Ibilaldi osasungarriak eskainiko ditu Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak

Ataria 2022ko urtarrilaren 7a

Ostegunero bost kilometroko ibilbideak egitea proposatuko dute; erretzeari uzteko taldeak ere urtarrilean hasiko dira.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak oinezko ibilaldi osasungarrien programa berezia jarriko du abian eskualdean. Herritar guztiei zuzendutako jarduera da eta ostegunero egingo dute.

09:30ean abiatuko dira elkarteak Tolosan duen egoitzatik (Emeterio Arrese kalea, 2-1), eta herrian zehar bost kilometro inguruko ibilbidea egingo dute, ordu eta erdi inguruko iraupenarekin. Jarduera honen helburua pertsonen artean bizimodu osasungarriak sustatzea da, "minbizia bezalako gaixotasunak izateko arriskua murrizten lagun dezaten".

Doako ekimen honetan nahi duen herritar orok hartu dezake parte, "osasunerako hain onuragarria den jarduera horretan hasi nahi duten guztiek". "Halako ekintzek malgutasuna eta sasoi fisikoa hobetzen laguntzen dute eta, gainera, taldean ariketa fisikoa egitea askoz motibagarriagoa da", azaldu dute elkartetik.

Erretzeari uzteko terapia

Bestalde, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko prebentzio arloak antolatutako erretzeari uzteko taldeak ere urtarrilean hasiko dira. Tabakismoan aditua den psikologo batek emango du, eta adierazi dutenez, 8 asteko doako terapia honek %60ko arrakasta-tasa du.

Terapia online edo presentziala jasotzeko aukera dago. Arreta ahalik eta gehien pertsonalizatzeko, aldez aurretik elkarrizketa bat egingo dute erretzeari uzteko modurik onena baloratzeko. Pertsona bakoitzaren egoera eta arreta desberdinak direnez, elkarteak arreta zuzena eta pertsonalizatua eskaini nahi dio paziente bakoitzari. https://www.contraelcancer.es/es/tabakoari-agur webgunean terapia horren ordutegiak eta zehaztapenak kontsulta daitezke.

Jardueretarako plazak mugatuak direla esan dute. Erretzeari uzteko terapian izena emateko azken eguna urtarrilaren 13a izango da, eta horretarako, 943 45 77 22 telefono zenbakira deitu edo gipuzkoa@contraelcancer.es helbidera mezu bat bidali ahalko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!