Elkarrizketa

"Egoera hau aldatzeko mobilizazio jendetsuak ezinbestekoak dira"

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 19a, 07:59

Tolosaldeko Gazte Koordinadora Sozialistak hilaren 29an manifestazioak antolatu ditu Bilbon eta Iruñean; aurrez, larunbat honetan, Alegian kontzertuak izango dira.

Ondorengo egunetako mobilizazioetan parte hartzera deitu dute Beñat Larrañaga (Tolosa, 2000) eta Ane Galarzak (Zizurkil, 1998).

Urtarrilaren 29an, Bilbora joateko deialdia egin duzue.

Hori da. GKSk antolatzen dituen lehen manifestazio nazionalak izango dira Bilbokoa eta Iruñeakoa. Modu orokor batean esanda, bankarien, enpresari handien eta politikari profesionalen boterearen aurka mobilizatuko gara, pobreziara eta askatasun ezara kondenatzen baikaituzte. Gainera, azken urteetan zein hilabeteetan ofentsiba hau azeleratu dela ikusten ari gara eta horren auka mobilizatu behar garela deritzogu.

Aurrez eskualde mailan ere antolatu dituzue ekimenak.

Hilabete hasieran batzar irekiak egin ditugu Alegian, Tolosan, Anoetan eta Villabonan, non urtarrilaren 29an kalera irteteko ditugun arrazoien inguruan hitz egin eta bertaratu direnen galderak zein ekarpenak gehitzeko aukera izan dugun. Horretaz gain, testuinguruaren gaineko irakurketa biltzen duen esku orriak banatu ditugu, hainbat mural egin… eta oraindik ere lanketa ezberdinak egingo ditugu datozen egunetan, besteak beste, larunbatean Alegiako gaztetxean egingo dugun Nikotina, Little Martin eta Stepi Selektah-ren kontzertua. Esango genuke testuinguruaren gainean egiten dugun irakurketa gero eta jende gehiagok elkarbanatzen duela. Gainera, egunerokotasunean bizi ditugun arazoei erantzun errealak emateko politikari profesionalek duten ezintasuna nabarmena da, baita ezkerreko bezala izendatzen diren alderdien partetik ere. Guzti horrek, bere kabuz antolatzeko abagunea irekitzen dio langilegoari eta bide horretan pauso bat gehiago izango dira urtarrilaren 29ko manifestazioak.

Ekimen hauek zein testuingurutan kokatzen dituzue?

Langilegoak gero eta pobrezia handiagoa eta eskubide gutxiago dituen testuinguruan kokatzen ditugu mobilizazio hauek. Gazteok bizi dugun errealitatean ere nabarmena da joera hori. Gure gaitasun ekonomikoa gainbehera izugarrian doa, langabezia-tasa handiak, lan-kaleratzeak, soldata baxuak, lan ezegonkorrak, bizitzaren garestitzea eta abar dira horren zenbait adierazle. Era berean, orain arte ukiezinak ziruditen eskubideen ezabapena ere normalizatzen ari da COVID-aren aitzakiapean eta pandemiari emandako aterabide polizialak ere egoera okertu du: jazarpen poliziala, kontrol soziala, desinformazioa, sozializatzeko espazio eta aukeren murrizketa... Gainera, gazte eta belaunaldi berrien gainean interbentzio kultural handia ari dira ematen, alegia, gure pentsatzeko eta jokatzeko moduak datozen garaietara egokitzen. Izan ere, pobreziaren gorakadak ezinbestekoa du zapaldutako subjektibitate bat ezartzea, gauzak beste modu batetara izan daitezkeenaren ideia ezabatuz. Horretarako, funtzio garrantzitsua ari dira jokatzen sare sozialak, komunikabideak, industria zinematografikoa, bideo-jokoak eta bestelako plataforma digitalak. Finean, pobreziara eta askatasun ezara egokituko den izateko eta bizitzeko modu bat bultzatzen dute gazte eta belaunaldi berriengan.

Hala ere, ez dugu uste horiek gazteon arazoak soilik direnik, orokorrean, langile guztiek bizi dituztenak baizik; eta arazo horiei aurre egin ahal izateko ezinbestekoa da errora jotzea. Hor kokatzen dugu krisialdi kapitalista, eta horren ondorioz ezartzen dituzten mugimendu bezala ulertzen ditugu bizi ditugun arazoak. Pobre bizitzea normalizatu eta horren aurrean obedientzia eta sumisioa bermatu nahi dute, horretaz ari gara ofentsiba ekonomiko eta politiko bat ematen ari dela diogunean.

Urtarrilaren 29ko manifestazioen helburua zein da?

Manifestazioen helburua da bizi ditugun arazo hauek gizarte eredu honen ondorio direla salatzea eta, horren aurrean, gizarte sozialista baten urgentzia azpimarratzea. Egoera hau aldatzen joan ahal izateko ezinbestekoa izango da mobilizazio jendetsuak gauzatzea, basakeria kapitalistaren aurka gaudela adieraztea kaleetan.

Zein mezu zabalduko dituzue Bilbotik eta Iruñeatik.

Burgesiaren diktadura gelditu lelopean egingo ditugu manifestazioak, izan ere, bankari eta enpresari handiak dira bizitzen ari garen egoeraren erantzule nagusiak. Egunez egun pobreziara eta askatasunik gabeko bizitzara kondenatzen ari direla salatuko dugu, baita hau bultzatzen ari diren politikari profesionalen ardura seinalatu ere.

Bestalde, errealitate honi aurre egiteko esperantza piztu nahi dugu. Baita pobretzen ari garenon arteko elkartasuna handitu behar dela aldarrikatu eta politikari profesionalen fartsatik kanpo antolatu behar dugunaren mezua zabaldu ere.

Eskualdeko herritarrei zein deialdi egiten diezue?

Urtarrilaren 29rako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu, eta hainbat herritako tabernetan autobusean izena emateko zerrendetan apuntatzera animatu ere: Tolosako Amaiur eta Asteasuarra, Alegiako Hilario berri, Anoetako Arkupe, Ibarrako Atari eta Aiztondoko Egarri eta Rainbow. Premiazkoa da testuinguru hau salatzea eta bakoitzak bere aletxoa jarri eta Bilbon zein Iruñean kaleak hartzea.

Era berean, eguneroko lanak duen garrantzia azpimarratuz, bai gazteak zein, oro har, langileak politikoki antolatzen joatea da bultzatzen duguna, bakoitzak dituen gaitasunen eta aukeren arabera bere ekarpena eginez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!