otsailaren 17an, ea han ere tailerrak sortzen diren. Gaur egun Orion, Astigarragan eta Villabonan aritzen naiz.

Nola animatuko zenituzke herritarrak izen ematera?

Badakit zaila dela zaintzaileak bere burua zaintzeko tarte bat hartzea. Animatzen ditut, hala ere, denbora hartu dezaten horretarako. Funtsezkoa da norberaren autozainketa, ondo egotea inportantea da ez bakarrik ezindua dagoena zaintzeko baita bizitza osasuntsu bat eramateko ere. Tresna erabilgarriak dira eguneroko bizitzarako eta dauzkagun korapiloak askatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!