Elkarretaratzeak Tuterako erailketa salatzeko

Ataria 2022ko urtarrilaren 12a

Gaur 19:00etan egingo dute protesta Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian eta bihar  19:00etan Tolosako Trianguloa plazan eta Anoetako herriko plazan. 

Astelehen goizean 38 urteko emakume baten gorpua aurkitu zuten foruzainek eta suhiltzaileek Tuteran. Gaur, Bordeletik gertu atxilotu dute hilda aurkitutako emakumearen senarra. Hark hil duela da hipotesi nagusia. Erailketa salatzeko elkarretaratzea deitu dute Aiztondon gaurko.  19:00etan bilduko dira Villabona eta Zizurkil arteko oinezko zubian. Tolosan bihar egingo dute, ordu berean Trianguloa plazan, baita Anoetan ere herriko plazan. 

2003tik Euskal Herrian eraildako 113. emakumea litzateke Sara Pina Ieregi, sortzez Cortesekoa, Tuteran bizi eta Castejonen irakasle zebilena. Aiztondoko Mugimendu Feministak, Akain talde feministak eta Lurgatzek erailketa salatzeko elkarretaratzean batzeko deia egin diete herritarrei. Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! leloa eramango du protestak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!