Aralarren babestutako ekosistemak suntsitu dituztela salatu dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 13a, 11:58
Iturria: Landarlan

Eguzki eta Landarlan elkarteek salaketa jarri dute ezezagunek Aralarren ote eta txilar desbrozeak egin dituztelako. 

Eguzki eta Landarlanek esan dute irailaren amaieran eta urriaren hasieran, ezezagun batzuk ote eta txilar desbrozeak egin zituztela, ustez, baimenik gabe, Enirio aldean, Aralarko Parke Naturalean eta Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremuan, 20 Ha-ko eremuan. "Horietako asko mendi babeslean daude. Salatutako otadi eta txilardi sastraka garbitzeak eragina izan ahal du interes komunitarioko sei habitatetan", zehaztu dute.

Landarlan elkarteak esan du era berean, eskualdeko elkarte gisa, informazio publikoa eskatu ziola Enirio- Aralarko Mankomunitateari, aipatutako lurren jabe bezala, eta bi hilabete igaro ondoren ez duela erantzunik jaso. "Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Parke Naturalaren kudeaketaz arduratzen den administrazioa den aldetik, jendaurreko informazioa eskatu diogu, eta gertatutakoa aztertuko zutela erantzun ziguten, baina gero ez dugu beste erantzunik jaso". Egoera ikusita Eguzkirekin batera gertaera salatu du Ingurumen Fiskaltzan. "Baimenik gabe egindako ekintza izan dela frogatzen bada, delitu izateaz gain ekintza oso larria izango litzateke, Aralarren edonork edozer gauza egiteari ateak irekiko bailioke, eta administrazio eta erakunde kudeatzaileen aldetik erantzun bateratu eta irmoa jaso beharko litzatekeela uste dugu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!