Bi langileri lan eskubideak defendatzen lagundu diela esan du Langileen Autodefentsa Sareak

Ataria 2022ko urtarrilaren 22a

TLASko kide bat kaltetutako bi langileekin. Iturria: TLAS

Ostalaritzan hiru urtez kontraturik gabe lanean aritu diren bi langilek Tolosaldeko Langile Autodefentsa Sarera jo zuten. Nagusiak langileei zor zien guztia ordaintzea lortu dutela esan du.

Hiru urtez ostalaritzan kontraturik gabe lanean ari ziren bi langile Tolosaldeko Langile Autodefentsa Sarearekin jarri ziren harremanetan.  TLAS taldeko kideek esan dute langileak ordu estrak egitera derrigortzen zituela nagusiak, eta ordu horiek ez zizkiela ordaintzen. Halaber, zegozkien oporrak gozatzeko aukerarik eman ez, eta gainera, hauek ere ez zizkien ordaintzen. Lan-ikuskapena tabernara joan zenean gainera, nagusiak kaleratu egin zituen inongo kalte-ordainik ordaindu gabe.

Egoera horren aurrean, langileak Tolosaldeko Langile Autodefentsa Sarearekin jarri ziren harremanetan eta sareko kideek esan dute  nagusiak langileei zor zien guztia ordaintzea lortu dutela.

Eskubide urraketak salatzeko dinamika
Autodefentsa sareko kideek ordaindu gabeko lanak eta kontraturik gabeko lanen kasuak salatzeko dinamika bat jarri zuten martxan pasa den abenduaren hasieran. Dinamika horren bidez, esplotazio egoera horiek salatu, zein haiei aurre egiteko baliabideak zabaltzen aritu dira. Nolanahi ere, bestelako lan gatazkei ere aurre egiteko antolatzen dira; besteak beste, laguntza juridikoa eskainiz edota babes soziala antolatuz. Dinamikari amaiera emateko, otsailaren 2an solasaldi bat antolatuko dute. Hitzaldi horren inguruko zehaztapenak sare sozialen bidez zabalduko dituzte. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!