Itxialdia ari dira egiten pentsiodunak

Ataria 2022ko urtarrilaren 13a

Pentsiodunen Mugimenduak lau urte betetzen ditu, eta itxialdia ari dira egiten Donostian, tartean Tolosaldeko pentsiodunak; larunbatean manifestaziorako deia egin dute.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak lau urte beteko ditu larunbatean, hilaren 15ean, eta urteurrenaren harira, manifestazioa egingo dute Donostian, eta Hego Euskal Herriko beste hiru hiriburuetan eguerdian. Manifestazioa baina, ez da egingo duten mobilizazio bakarra izango. Aste hasieratik, esaterako, Donostian, Egiako Txoko Internazionalistan itxialdia ari dira egiten hainbat pentsiodun, eta tartean dira Tolosaldekoak ere.

«Gauez Internazionalisten Txokoan gaude, eta egunez larunbaterako deialdiaren berri ematen ari gara herritarrei kalean, eskuorriak banatuz eta kotxeetan megafonia bidez», esan du Iñaki Elduaienek Tolosaldeko Pentsiodunen Mugimenduko kideak.

Elduaienek azaldu duenez, larunbatean «ahalik eta jende gehien» azaltzea da helburua, «mugimendua indartsu dagoela erakusteko». Orain arte egindako bidea «oso positiboa» izan da pentsiodunen ustetan; «mugimendua hasi zenean hilabete batzuetarako izango zela uste genuen, baina, aldarrikapenek jarraitzen dute, mugimendua egonkortuta dago, eta garbi ikusten duguna da jarraitu egin behar dugula».

Aldarrikapen batzuk lortu dituzte, baina, oinarrizko hainbat lortu arte borrokan jarraituko dutela diote: «Pentsioen publikotasuna eta 1.080ko gutxieneko pentsioa izatea izango dira 2022an lehentasunezko aldarrikapenak».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!