Hiru garaipen eta porrot bat eskualdeko pilotarientzat

Ataria 2022ko urt. 24a, 12:21

Argazkia: Baiko.

Ezkurdia-Tolosa bikoteak geroz eta urrunago du seigarren postua; hamar neurketatik bi soilik irabazita sailkapeneko azken postuan daude.

Binakako Txapelketaren ligaxkaren hamargarren jardunaldiak sailkapena estu-estu utzi du. Lau jardunaldiren faltan, goiko postuetan estu dira gauzak: bost bikote daude bi garaipenen tartean.

Eskualdeko pilotarientzat hiru garaipen eta porrot bat izan dira azken jardunaldian. Asteburuko lehen partidan, Jaka-Mariezkurrena II bikoak 22-12 irabazi dio Urrutikoetxea-Aranguren bikoteari. Seigarren postuan daude, momentuz, Jaka eta Mariezkurrena, lau garaipenekin, eta atzetik dute garaipen kopuru berarekin Urrutikoetxea-Aranguren bikotea.

Peña II-Albisu bikoak ere beste puntu bat eskuratu du, Laso-Imazi 22-14 irabazita. Horrela, bosgarren garaipena eskuratu dute eta bosgarren postuari eutsi diote. Postu bat gorago daude kokatuta Altuna III-Martija, seigarren partida irabazita; lehen postuan dauden Elezkano II-Zabaleta bikoteari 22-13 irabazi diote. 

Eta sailkapenean bigarren postua euskaratu duten Irribarria-Rezusta bikoak ez du barkatu oraingoan ere, eta mendean hartu dute Ezkurdia-Tolosa bikotea, 22-10 irabazita. Geroz eta urrunago du sailkatzeko aukera pilotari anoetarrak; sailkapeneko azken postuan da bikotea, oraingoz bi partida soilik irabazita. Lau jardunaldiren faltan, ilun dute etorkizuna. Hurrengoak irabazi ezean, agur esan beharko diote txapelketari.

Datorren jardunaldian, hamaikagarrenean, eskualdeko lau pilotariek elkarren artean lehiatu beharko dute. Igandean izango da Altuna III-Martija eta Jaka-Mariezkurrena II.aren arteko partida Donostian, eta hurrengo egunean, urtarrilaren 31an, Tolosako Beotibar pilotalekuan neurtuko dituzte indarrak Ezkurdia-Tolosak eta Peña II-Albisuk.

Garaipena Elizegirentzat ere

Sailkapeneko lehen postuan jarraitzen dute Elizegik eta Bakaikoak, promozio mailako binakako txapelketan. Azken partida ere irabazi dute, 22-3 Zubizarreta III-Eskiroz bikoaren aurka, eta hamar jardunaldietan bederatzi garaipen lortu dituzte. 

Omenaldirik ez Bengoetxearentzat

Gaur arratsaldean zuen jokatzekoa Bengoetxea VI.ak bere azken partida Tolosako Beotibar pilotalekuan. Bada, ezker izterrean min hartu du asteburuan, eta ez da Tolosan izango. Horren ordez, otsailaren 21ean jokatu du azken partida hori Beotibarren, eta otsailaren 1ean jarriko dituzte sarrerak salgai entradasfronton.com webgunean. Baikok jakinarazi duenez, Iñaki Artolak ordezkatuko du Bengoetxea VI.a gaurko jaialdian.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!