Joxe Mari Villanueva Tolosako Udaleko bozeramaile sozialistak azaldu duenez, Tolosaldeak 1.836.176,96 euro jasoko ditu Espainiako Gobernuak COVID-19ak sortutako kalte ekonomiko eta sozialei aurre egiteko onartutako funtsetatik. «Helburu nagusia da zerbitzu publikoak indartzea, besteak beste, osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak», esan du zinegotziak. Kopuru horretatik 691.037,19 euro jasoko ditu Tolosak.
Villanuevak esan duenez, COVIDak sortutako pandemia dela eta, «ezohiko» egoera bizi dugu eta kalteak familiek, enpresek eta eragileek jasan dituzte. Hori dela eta, susperraldi ekonomikoa lortu behar dela uste du eta diru hori horretara bideratu behar dela esan du. «Espainiako Gobernutik datozen funts horiek oso beharrezkoak dira eskualderako, baina bereziki Tolosako Udalarentzat, herritarretatik gertuen dagoen erakundea delako. Ongizatearen oinarrizko zerbitzuak ematen ditugu udalean, eta beraz, laguntza ekonomiko horiekin udal zerbitzu publiko hobeak eman ahalko ditugu, gure bizilagunen bizi kalitatea hobetuz».
Erakundeen arteko batasuna eta lankidetza oso garrantzitsuak direla nabarmendu du eta jasotako diru laguntza eskertu du. «Ezinbestekoa da udalek behar adina diru sarrera izatea agindu zaizkigun eginkizunak bete ahal izateko».