Gaur arratsaldean, Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal eta Iker Zubeldia ariko dira bertsotan eta Amaia Agirrek egingo ditu gai-jartzaile lanak. Saio berezia izango da 2022koa ere egoerak eskatutako segurtasun neurri guztiak bete beharko baitira. Sarrera guztiak salduta daude, eta ez da leihatilan sarrerarik izango.
Sarrerak erosita dituztenei puntualtasuna eskatzen diete antolatzaileek. Leidorrera sartzeko ateak 17:15ean zabalduko dira, eta jendeari denborarekin etortzeko eskatu nahi zaio. 18:00etan hasiko da saioa, eta puntual hasiko dela ohartarazi dute. Osasun egoerak eskatzen duen moduan, sarrera duten guztiei Leidorrera sartu ahal izateko COVID ziurtagiria eskatuko zaie, eta eskura izatea eskatzen da jendearen ilara ahalik eta azkarren pasatzeko.
Behin ateak irekita «lasaitasunez» ibiltzeko eskatzen zaie bertsozaleei; sarrerak zenbakituak direnez, bakoitza bere lekuan eseri beharko da. Eta saioak irauten duen bitartean nahitaezkoa izango da maskara jantzita izatea. Behin saioa amaitzean, atzeko ateetatik atera beharko da, eta txandak errespetatuz atera beharko da, pilaketak ekidinez.
KONTUAN HARTZEKOA
- Ateak 17:15ean irekiko dira, eta saioa 18:00etan puntual hasiko da.
- COVID ziurtagiria eskura izan eta aurkeztu beharko da.
- Maskara jantzita izatea beharrezkoa da.
- Barruan lasaitasunez ibili eta segurtasun tarteak errespetatzea eskatzen da.