ELKARRIZKETA

«Pailazo izatea bizitzari aurre egiteko izaera bat da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko urt. 16a, 07:57
Iker Galartza, Gure Zirkuaren karparen aurrean. J. A. D.

Behin ileorde berdea eta sudur gorria jantzi, eta han eta hemen ia 30 urtez pailazo modura aritu izan da Iker Galartza; gorabeheraz beteriko ibilbidea izan du, baina lehen emanaldiko ilusio berari esker, betidanik izandako ametsa bete eta proiektu berriak abiatu ditu, betiere, asmo berdina mantenduz: ikusleek bezain beste edo gehiago gozatzea.

Irurako baserrian lotsak alde batera utzi, eta nerabezaroan, lagunekin batera, agertokietara ateratzeko beldurra galdu zuen Iker Galartzak (Amezketa, 1977). Istorio propioak idazten ditu, baina ez da gidoilaria. Tomax, Pruden, Andoitz, Peio edota Bittor bezala ezagutu arren, pertsonaia bat bera ere ez du maite Poxpolo bezain beste.

Iker Galartzak berak jakingo al luke bere burua deskribatzen?

Ez dakit. Nire hiru seme-alabei askotan galdetzen diet helduak izaten direnean zer izatea gustatuko litzaieken, baina beraiek ere ez dakite oraindik. Batek dio nik egiten dudana egitea gustatuko litzaiokeela, baina orduan ondorengoa galdetzen diot: «Eta zer da nik egiten dudana?». Askotariko esparruetan ikusten dute aita, eta oso gustuko dute hori. Nik ere oso gustuko dut horrela lan egitea. Hala ere, ez naiz aktore kontsideratzen, aktore baino pailazo modura gehiago bizi izan naizelako, eta bizipen gehiago izan ditudalako. Komediante? Akaso, baina drama egitea ere gustuko dut.

Bestetik, bote pronto handiko pertsona naizela esango nuke. Zenbaitetan asmatu izan dut, baina hanka sartzeak ere egin izan ditut askotan, umorea egiterako orduan beti mugan aritzen naizelako.

[Mokolo] «Taldearen oinarria zen, sostengua. Lagun handi bat galtzeaz gain, taldekide handi bat galdu nuen»

Nola gogoratzen duzu haurra zeneko Iker Galartza?

Nire semeari begira jarri eta kalko bat ikusten dut. Ez da geldirik egoten, eta jaikitzen den unetik lokartzen denera arte, galdera ugari egiten ditu, etengabe. Beti aurkitzen du aisiarako edo jolaserako tarteren bat, eta zirkura joan eta bertan entrenatzera gonbidatuz gero, baiezkoa dio beti. Halakoa nintzen ni.

Gerora, pixka bat helduagoa zinenean, argi zenuen pailazo izan nahi zenuela?

Ez. Pailazoek txoratu egiten ninduten. Ez nuen pentsatzen, ordea, horretatik bizi zitekeenik. Urte haietan, Goenkale edo Bi eta bat telesailak ikusten genituen, eta horietan aktore izateko gai sentitzen nintzen. Unibertsitatera joan nintzenean ere, neure burua ez nuen filologo, euskararen aditu edo irakasle bezala ikusten; telebista mundua eta pailazoak miresten nituen gehien.

Pailazoena, ordea, gutxi batzuen kontua zen. Gainera, Txirri, Mirri eta Txiribiton agertu arte, gaztelaniazko pailazoenak ziren erreferentzia bakarrak. Gogoan dut, nerabea nintzenean, ikasturte amaierako jaialdietan, ileorde bat jantzi eta Fofitoren esketxak imitatzen nituela, Iñaki Odriozola Mokolorekin eta Joseba Usabiagarekin batera, eskolako haurrentzat.

Etxean, aitarengandik jaso zenuen pailazo izateko abilezia edo gogo hori?

Ezetz esango nuke. Lehengusuen artean, ni nintzen mutiko bakarra. Aitonaren biloba kuttuna nintzen eta berarekin joaten nintzen zirkura. Gero, Irurako gure baserrian pailazoarena egiten aritzen nintzen. Mezetatik bueltatzen ginenean, apaizarena egiten nuen.

[Gure Zirkua] «Umorea egiteko beste modu bat da, pailazogintzatik gertuago dagoena, eta polita, diziplina ugari uztartzen dituelako»

1995ean hasi zineten Poxpolo eta Mokolo Euskal Herriko haur eta gaztetxoen bizitzak alaitzen. Nola gogoratzen dituzu lehen entsegu eta emanaldi haiek?

Oso erraza izan zen, eta aldi berean, oso ederra. Ilusioz gainezka geunden orduan. Saltsa guztietan nenbilen; begiralea nintzen aisialdi taldean, eta tarteka, aitari laguntzen nion sagardotegian. Egunak 24 ordu bazituen, nik gehiago behar izaten nituen, baina indarra, energia eta gogoa nuen guztia egiteko. Zetorrena zetorrela ere, aurrera egiteko gai ikusten genuen geure burua. Bi aldiz pentsatu gabe jantzi nuen behin peluka berde hura, gerora, horrenbeste emanalditan lagundu nauena.

Beranduago, ondorengoa pentsatu genuen Mokolok, Usabiagak eta hirurok: «Gure herriko haurrei hau gustatzen bazaie, zergatik ez dugu inguruko herrietan probatzen?». Iragarkiak bidaltzen hasi, eta saio gehiago egitea lortu genuen. Konturatzerako, festetara joateko ere deitzen gintuzten.

Urte haietan, ikaragarri gozatuko zenuten, ziur. Baina, zerk bultzatzen zintuzten pailazo izatera?

Batzuetan, Josebari (Usabiaga) niretzat barregarriak diren bideoak erakusten dizkiodanean, aspertu egiten da. Nik gustuko dudanez, berak ere gustuko izango duela pentsatzen dut, baina beti ez da horrela; guztiok dugun gabezia bat da hori. Ekain Ibarguren Gure Zirkuko kideak eta biok, aldiz, antzeko zaletasunak ditugu. 25 urte besterik ez ditu, eta askotan ohartzen naiz ni bezain frikia dela. Duela mende laurden ere, pailazoak gustuko nituenean, mundu guztiak gustuko zituela pentsatzen nuen. Besteak beste, horregatik erabaki nuen urrats hori ematea.

2009an, bizitza erabat aldatuko zizun ezbeharra gertatu zen. Ordura arte zure adiskide izan zen Mokolok agur esan zizun. Neba bat bezain beste maite zenuen. Nola gogoratzen duzu gertakari hura?

Zer da lagun bat? Bada, zure bikoteari kontatzen dizkiozunak baino sekretu gehiago kontatzen dizkiozun pertsona bat, berarekin guzti-guztia partekatzen duzuna. Hori eta askoz gehiago zen Iñaki. Poxpolo eta Mokolo taldearen oinarria zen, sostengua. Bera hil ondoren konturatu nintzen zeinen garrantzitsua zen, ez bakarrik agertoki gainean. Berak egiten zuen ezkutuko lan guztia: azpiegiturak, kontaktuak, ordainketak, aseguruak... Lagun handi bat galtzeaz gain, taldekide handi bat galdu nuen.

Esan bezala, Iñakik eramaten zituen paper kontuak; nik ez dut inoiz horretarako balio izan. «Nik pailazoarena egin nahi dut, besterik ez», pentsatzen nuen askotan, baita orain ere. Ez nekien hori ere gure ofizioaren parte zela. Beraz, gidoiak idazteaz arduratzen nintzen, eta horregatik moldatzen ginen hain ondo.

«Pailazo izaten ikasteko zirku eskolak ez dira leku egokienak; haur batek jolastu egin behar du, nahi duen modura, baina jolastu»

Gainerako taldekideen babesa jaso zenuen behintzat, ezta?

Bai, eta baita publikoarena zein Euskal Herriko nahiz nazioarteko pailazoena ere. Aurrera egin beharra zegoen, eta hala egin genuen. Oholtzara ateratzen nintzen bakoitzean, ateratze hutsagatik, publikoak txaloz hartzen ninduela ohartzen nintzen. Lehen, Iñakik eta biok zatika banatzen genituen kantuak; bera hil ondoren, ordea, ez zen batere samurra izaten abesten hasi, ingurura begiratu eta ondoan ez zegoela ohartzea. Oso gogorra izaten zen, eta ikaragarri kostatu zitzaidan egoera horretara ohitzea.

Oraindik ere, antzoki ezberdinetara antzerki saioak egitera joaten naizenean, kamerinoetan nagoela, oroitzapenak etortzen zaizkit burura, horietan, Iñakirekin igaro ditudalako ordu gehienak. Ispilura begiratu eta ondoan bera ikusten nuen lehen; orain, ordea, ez da bertan egoten.

Kontuak kontu, etapa berri batekin jarraitu zenuten, 2016ko urtarrilaren 5era bitarte, Poxpolo eta konpainia izenarekin. Nolako urteak izan ziren?

Nik ez nuen zalantzarik aurrera egingo genuela. Poxpolo eta Mokolo ginenean ere, Poxpolo, Mokolo eta konpainia ginen. Kuadrilla indartsu bat genuen ondoan, taldearen euskarria zena. Azken urte haiek bereziak izan ziren, baina ez ziren gozatzekoak izan. Ordura arteko esketx berdinak egiten saiatzen ginen, baina berehala ohartzen ginen hutsune handi bat genuela. Bizi ahal izateko, ezinbestekoa izaten da lan egitea, baina are garrantzitsuagoa da lanean gustura aritzea. Gure kasuan, etapa berri bat hasi bagenuen ere, urte batzuetara konturatu ginen ez genuela aurreko urte guztietan bezain beste gozatzen, eta hobe genuela beste zerbait egitea.

«Badira sortzaileak; etxekoari exijitu egin behar zaio, eta ez pentsa, euskalduna delako barkatu behar zaionik»

Horrela, 2017an, Gure Zirkua abiatu zenuen, euskarazko lehen zirku ibiltaria. Aire freskoa, umorea eta euskara. Beti nahi izan duzu zirku batean parte hartu, baina nola jarri zenuen martxan proiektua?

Nerabezaroan, pailazoek liluratzen nindutenean eta haiek imitatzen aritzen nintzenean, ez nuen pentsatzen egunen batean horretatik bizitzeko aukera izango nuenik. Iñaki hil zenean, aurreko proiektuari eutsi nahi izan genion, baina ez zen posible izan. Poxpolo eta konpainia taldearen azken emanaldia egin genuen gau hartan, lasai eseri, eta karpak begiratzen hasi nintzen interneten. Emazteari galdetu nion ea zer iruditzen zitzaion bat erostea. Harriduraz begiratu ninduen, baina ez zidan ezezkorik esan, eta beraz, begiratzen jarraitu nuen. Ilusioz gainezka nengoen, autoak begiratzen ariko banintza bezala. Horrela hasi zen Gure Zirkua.

Akaso, euskaldun kulturzale askok, eskatu ez, baina gerora eskertu duten zerbait izan da.

«Beharrik ba al zegoen?», pentsatuko zuten kultur arloko eragile askok. Bestela ere egiten dira zirku emanaldiak hemen, eta Euskal Herrian izan dira zirku profesionalak. Guk egiten duguna gertuago dago pailazogintzatik; beste batzuek, berriz, akrobazietara jotzen dute. Umorea egiteko beste modu bat da. Inondik inora ere ez da lehen egiten genuen pailazo saio horietako bat. Horregatik da polita Gure Zirkua, pailazoez gain, diziplina ugari uztartzen dituelako: akrobaziak, magia, dantza, malabarrak...

Egunetik egunera, aldakorragoa da bizitza, eta Gure Zirkuan ere jakin duzue aktualitatera moldatzen: funtzio, esketx eta txiste berriak sortzen dituzue. Denbora libreaz gain, buruari eragin beharra eskatzen du horrek.

Bai, eta askotan, horretan bakarrik pentsatzea ere bai. Lan handia eskatzen du esketxak prestatzeak eta txiste berriak asmatzeak. Autoan goazenean, Ibon Mendibilek (musikariak), mila bider ohartarazi behar izaten nau. Emanaldi bat egiten ez baldin bada, sarri beste nonbait izaten dut burua. Guztioi gertatzen zaigu hori batzuetan, baina nire kasuan, etengabea da.

Bestetik, taldeari eusten saiatzen naiz, baina ulertzen dut ez dela batere erraza, ez niretzako, ezta beraientzako ere. Artistentzat nekagarria da astebururo proiektu honetan aritzea. Soldata duin bat atera ahal izateko, hiru egunetan bost emanaldi egitea eskatzen du. Eta ez hori bakarrik. Muntaia eta desmuntatzea ere kontutan izan beharra dago. Askotan, lekualdatzerik gabeko egunak izaten dira guretzako atsedenaldi onenak.

Azken bi urteetan, egoerak hala behartuta, irribarreak ikustetik, sentitzera igaro zaretela diozu saio bakoitzaren amaieran. Hala izaten da?

Bai, eta jada jakitun gara begiak pixka bat ixten dituztenek horregatik ixten dituztela; gauza bera sentitzen dugu txalo egiten dutenean. Hala ere, badira besoak gurutzatuta geratu eta begirada zorrotza gainetik kentzen ez digutenak. Guretzako zaila izaten da emanaldia eskaini bitartean horretan pentsatzea, eta esaten dugun bezala, oraindik ez gara ohitzen horretara. Antzerkian, akaso, desberdina da, laugarren horma hori hausten ez delako zirkuan kontaktua zuzenagoa da.

Eta hemendik aurrera, zer?

Bada, pandemiaren aurretik ekarri genuen karpa txikia libre geratu zaigu; hala ere, salmentarako ez da garai onena. Momentuz, karpa handiarekin mugituko gara batetik bestera. Txikian, berriz, ikastaro batzuk eskaintzeko asmoa dugu; Aste Santuan izan daiteke. Haur, gazte eta heldu asko hurbiltzen zaizkigu guk egiten duguna non ikasi dezaketen galdezka. Badira zirku eskolak, baina akaso, guk gurea sor genezake.

Bestetik, dekoratu berria pentsatzen hasi nahi dut, emanaldi berriak eskaintzen ditugun moduan, ikusleek ere irudi edo kolore berriekin topo egin dezaten. Sorpresa txikiak ematen jarraituko dugu.

Zirkuan bertan ere, Poxpolo izaten jarraitzen duzu. Ia 30 urte dira pailazo lanetan zabiltzala. Askok, ordea, pailazo izatea aspergarria dela diote.

Hasteko, pailazo batek entretenitu egin behar du. Horrez gain, sentimenduak transmititzen jakin behar du, eta horretarako, ahalmen berezia eduki behar du. Pailazo askok esaten dute beraiek pailazo garaikideak direla, ez dutelako barre eginaraztea bilatzen, baina nire ustez horrek ez du zentzurik. Horiek ez dira pailazoak. Pailazo baten saioa ikustera doan edonor, barre egiteko asmoz joaten da. Bestetik, pailazo izateko asko ikasi behar da, eta badira horretan laguntzen duten hainbat teknika.

Ez zait iruditzen pailazo izaten ikasteko zirku eskolak leku egokienak direnik. Haur batek jolastu egin behar du, nahi duen modura, baina jolastu. Adinean aurrera egin ahala, bizi-esperientzia handiagoa izateak, pailazo hobea izateko aukerak handitzen ditu, zer eta nola kontatu, modu desberdinetan egin dezakezulako. Lehen esan bezala, maiz egin izan ditut hanka sartzeak, baina horietatik ere lezio handiak jaso izan ditut, batez ere, beste pailazo batzuengandik.

Halaber, gure ofizioan ezinbestekoa da berezkotasuna. Oso garrantzitsua da inprobisatzen jakitea, eta aldi berean, zerbait bat-batean asmatutakoa izan dela ez antzematea. Pailazo izatea bizitzari aurre egiteko izaera bat ere bada. Ez da bateragarria pailazoa izan, eta gero, ofiziotik kanpo, desatsegin hutsa izatea. Horri lotuta, haurrak gustuko izan behar dituzu, eta behintzat, ona eta txintxoa izateko asmoa erakutsi behar duzu.

Bitxikeria modura, azken denboraldi honetako emanaldi batean gertatutakoa kontatuko dizut. Teknikarien ondoan eserita zeuden bi amonak bereganatu zuten nire begirada. Harmailetan haur ugari baziren ere, haiei begira aritu nintzen saio osoan, beraientzat bakarrik ariko banintza bezala. Malkotan ikusten nituen, barrez lehertzen, eta zoragarria izan zen. Horrelako uneek betetzen naute gehien.

Eta nolakoa da Poxpolo? Iker bezala, nahiko pailazoa?

Klown askok esaten dute euren pertsonaia erabat desberdina dela. Niretzat, ordea, oso zaila da hori. Poxpoloren azpian Iker Galartza dago, eta Iker Galartzak, batzuetan, ileorde berderik gabe ere, Poxpolorena egiten du. Bat bestearen baitan jaio zen, eta orain, elkarrekin bizi dira biak. Zein da aldea? Sudur gorriak filtro modura funtzionatzen duela; zenbait muga igarotzen laguntzen du askotan.

Pailazo izaten ikasteko, ingurura begiratzea garrantzitsua dela diozu. Euskal Herrian badugu horretarako aukera.

Bai, eta esango nuke bakoitzak bere esparruan bidea egiten jakin duela. Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek, adibidez, haur askoren eredu edo idolo izatea lortu dute, oso maitagarriak direlako. Ikaragarri ikasi dugu haiengandik, eta oraindik ere, ikasten jarraitzen dugu.

Zure kasuan, zer lortu duzu ia 30 urteko ibilbide honetan. Zer da pailazo modura jaso duzuna?

Denetik jaso dut. Lehen aipatutako amona horiek, esaterako, naizen bezala izateko arrazoiak eman zizkidaten. «Zein ederra den egiten ari garena, eta eskerrak hau egiten ari garen», pentsatu izan dut askotan. Pailazogintzak terapia modura funtzionatzen du nirekin; barre egin dut, eta negar malkoren bat ere isuri izan dut. Zoragarria da, barrenak askatzen laguntzen didalako.

Pailazo izateak gehiago betetzen bazaitu ere, telebistan edota antzerkian ere aritu izan zara. Horietan ere zerbait ikasiko zenuen pailazo modura ikasi ez duzuna, ezta?

Lan egiteko beste modu bat da. Profesionalagoa? Ez, baina bai desberdina. Lantalde handiagoekin lan egiten ikasten duzu. Urte mordoa egin ditut telebistan, agian, azken hilabeteetan lan karga txikiagoarekin, baina berdin gozatzen dut. Pazientzia handiagoa eskatzen du, grabaketen kasuan behintzat. Eta batez ere, lagun mordoa egin dut. Antzerkian ere bai. Akaso, antzerkia eta pailazogintza errazago uztartu izan ditut.

Ostiralean, gainera, 'Lehendakarigaia' antzezlana estreinatu zenuen Zuhaitz Gurrutxagarekin batera.

Bai. Oso pozik nago, agertokietara proiektu berri bat daramagulako. Historia polit bat kontatzen du; nire kasuan, gainera, lasaitu ordez, aktibatuta jarraitzeko aukera emango dit antzezlan honek.

Bestetik, Euskal Telebistak estreinatuko duen 'Irabazi arte' telesaileko protagonista izango zara.

Iaz, sentsazio kontrajarriak izan nituen telesail ezberdinetan. Etxekoak telesaila grabatzen asko disfrutatu nuen. Beti mugan telesailarekin, ordea, ez nuen nahi bezain beste gozatu; zerbait falta zuela iruditzen zitzaidan. Irabazi arte, berriz, ilusio handiz hartutako proiektua izan zen, eta gerora, sentsazioak ere oso onak izaten ari dira.

Futbolean jokatu nahi duen neska kuadrilla baten istorioa kontatzen du, bere eragozpen guztiekin; eragozpen errealak, noski. Tartean, entrenatzaile kaiku batekin egiten dute topo. Euren arteko harremanak jorratuko ditu telesailak. Kasu honetan ere lezio handi bat jaso dut. 16-18 urte bitarteko neskez osatutako kuadrilla batekin aritu naiz lanean, eta telesailean bezala, bizitzan ere dena jateko gosez, ikasteko eta lan egiteko prest daudela jabetu naiz. Gozatu egin dugu eta zoragarria izan da.

Asteburu berean, antzezlan bat entseatu, telebistarako grabaketak egin eta zirkuko saioak burutu izan dituzu. Erosoa al da horrela ibiltzea?

Behin Alkizan geundela, telebistako teknikari batek galdera berdina egin zidan, eta honakoa erantzun nion: «Ofizio honetan, gosez edo lo faltagatik hilko gara. Hil egingo garela jakinda, hobe lo faltagatik hiltzea, gosez hiltzea baino». Oso gogorra da telefonoak jotzeko itxaroten egotea. Hala ere, beste momentu batzuetan, batetik zein bestetik jasotzen dituzu deiak, eta denetara heldu nahi izaten duzu. Horrelako egoerak bizitzea egokitzen zaigu, eta tartean, asko dira benetan erreta amaitu izan duten aktoreak. Dena hartu nahi izaten dugu, baina maiz ohartu izan naiz dena hartu beharrik ere ez dagoela. Egiten ari zaren hori ahalik eta ondoen egiten saiatu behar duzu, izan ere, ezinezkoa da txapela batekin zortzi buru estaltzea, edota aulki batean zortzi ipurdi batera esertzea.

Leku guztietan, gainera, euskara eta gaztelania tartekatzea egokitu izan zaizu zuri. Zure iritziz zein da une honetan euskal kultur eskaintzaren panorama?

Nire ustez, aberatsa da. Herritar ugari kexu da ez dagoela eskaintzarik, baina ez da horrela. Badira sortzaileak, kalitate handikoak gainera, euren lanak mimo handiz prestatzen dituztenak. Deitu egin behar zaie, hori da kontua. Ezin gara kanpokoa hobea delakoaren pentsamenduarekin bizi. Etxekoari exijitu egin behar zaio, eta ez pentsa, euskalduna delako barkatu behar zaionik.

Ezagun baten kasua kontatu nahiko nuke. Gidoi bat idatzi du, gaztelaniaz. Oso ondo iruditzen zait, gorputzak hala sortzea eskatu diolako. Baina zertaz jabetu da orain? Euskaraz idatziz gero, diru laguntza jasoko duela. Beharbada, istorio horren kontakizuna hobea da gaztelaniaz, euskaraz baino. Argi dago orain euskaraz idatziz gero, laguntza hori jasotzeko izango dela. Hori iruzur egitea iruditzen zait. Guztiok egiten ditugu tranpak, baina inoiz ez dira gustukoak, eta horrelakoak, are gutxiago.

Eta zerbait behar izatekotan, zer falta du gure herriko kulturak? Kontsumitzaileen inplikazioa areagotzea? Erakundeen laguntzak handitzea?

Ez nuke jakingo esaten. Komedia ez izan arren, sortutako hori ona bada, kontsumitzaileek behar bezala erantzungo dute. Komediak jendea errazago erakartzen du, baina errespetatu egin behar da.

Iniziatiba falta handia dago gure herrian. Diru laguntzak jaso gabe ere, jarraitu dezagun kalitatezko lanak sortzen, kultura egiten. Zenbat zirriborro joan ote dira pikutara, sortzaileek proiektuak aurkeztu eta diru laguntzarik jaso ez dutelako. Buruan istorio bat duenak eta kontatzeko gogoa duenak, har dezala hori egiteko denbora, eta egin dezala. Nik jaso izan ditut diru laguntzak, baina horiek gabe jarri izan ditut martxan nire proiektu guztiak.

 

MOTZEAN

Pailazo bat? Fofo.

Zirku bat? Hemen aritu izan den italiarra.

Oholtza edo areto bat? Gabiriako elizako antzokia; dena horretara moldatu beharra dago.

Aktore bat? Clint Eastwood.

Telesail bat? Ez naiz telesail zalea. Ez ditut ikusten, engantxatuz gero, denbora horretan joango litzaidakeelako, baina bat aukeratzekotan, Cobra Kai aukeratuko nuke.

Sudur gorriak ala ileorde koloretsuak? Sudur gorriak, zalantzarik gabe. 

Euskal Herriko euria ala Andaluziako eguzkia? Bertako euria.

Pailazo izan ez bazina... Edozer litzake posible. Albaitaritza gustuko nuen, baina ez dut uste unibertsitate-ikasketak gainditzeko gai izango nintzakeenik, despistatu eta beste zerbaitekin entretenituko nintzakeelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!