Eskualdeko ekoizleak bilera ireki batera deitu ditu Lurtaro elkarteak

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 25a, 11:59

Bihar Adunako Zabala sagardotegian bilduko dira eskualdeko ekoizleak 18:00etan; ekoizpena «aktibatzeko» eman beharreko urratsei buruz hitz egingo dute bileran

Eskualdeko ekoizle guztiei deia luzatu die Lurtaro elkarteak, bihar, Adunan egingo duten bilera irekira joateko. Eskuartean duten proiektua aurkeztuko diete bertaratutakoei. «Nahiz eta zuzeneko salmentan aritu ez, nahiz eta ez jardun eredu agroekologikoan, denentzako zabalik dago biharko deialdia, baita ekoizle izan gabe, ekoizpenera saltoa eman nahi dutenentzat ere», azaldu du Maddi Sarasola elkarteko kideak. Bihar, 18:00etan bilduko dira Zabala sagardotegian.

Eskualdeko bederatzi lagunek elikadura burujabetzan sakontzeko proiektua landu dute azken bi urtean eta egitasmo hori herriz herri aurkeztu dute azkeneko hilabeteetan. Bilera horietan ekoizle berriak ezagutu dituzte, eta hain zuzen, sare hori oraindik ere gehiago zabaltzeko antolatu dute biharko hitzordua Adunan. «Elikadura osasuntsu bat aldarrikatzen dugu eta horretarako agroekologia hartzen dugu oinarri. Badakigu egun batetik bestera eredu horretan hastea oso zaila dela, gutxiengoa dela gaur egun molde horretan dabilena, baina uste dugu etorkizuneko elikadurak horrelakoa behar duela izan eta hortaz bide luze bat dagoela egiteko», dio Sarasolak.

Oraina eta etorkizuna nola ikusten duten azalduko diete ekoizleei biharko bileran. Bi urteetako ibilbidean, beste eskualdeetako proiektuak ezagutzen aritu dira Lurtaroko kideak, ekoizpena nola antolatzen duten ezagutzen. Ikusi eta ikasitakoa partekatuko dute bileran Tolosaldeko ekoizleekin.

«Ikusten dugu ekoizleak gaur egun modu autonomoan eta indibidualean ari direla. Berez ez da ezer txarra, baina ikusten dugu gurea bezalako proiektu bat martxan jarri nahi badugu, beste saretze batek egon behar duela», nabarmendu du Lurtaroko kideak. Besteak beste, ekoizpenari erantzun kolektiboa ematea planteatzen dute buruan duten proiektuan. «Soilik kontsumotik begiratzen badiogu zaila izango da ekoizpena aktibatzea. Elikagaien denda bat sortzea adosten badugu, adibidez, antolaketa bat beharko dugu denda hori hornitzeko. Dena den, hori guztia abiapuntu bat izan daiteke, eta horretarako beharra ikusten badugu, harago joan gaitezke. Baliabideen saretze bat planteatu dezakegu, edo ideiak partekatzeko espazio bat. Hori guztiari buruz hitz egin nahi dugu ekoizleekin».

KOOPERATIBA JOMUGAN

Azkeneko hilabeteetan landutako proiektua partekatzeko eskualdeko herrietan egin diren aurkezpenen inguruko balorazio «positiboa» egin dute Lurtaroko kideek, uste dute gerturatutakoek azaldu dutela elikaduraren inguruko kezka. Sozializazio prozesua itxi eta pauso berriak emateko barne lanketa egiten ari dira elkartean. «Eredu ezberdineko kooperatibak daude eta gu ari gara hori aztertzen. Gobernantza ereduak eta erabaki guneak zenbateraino partekatuak izango diren edo ez eztabaidatu beharko dugu. Proposamenak lantzen ari gara eta aurrerago lan saio irekiagoak egin beharko ditugu jendeak bere iritzia eman dezan eta kooperatiba horrek zein forma hartuko duen zehazteko».

Egitasmoarekin bat egiteko gogoa sumatu dute aurkezpenetara gerturatu diren herritarren aldetik. Esku-orriak banatu dituzte herritarrek izena eman dezaten eta hemendik aurrera haiekin komunikazio kanal zuzena izango dute. «Interesa agertu du jendeak. Profil ezberdinak gerturatu zaizkigu. Batzuk zuzenean galdetu dute zertan lagundu dezaketen, eta beste batzuk, berriz, gehiago ikusi dute beren burua kontsumitzaile bezala, nahiz eta animoak eman dizkiguten bide honetan jarraitzeko. Lan taldeetan parte hartzeko prestutasuna azaltzen duen jendea ere gerturatu da. Asmo hau sortu da bederatzi lagunen borondatezko lanetik baina ezin du aurrera egin, soilik haien bizkar; proiektu hau izango bada, izango da partekatua eta kolektiboa. Anbizio dezenterekin planteatu dugu egitasmoa. Ez da denda bat irekitzea soilik, ekoizpena ere kontuan hartu eta hura antolatu nahi izateak konplexutasun handia eskatzen du».

Proiektuaren dimentsioak berak denboretan nahi baino mantsoago aritzea dakarrela aitortu dute Lurtaroko kideek. Hala ere, argi dute askotan pausoak azkar emateagatik bidean beste gauza asko galtzen direla. «Poliki baina ziurtasunez» ari direla esan du Sarasolak. Eskualdeko elikadura osasuntsurako proiektua gauzatzeko bidean beste urrats bat emango dute bihar, ekoizleekin batera, Adunako Zabala sagardotegian.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!