Mintzapoza tonbola, euskara bultzatzeko

Ataria 2022ko urtarrilaren 22a

Galtzaundi Euskara Taldeak Mintzapoza tonbola jarri du gaur, Tolosako San Frantzisko ibiltokian. Sari ugari banatu dituzte, helburua bakarra izanik: mintzalagun egitasmoari bultzada ematea.

Mintzalaguna egitasmoa euskaraz hitz egin ohi duten pertsonak, euskaraz egin nahi duten pertsonekin euskaraz aritzeko eta elkartzeko programa da. Mintzalagun taldeek gainera urtean zehar hainbat ekintzatan ere parte hartzen dute, hala nola, Durangoko azokara egun pasa egiten dute, Olentzeroren etxera bisita, Mintzatxotxa eta Mintza Eguna, besteak beste.

Egitasmoaren barruan eta proiektua ezagutzera emateko asmoz Mintzapoza tonbola jarri dute gaur Tolosan eta herritar ugari gerturatu da. Katiluak, bolalumak, poltsak eta termoak banatu dituzte.

Galtzaundi Euskara Taldeak gogoratu du Mintzalagun taldeetan izen ematea doakoa dela eta ikasturte osoan dagoela irekita. Beraz, parte hartu nahi duenak herriko udaletxera edota euskara taldearen egoitzara jo behar du izena ematera. Bestetik, online ere izena eman daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!