Tuterako erailketa salatu dute Aiztondon

Ataria 2022ko urtarrilaren 12a

Bihar 19:00etan, Tolosan eta Anoetan egingo dira protestak; Euskal Herrian 2003tik erail duten 113. emakumea da Tuterakoa

Astelehenean 38 urteko emakume bat erail zuen bere bikotekideak Tuteran. Gaur arratsaldean, Akain eta Lurgatz talde feministek eta Aiztondoko Mugimendu Feministak «nazkatuta» daudela esan eta indarkeria matxista lehen mailako arazo politikotzat hartua izan dadin eskatu dute Villabona eta Zizurkil arteko zubian egindako elkarretaratzean: «Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu».

Autodefentsa feministarako deia luzatu eta eurena bizitzaren aldeko apustu erradikala dela esan dute bildutakoek. «Bizi dugun osasun krisi honetan biltzeko eta harremantzeko inoiz baino oztopo gehiago ditugu. Badakigu zaintza sareak ezinbestekoak direla indarkeria sexistari aurre egiteko, pandemiarekin modu berriak bilatu behar izan ditugu harremanak zaintzeko, baina inoiz ez dugu indarkeriaren aurka borroka egiteko indarra galdu», aldarrikatu dute. «Elkarrekin borrokan jarraituko dugu denak aske izan arte».

2003tik 113 emakume erail dituzte Euskal Herrian. Aiztondoko talde feministen ustez, biolentzia matxistaren pandemiak mendeak daramatza mundu honetan eta feminismoa da dagoen antidoto bakarra horri aurre egiteko. Autodefentsa feministarako deia egiten eta Tuterako erailketa salatzeko gaur elkarretaratzeak egingo dituzte 19:00etan, Tolosako Trianguloan eta Anoetako plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!